Maite Ubiria Beaumont

Ke eta su arteko egunak berriz ere bueltan Parisen

Pandemiari erantzuteko xedez iragarritako alarma egoerak behin-behineko estaldura eskaini zion Emmanuel Macron frantses presidenteari. Hiru hilabetez luzatu den egoera, ordea, bukatzear dela suma daiteke. Auzitegi zein legebiltzarrak kontu eske hasi dira osasun krisiaren gaineko kudeaketari buruz. Lehen urratsak baizik ez dira. Uztailaren 10ean ofizialki altxatuko da «osasun gerrari» aurre egiteko ezarritako salbuespen egoera, eta are gardenago azalduko da legitimitate krisia.

Deskonfinamendu soziala, edonola ere, abian da. Ameriketako Estatu Batuetan gertaturiko azkeneko hilketa arrazistaren oihartzuna iritsi da Hexagonora. Parisko erdigunera heldu da beraien azalaren koloreagatik bazterkeria pairatzen duten auzo popularretako herritarren ahotsa. Hilabete luzez hutsik ikusi ditugun etorbideak eta plazak jendearen amorruz eta justizia gosez bete dira beste behin ere.

George Floyden heriotzak eragin duen haserrealdiak muga guztiak gainditu ditu eta aspalditik lozorroan zegoen arrangurari bide eman dio Parisen, “Justizia Adamarentzat” izeneko kanpaina hauspotuz. Azkenengo hiru urteetan kanpainako kideek eginiko lana aintzat hartu gabe ezin da ulertu Poliziaren esku hil zen gazte paristarraren heriotzari buruz egia argitzeko ekimenak azken asteotan lortu duen ikusgarritasuna. Egun, frantziar telebista guztiak Assa Traore beraien zuzeneko emankizunetan parte hartzeko lehiatzen ari dira, baina Adamaren arrebak auditorio askoz apalago batean hartu zuen hitza, esaterako, 2017ko urrian. Adama hil eta urtebetera, Baionako gaztetxera etorri zen Assa, justizia lortzeko bere etxekoak eta anaiaren lagunak egiten ari ziren borrokaren berri emateko.

Polizia indarkeriaren itzala oso luzea izanik, Minnessotako oihuek berehala izan zuten oihartzuna Atlantikoaren beste aldean. Egiturazko arazo baten aurrean gaudela ez genuke ahaztu behar, afera ilun eta mingarriz beteriko lapikoa borbor hasi den honetan. Hori dela eta, Macronen Gobernuak modu konpultsiboan erabiltzen duen iragarpenen politikak ezin du emaitzarik eman.

Botereen arteko marra inoiz baino finagoa dela profitatuz, Traore familia boterearen korridoreetara hurbilarazten ahalegindu da Gobernua. Tiraderan ahaztuta zuen auziari irtenbide azkarra eman nahian, Justizia Ministerioan eman zioten hitzordua Assa Traore berari. Alta, komunikazio amuak kale egin zuen. Christophe Castaner Barne ministroak eginiko bigarren saioak ez du uzta hobeagorik ekarri. Arrazakeria segurtasun indarretatik desagerrarazteko iragarritako planak ezinegona areagotu du kasernetan. Jaka Horien matxinadaren garaian azkarki emendatu zen polizia bortizkeriaren orbanak berriro ere zipriztindu du plaza publikoa. Noiz eta heldu den ekainaren 28an egingo diren herriko bozen bigarren itzuliaren atarian, noiz eta «osasun gerraren osteko berrikuntzaren plana» abian jartzeko Emmanuel Macronek hautu zailak fite egin beharko dituenean.

Amaierarik ez duten iragarpenen politikaren agortze sintomak agerikoak dira. Komunikazio trikimailuek ez dute luzaro lortuko arazoak ezkutatzea. Macronek bere burua berrasmatzeko operazioari bide emanez Errepublikaren batasuna defendatzeko segurtasun manuala atera du. Giro soziala are gehiago usteltzeko formula zaharra. •