Xabier Mikel Errekondo

Medikuak eta medikuak

Geure gurasoek izenari “don” kategoria ipintzen zioten aurretik, apaizei adina errespetu azalduz.

Garaiak aldatu dira, zorionez, baina nago covid-19ak zamatu digun albo kaltea dela medikuei gorazarre orokor eta merkea egitea, birusaren aurkako borrokak lehen lerroan ipini dituelako. Apar gehiegi, behar dutena baliabideak eta laguntza dira, lehen lubakian ibili diren beste milaka herritarrek bezala.

Baina goazen harira, kontua betikoa da, langile guztiok ditugula betebeharrak baina medikuen egoera muturrekoa dela gure osasuna haien esku geratzen delako. Ospitaletan eta klinikatan dezente ibilia naiz, artatua izateko eta nire kideei laguntzeko, noski. Eta ezagutu ditut medikuak eta medikuak. Onak batzuk, txarrak asko.

Bikotea, alaba, semea eta lauron artean hogei bat ebakuntza ditugu eginak, tartean hernia diskal bi, aurreko lotailu gurutzatuak bost, besoko Laudrup bat, meniskoak eta kartilagoak askotan, ZIU Zainketa Intentsiboko Unitatean egonaldi bi eta abar. Hainbeste urte eta esperientziaren ondotik atrebituko nintzateke esatera asmatuko nukeela ona ala txarra den bere jarreragatik eta hitz egiteko moduagatik soilik. Entzuteko prest ez dagoen medikuarekin ez fidatu, eta arinkeriaz edo harrokeriaz aritzen denarekin argi! Gehiegitxo dago halakorik, bai.

Denok ezagutuko genituen kasu larriak, baina Olatz Vazquezena benetan izugarria da osasun sistemaren profesionaltasunik eza nabaria delako, katean egindako axolagabekeria hutsak ez badira! Egunotan sare sozialetan eman du bere kasuaren berri kazetariak (https://cutt.ly/mfbLk32).

Ez utzi zure osasuna edozein medikuren esku, eskatu erreferentziak eta saiatu bilatzen ahalik eta hobekien egokitzen zaizuna. Bakarra da-eta zure osasuna. Bakarra bizitza. Bizi bizitza kalitatez. •