Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Futurologia

Etorkizunaren gose gara. Pandemiak denboraren lerroa eztandarazi du nonbait, zeozer puskatu du, eta etortzeko dagoenak ez du iraganekoarekin antzekotasunik izango. Edo bai, baina ez gaude ziur. Datorren anormalitateak nolako forma izango duen, jakin-min handia sortzen duen galdera da egunotan. Ez omen da broma ziurtasun faltak gure psikean eragin dezakeena, eta psike askok gabezia horrekin okerrago funtzionatzen dute. Antsietatea sortzen du. Zeren eta distopia bat kolektiboki bizi izanak denboraren pertzepzioan eragina izan du, ez gara fio etor litekeenarekin. Eta ezjakintasunaren atea behin zabalduz gero, etorkizun posibleak asko dira. Irudikagarriak eta irudikaezinak. Milioika daude, zenbatu ezinak. Zer etorriko den ez jakiteak ezintasuna sortzen du, antza, ekonomian. Hori diote ekonomialariek, birusa bezain kaltegarria dela ziurgabetasuna gure bizitzak eraikitzeko garaian. Hitz potolo hori, “ziurgabetasuna”, jada etsai bilakatu duguna. Egon. Edo nahasten ari al gara etorkizuna eta espektatiba? Izan ere, espekulazioak (ekonomiaren esplotazio bideak) asko du bigarrenetik.

Gerrateetan, arerioaren mugimenduari aurre hartzea funtsezkoa da partida irabazteko. Etorkizuna nolakoa izango den asmatzen duena izango da garailea, eta, horregatik, jakintzaren helburuetako bat horretara enfokatuta dago: futurologia egitera. Bihar datorrenaren ezagutza, aukera-marko gisa irudika dezakegu, edo gerturapen probabilistiko gisa. Etorkizuna inguratu besterik ezin dugu egin, ziurgabetasun printzipioak dioskun bezala. Etorkizuna asmatzen, ezjakintasunaren marra zeharkatzen ari garela badakigu. Etor daitekeenaren irudikapen ariketan, beldur eta desioen karga nahasirik aurkitzea ez da zaila izango, orainetik guztiz askatzea zaila den bezala. Etorkizunak orainetik arnasten duelako, dakigunarekin etorkizunaren posibilitateez hitz egitea, orainaren fikzionatze bat besterik ez da. Ezin ukatu potentzialitate handiko ariketak direla fabulatze horiek oraina aldatzeko, baina baita orainetik egin daitekeena indargabetzeko ere –iragarpen apokaliptikoen kasuan–.

Futurologiaz asko dakigu arkitekto zein hirigileok. Bertakoen bizimodua eta bizi baldintzak aurrez irudikatzen ditugu bizitzok eutsiko dituzten espazioei forma emateko. Horregatik eraikin edo hiri zati baten arrakasta, denborak –etorkizunak– zehazten du. Aurreikuspenetan oinarrituriko gaurko arkitekturak, ikasi beharko du datorkigun etorkizuna ez dela irudikagarria, edo aukera hori ere aintzat hartu beharko du, bizitzak sostengatzeko baliogarri izaten jarraitzeko bederen. Etorkizunarekiko kontrol eremua ahuldu beharko du. Izan ere, ziurtzat jo dezakegun gauza bakarra da futurologiatik at gelditzen diren egoera askori aurre egiteko prestatu beharko garela, lehenik eta behin, klima aldaketa. Hiria eta eraikinak aukera-marko bezala pentsatzen ikasi beharko bagenu, agian posible litzateke erabiltzeko aukera ezberdinak ematen dituzten kaleak, eraldagarriak diren eraikin publikoak, moldakorrak diren etxeak sortzea. Orainak eta etorkizunak eskua eman diezaioten elkarri. •