06/06/2020

Nerea Goti
Nork zaindu du pandemian?

Covid-19ak eragindako pandemiak emakumeengan izan duen eraginari buruzko datuak gutxi dira, baina bistakoa da zaintzen zamari emakumeek eutsi diotela nagusiki. Gertatutakoa behar bezala ulertzeko «genero betaurrekoak» behar dira, baita, analisten esanetan, faktore sozioekonomikoak sakon aztertzea ere.

Covid-19ak ez du genero bereizketarik egiten, baina azken hilabeteotako osasun larrialdiak berriz demostratu du emakumeek eta gizonek ez dituztela gaixotasunaren ondorioak berdin bizitzen, gaitzaren aurrean ez dutela berdin jokatzen. Are, konfinamenduak itxialdia ekarri duenean, bakoitza bere etxean itxita geratu denean, gogorra izan da guztiontzat, bai, baina ez du guztiongan berdin eragin eta ez ditu ondorio berdinak utzi. Gertatu denari begira jartzean, elementu eta faktore asko daude aztertzeko, oraindik itxi ez diren hainbat hipotesi tartean, baina ez dago zalantzan azterketak genero ikuspegia behar duela eta determinatzaile sozioekonomikoak ere oso kontuan hartu behar direla. Horren erakusle, maiatzaren 28ko Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Egunean, pandemia bete-betean beraz, generoaren eta covid-19aren inguruko hausnarketa ugari planteatu ziren; begiradak emakumeen osasunean jarrita, mikroskopioekin ikusten ez diren gaitzak mahai gainean jarri ziren, desberdintasunek eragin eta pandemiak areagotu dituen arazo fisiko, sozial eta politikoak.

Gaiok eztabaidatzeko foroetako bat Emakundek antolatutako “Garbira pasatzeko oharrak” zikloa da, eta, maiatzaren 28an, pandemia eta emakumeak binomioaren inguruko sentsazioak, hausnarketak eta ekarpenak biltzeko mahai ingurua egin zen. Testuinguruaren argazki orokorra eginez, Emakundek berak gogoratu zuen zaintza hain garrantzitsua den garaiotan, emakumeak direla sistema hori nagusiki sostengatzen dutenak, bai lan munduan bai etxean, eta horietako askok lana utzi behar izan dutela etxekoak zaintzeko. Egoeren kasuistika askotarikoa eta zabala da eta, zalantzarik gabe, pandemiaren analisiak erpin ugari ditu.

Amaia Bacigalupe De la Hera EHUko ikertzailea da. Bere ustez, gertatu den guztia interpretatzeko bistakoa da genero ikuspegiaren beharra, aldagaietako bat izateaz gain, «ideologia eta kontzeptu-sistema bat» ere badelako gizonen eta emakumeen osasuna zergatik den ezberdina ulertzeko. Mahai inguruan nabarmendu zuenez, krisialdiko unerik latzenetan, ezinbestean, biziak salbatzean jarri ziren indarrak, fokua gorputzen materialtasunean jarriz, baina orain ikuspegi biologikoa gainditu eta gorpuen «ikuspegi politikoa» berreskuratu behar da, osasunean eragiten duten beste determinatzaile batzuk ere aztertzeko egoera eta bizipen guztiak ulertu ahal izateko.

OPIK Osasunaren eta Aldaketa Demografikoen Baldintzatzaile Sozialak Ikertzeko Taldeko kidea da Bacigalupe. Azaldu zuenez, ezberdintasun biologikoez gain, sistema heteropatriarkalak espazioak, espektatibak eta eskubideak ere banatu eta identitateak eraikitzen ditu. Ildo horretan, nabarmendu zuen osasun sistemetan generoarekin lotako joerak geratzen direla, esaterako, sintomatologia beraren aurrean sarri era ezberdinean jokatzea. «Beharrezkoa da perspektiba orokorra izatea, generoarekin lotuta dauden determinatzaileak zelan harremantzen diren kontuan hartzea pandemiaren eboluzioa aztertzeko».

