Ula Iruretagoiena Busturia -@ulissima5
Arkitektoa

Eztanda egin du

Zin dagizuet lerro hauen prestaketan indarrez saiatu naizela birus ditxosoaren gertakariekin zerikusirik ez duen kontakizunen bat asmatzen. Alperrik. Abian jarritako zirriborro guztiak denbora eta espaziotik lekuz eta jokoz kanpokoak, antzuak eta hutsalak iruditu zaizkit, funtsa eta funtsezkoa zer den eztabaidagai den egunotan, zertarako idatzi ere –idazketa ekoizpen erroberaren automatismoan kokatzen badugu–, krisian jarriz. Lurraldearen antolaketa fisikoak gure bizimoduan duen eragina helarazteko helburuaz jesarri naiz eginkizun honen aurrean, bozgorailu-abagune hau aprobetxatuz arkitekturaren eta hirigintzaren politikaz ohartarazteko eta hausnartzeko. Egiteko horren zilegitasuna egun hauetan ere bermaturik egonik ere, hain da sakona eta intentsua gertatzen ari zaiguna, hainbeste gertakizun eta sentsazio pilatzen ari zaizkigu gainean, ez dakit zuek, baina nik denbora behar dudala “hau guztia” digeritzeko. Distantziarekin errelato propio bat erditzeko aukera izan dezakegula jakinik, gertaeren “zero-denboran” gaudenez, sentsazio eta intuizioekin aritzeari zentzua aurkitu diot.

Desegite bat. Baliteke bizi dugun egoerak orain arteko begiradak eta praktikak baliogabe uztea, usteak usteltzea, erroturiko baliabide teorikoak ezbaian jartzea, erlatibizatzea edota konplexuago egitea, eta, denaren gainetik, galdera eta zalantza ugari zabaltzea. Ez da gutxi. Oraindik forma zehatz bat ez duen zerbait sortzearen atarian egotea bezala da. Irudikaezina irudikatzen ari gara.

Ariketa bat. Ziurgabetasunean bizitzeko deserosotasuna ari gara sentitzen. Planak epe luzera egiteko ezintasuna. Ziurgabetasunak kontrol eta ziurtasunen esparruaren murrizketarekin harremanik badu, ariketa osasungarria da unean unekoari arreta jarri eta beste erabaki-sistematika bat praktikatzeko.

Proba bat. Agerian gelditu da, normaltasunaren eta normala ez den beste egoeren artean dagoen tartea errealitatearen parte ere badela. Aurreikusi gabeko egoeren onarpenak behartzen gaitu errealitatea pentsatzeko egiturak, arauak eta antolaketen zurruntasuna malgutzeko sistemak ezartzera. Auto-antolakuntza ereduetatik ikasiz. Horrek bat egiten du hegemonikoak diren eta homogeneizatzen duten antolaketa eta arauek definituriko normalitatetik kanpoko beste hainbeste errealitate barneratzeko aldarrikapenarekin.

Ikasketa bat. Begia entrenatu dugu metro bat eta erdiko distantzia neurtzera iritsi arte, grafikoak eta mapak egoera bat ikusarazi eta diagnostikatzeko gailu boteretsuak direla ohartu gara, eraikinen egokitze-gaitasun azkarraren erabilgarritasuna frogatu dugu, erosotasun mailaren inguruko hausnarketa existentzial sakonak burutu ditugu etorkizuneko etxebizitzaren beharrizanak birdefinitzeko erabilgarriak.

Aukera bat. Egun probetxugarriak izango ote dira hauek, mugikortasuna txikitzeko aukerez, kontsumorik gabeko poztasunaz, indibidualismoaren zentzugabekeriaz, gelditzeak dakarren osasunaz eta komunitaterik gabe bizi irauterik ez dagoela ohartarazteko. Akaso, esnatu egin gara normala ez zen errealitate batetik. •