Gorka Elejabarrieta

Elkarrekin

Oso zaila da norbere burua, norbere ekintza eta prozesua behar bezala baloratzea momentuan. Perspektiba behar da eta, askotan, gehienetan, momentuak berak, egunerokoak eta barruko detaileen ezagutza mailak ez dute gertatzen ari den edo egin den hori behar bezala aztertzen uzten. Distantzia eta denbora gomendatzen dituzte, baina noiz dauzka beharrezko distantzia eta tartea egunerokoan murgilduta dagoenak? Luxua da hori. Eta non zauden eta egiten duzun hori behar bezala aztertu eta ezagutu gabe oso zaila edo ezinezkoa izaten da norabide orokorra eta pauso bakoitza egoki asmatzea.

Helburu horretan, kanpotik nola ikusten zaituzten jakitea ere garrantzitsua da eta asko lagundu zaitzake nola zauden ohartzeko. Kanpoko horrek ez die zure egunerokoei jarraitzen, zure izaera, egoera eta egindakoen ikuspegi orokor eta noizean behineko bat baino ez dauka. Baina detaileen ezagutza falta horrek ikuspegi orokorra, aldaketak hobeto detektatzen laguntzen dio askotan.

Behin baino gehiagotan idatzi dut oso diferentea dela kanpoko nazio askapen mugimenduek gure konponbide prozesuari buruz daukaten iritzia eta guk geuk izan dezakeguna. Gureak bide berri bat, aukera berriak ireki dizkie munduan gurearen moduko borroketan murgilduta daudenei eta agian guk ez dugu geurea horrela ikusi eta ikusten.

Aurreko astean Alemaniako egunkari nagusietako batek, “Süddeutsche Zeitung” delakoak, iritzi interesgarria plazaratu zuen bere editorialean espainiar Estatuan gertatzen ari direnen inguruan. Haien ustez, «euskaldunek eta katalanek ez dute nahi behin eta berriro ustelkeria kasuetan murgilduta agertzen den Gaztelako errege klanak gobernatzea». Eta badu mamia bai esaldiak bai ideiak. Lehenik eta behin, euskaldun eta katalanak elkartu egiten gaituelako interes berdinaren inguruan eta parean edo aurrean, hobe esanda; izan ere, espainiar Estatua beste interes ezberdin batzuekin lotzen du. Alemaniako egunkariaren ustez, Espainiarren jarduera ustel errepikakorra da katalanak eta euskaldunak nekatu eta jarrera horretara bideratu dituena. Eta ez dirudi haien ustez gure interes eta helburu ezberdin hori txorakeria bat denik.

Ez dakit “Süddeutsche Zeitung” egunkariak Llotja de Mar-eko deklarazioa ezagutu eta irakurri duen, baina haren helburu nagusia zera da: partekatzen dugun interes berdintsu hori, norbere errepublika askea eraikitzea, elkarrekin egitea edo, hobe esanda, bide horretan elkar laguntzea parean daukagun estatua berbera delako eta estatu horrek, bereziki, ez duelako zuzen eta legez jokatzen. Eta hori izan daiteke gakoetako bat etorkizunean, elkarrekin jardutea, elkarrekin indar eta aukera gehiago dauzkagulako. Zertarako? Ikusiko da, ez dago etorkizuneko hautuak gaur erabakitzeko inongo beharrik, ez dago norbere aukerak murriztean inolako abantaila taktikorik, ez eta estrategikorik ere. Noizbait bidegurutze horretara iristen bagara, ikusiko dugu autodeterminazio eskubidea negozia daitekeen edo saltoa egin beharra dagoen. Edo biak batera landu behar diren. Hori gaur erabakitzea politika fikzioa da.

Azken urteetan Europan hainbat gauza aldatu dira. Estaturik gabeko herrietan alderdi independentistek daukaten babesa asko, izugarri handitu da aldi berean: Sinn Fein, SNP, N-VA (Flandria), Fermu Corsica eta Corsica Libera, Errepublikar Alderdia (Faroeak) eta abar. Eta, aldi berean, gurearen gisako gatazkak erreferendum adostuen bidez konpontzen hasiak dira, gero eta gehiago. Gure borrokan herritarren gehiengoaren babesa eta nazioarteko aitortza beharko ditugu, gutxienez. Europak eta munduak nola ikusten gaituzten, guri buruz zer uste duten, funtsezko auziak dira bide horretan, eta Europan gertatzen ari direnek gehi espainiar Estatuan gertatzen ari direnek ere ikuspegi hori gure alde mugiaraz dezakete. Bultza dezagun, jarrai dezagun gainerako estaturik gabeko herriekin bidea lantzen eta jarrai dezagun, halaber, nazioarteko iritzia gure alde mugitzen saiatzen. •