Genero betaurrekoak

Maria del Mar Garcia Calventeren ustez, «genero betaurrekoak» jarri beharko lirateke errealitatea osotasunean ulertzeko. Osasun Publikoko Andaluziako Eskolako irakaslea da eta diagnostiko on bat egiteko, «sexuen araberako datu berezituak» eta «sexua eta generoa kontuan hartuko duen ikerketa» behar direla uste du.

Zalantzarik ez du Garcia Calventek pandemiak lehendik existitzen ziren desberdintasunak areagotu dituela, eta errealitate horren dimentsioa neurtu behar dela uste du. «Kulturak generoarekin zerikusia duten arau, estereotipo eta balioekin blaitzen gaitu eta horren aurrean genero ikuspegia izatea beharrezko da une honetan». Bide horretan, gaixotasunaren diagnostikoa egin eta zelako arreta eman den aztertzea komeni dela uste du.

Genero eta osasun arloetan aditua den Garcia Calventeren esanetan, datuen arabera gizon gehiago dago ospitaleetan, zainketa intentsiboetako unitateetan eta aireztapen mekanikoarekin, eta heriotza tasa altuagoa dute. Hori bai, beste gaixotasunekin ikusi da genero zantzuak daudela diagnostikatzeko orduan, eta, horren arabera, emakumeak eta gizonak zuzen diagnostikatzen ari diren zalantza du. Buruan du «emakumez populatuta» dauden zaharren egoitzetan gertatutakoa, eta zalantza du egoitzetan hildakoetatik zenbat hil diren koronabirusak jota baina diagnostiko zehatzik gabe.

Garcia Calventeren iritziz, zaintza rolaren azterketa ere egin behar da, emakumeak besteen eta norberaren zaintzarako prestatuago egonik, horrek eragina duelako gaixotasunaren aurreko erantzunean. Ezarritako neurriak ere baloratu beharko direla uste du, konfinamendua agindu, agindu zelako, baina zer suposatu du emakumeentzako? «Denak etxera, baina zein etxera? Nork zaintzen du etxe horretan? Nork ziurtatzen du gaixotasuna kontrolatzeko hain garrantzitsua den garbitasuna? Zer gertatu da eskolen eta zaintza zentroen itxierarekin? Nork artatu ditu gaixoak? Zer gertatu da isolatutako gaixoekin?».

Garcia Calventeren ustez, gertatutakoak erakutsi behar digu aurrerantzean genero ikuspegia kontuan hartu behar dela, zerbitzuak indartu behar direla eta pandemiaren kudeaketan eta ondorengo neurrietan emakumeek parte hartu behar dutela.

Kasu zehatzak

Kasu errealek gertatu denaren irudi askoz zehatzagoa ematen dute, eta Marga Saenz Herrero psikologoak Barakaldoko Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egin du lan pandemian zehar, lehen lerroan. Lankideak gaixotzen ikusi ditu. Mahai inguruan nabarmendu zuenez, emakume bat artatzen duenean ezin du ekidin atzean duen guztia ikustea. «Antolatutako kanpainako ospitalean, Covid-19ari aurre egitera bideratu zen dena: biziak salbatu behar ziren. Ondorioz, bigarren mailan geratu ziren bestelako errealitate batzuk, tartean gaixotasun mentalak».

Saenzek kontatu zuen koadro depresiboa zuen emakume bat artatu zuela; osasungintzako langilea zen eta Covid-19ak jota gaixotutako ama, aita eta osaba zaintzen ari zen. «Errudun sentitzen zen». Beste kasu bat ere kontatu zuen, bikotekidearen jipoi baten ondorioz abortua izan eta berriz haurdun zen emakume batena. Arrisku handiko haurdunaldiarekin heldu zen ospitalera; bada, barneko langile modura lan egiten zuen etxe batean baina kaleratu egin zuten, langabezia kobratzeko eskubiderik gabe, eta, etxera itzuli beharrean zen, erasotzailearekin.

Eta orain, zer?

Gertatutakoa aztertzearekin batera, ondorioek utzitako panorama ere deskribatu behar da. Adituek argi dute unerik latzenetan funtsezkoa izan den zaintza bigarren mailan geratu dela orain. Bacigalupe De la Heraren ustez, lan merkatua eta ekonomia lehen planoan daude, baina ez zaintzen inguruko politikak; «argi geratu da ez direla lehentasun politikoa».

