Juantxo EGAÑA

1964ko argazkiaren gordetzailea ez da ageri

Familiako argazki-albumak, askotan, gure historiaren zati txikiak idazteko eta protagonistei aurpegia jartzeko informazio iturri izaten dira. Familia funts horiek balio handia dute, erakunde askok horretaz ez konturatu arren. Artikuluaren argazkia familiako album batean dago. Adunan egina da, 1964ko martxoaren 30ean. Evaristo Urrestarazu eta Teresa Ramos ezkondu ziren. Irudian senargaiaren lagun-taldea ageri da. Ezkerretik eskuinera: Ibon Navascues, abokatua, 1970eko Burgosko prozesuan Xabier Larenaren defendatzaile eta 1980ko hamarkadan EAJko parlamentari Gasteizen. Luis Pedro Peña Santiago, mendizalea eta idazle emankorra, besteak beste Aranzadi Zientzi Elkarteko eta Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko kide izan zen, hala nola ETBn mendiari eta naturari buruzko programa batzuetako gidoilari. Jose Antonio Ayestaran Lekuonak medikuntza ikasi zuen Zaragozan; EGIko eta EKINeko kide eta ELA sindikatuko militante historikoa, 1977an ESBko zerrendetan aurkeztu zen eta 1979an ESEIrekin Gipuzkoako Batzar Nagusietara Euskadiko Ezkerrarekin koalizioan; hautatu egin zuten. Xabier Urkolak ere medikuntza ikasi zuen Zaragozan eta 1955ean hango euskal ikasleen elkartearen bultzatzaileetako bat izan zen, baita EGIko militantea ere; Luis Martin Santosen ikasle eta Neurologian espezializatua, 1975etik 2000ra Gipuzkoako Ospitale Probintzialeko Neurologia Ataleko burua izan zen. Evaristo Urrestarazu, senargaia, Donostiako Casa Nicolasa jatetxearen sasoiko jabeen semea, 1961ean atxilotu, torturatu eta kartzelara sartu zuten, Donostiara soldadu ohiak zeramatzan trenaren aurka ETAk egindako ekintzengatik eta Espainiako bi bandera erretzeagatik. Paco Arenzana, kordeleria eta kortxoa saltzen zituen Donostiako familia batekoa. Josean Albisu, donostiar mediku pediatra ezaguna, matxinada militarragatik atxilotu eta epaitu zuten 1962an eta hiru urte eman zituen kartzelan; gaur egun, Igeldoko Arrano Etxea basoko fauna berreskuratzeko zentroa zuzentzen du. Azkena Oscar Unanue halaber medikua da. Irudian 50 urtez baino gehiagoz argazki honen gordetzaile izan dena falta da, Eneko Irigarai, momentu hartan Ipar Euskal Herrian bizi zena.