Ikertzailearen iritziz, ezkutuago geratzen diren beste krisi batzuk azaleratu behar dira, kaltetuen artean kokatzen ez diren kolektiboenak, adibidez, indarkeria jasaten duten emakumeak, prostituzioan ari direnak...

Zaintzen arloari begiratzen badiogu, Maria del Mar Garcia Calventeren ustez «paradoxikoa» da pandemiaren erdian zaintzek hartu zuten zentralitatea eta uneotan galdu duten pisu eta ikusgarritasuna. Nabarmendu zuenez, zaintzak «berebiziko garrantzia» izan du osasun larrialdian zehar. Jakina da zaintzaile gehienak emakumeak direla, eta andaluziar adituak datuak jarri zituen mahai gainean: osasungintza sektorean %70 inguru dira munduan, eta %84ra heltzen dira zaharren egoitzetako langileen kasuan. Etxeko langileen artean, emakumeek erabateko presentzia dute, baina, salatu zuenez, «ez zaio begiratzen etxeetako zaintzen mundu ezkutu horri».

Horrez gain, jakin badakigu genero rolaren arabera emakumeek zituzten zaintza funtzioak zorroztu egin direla pandemian zehar, daturik ez dagoen arren. Carcia Calventeren esanetan, garbi dago konfinamenduarekin eman den «zaintzen birfamiliarizazioa». Gertatutakoa aztertzea garrantzitsua da, zaintza kutsatzeko arrisku faktore nabarmena delako. «Ez da zaintza gure gain hartzea bakarrik, emakumeok denbora luzeagoan egiten dugu; intentsitate gehiagorekin eta maiztasun handiagorekin asumitzen ditugu zaintza lanak». Gaineratu zuenez, pandemiaren eraginez beste gaixotasun asko bigarren mailan geratu da, eta, kasu batzuetan, gaixoek okerrera egin dute arreta faltagatik. «Nork artatu ditu osasun behar horiek osasun zerbitzuak larrialdiari aurre egiten zeuden bitartean? Seguruenik, etxeetan, emakumeek».

Telelana ere aipatu zuen andaluziarrak. «Geratzeko etorri bada, hausnartu egin beharko dugu zer baldintzatan den, nork hartzen duen bere gain... Bestela, zaintzaren eta etxeko lanen ardura emakumeengan eroriko da, eta horrek eraginak izango dituen osasunean eta genero berdintasunean».

Gaixoen amak

«Familiarizazio prozesua» aztertzean, Marga Saenz Herrerok konfinamenduak osasun mentalean izan duen inpaktua nabarmendu zuen. Eguneko zentro eta ospitaleen itxierarekin, arreta telefono bidezkoa izan da pandemian zehar. Noski, horrek ez du aurrez aurreko harremanen gertutasuna ematen, eta, osasun mentalen kasuan, emakumeek hartu behar izan dute gaixoon zaintzaren ardura, sarri beharrezko informazio guztia izan gabe. Trastorno larriak dituzten gizonen amen egoera aipatu zuen Saenz de Herrerok, konfinamenduan erakutsi duten erresistentzia goraipatuz. «Eskizofrenia edo nahasmendu bipolar larrien kasuan, beldurra izanik ere, egoerari ondo eutsi diote. Baina egoera luzatzean antsietatea areagotu egin da».

Saenz Herrerok aipatu zuenez, koronabirusaren olatu handiaren ostean, «zentroak itxita zeudenean egoera prekarioan gaixotasunari ahal bezala aurre egiten aritu diren asko ospitalera heltzen ari dira orain. Solairua zabaldu bezain pronto bete da, eta gaixoen %74 emakumeak dira. Tratamendua behar duten patologia larriak dira gehienak».

Saenz Herreroren ustez, beste konfinamendu eredu batzuk aztertu beharko lirateke, Suediakoa kasu, non esaterako ez diren eskolak itxi eta gurasoen beharretara egokitu diren zerbitzuak. «Zaintza bermatzen duen sistema bat eraikitzeko politikak» aldarrikatzen ditu. Izan ere, horrela egin ezean, «arlo hori familien esku geratzen da azkenean, hau da, emakumeen bizkar gainean kasurik gehienetan».