Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Guztiok gorroto dugu Thatcher, baina ez da nahikoa

Aurreko kurtsoan «Pride» (Matthew Warchus, 2014) filma jarri nuen gelan. Behin eta berriro ikusia dudan arren, begiek diz-diz egiten didate oraindik zintaren pasarte batzuetan. Margaret Thatcherrek bakarrik lor zezakeen Londresko aktibista homosexualen eta Galesko meatzari komunitateen arteko elkartasun sarea eratzea. Lehen ministroari horiek guztiek zioten gorrotoa elkartasunaren oinarrietako bat izan zen. Guztiei eragiten zien gobernu hark zuen ikuspegi erabat klasistak eta kontserbadoreak. Irlandar-amerikar batzuek ere kanta bat eskaini zioten, «the eyes of the IRA, they are upon you, oh Maggie Thatcher dear...». Baita Baldin Bada euskal taldeak ere: «Tatxer andrea, xxxxkumea».

Thatcher azken finean fanatikoa zen. Egia esan, hari buruzko biopic-a ikusi nuenean, Meryl Streepek ederki antzeztutako “The Iron Lady” (Phyllida Lloyd, 2011), nolabaiteko errespetua ere hartu nion. Hori konbentzimendua zuena bere ideiekiko. Esango nuke jendea benetan amorrarazten zuena Thatcherrek zuen konbentzimendu hura zela. Izan ere, ez zion inolako errespeturik adierazten bere ideologiatik kanpo zegoen edozeri eta edonori. Protesta egiten zuten guztiak erabat oker omen zeuden, historiaren kontra ari ziren. Paradoxikoki, soluzio bakarra kontserbadorea omen zen, zegoen sistema zen aukera bakarra, eta gainera, sindikalistek hamarkada luzeetan sistema horri jarritako oztopoak kentzea zen lehentasuna. Historia XIX. mendearen bigarren zatiko eredu kapitalistan hasi eta bukatzen zen.

Baina Thatcherrek ez zituen bere jarraitzaileak bakarrik txunditzen, ezkerreko alderdiak eta orotariko aktibista disidenteak ere erabat txundituta geratu ziren. Thatcherren pertsonaiak sortzen zuen gorroto-lilurak ekidin zuen beste gizarte proiektu bat azaleratzea. Laborismoak egin ahal izan zuen bakarra hirugarren bidearen erretorika antzu hura izan zen. Eta ikuspegi eraldatzaileak erabat minoritario bihurtu ziren denbora luzez.

Esango nuke azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzarekin eta EAJrekin antzeko zerbait gertatzen ari zaigula. Liluratuta gauzka beraien konbentzimendu kontserbadoreak eta neoliberalak. Langileekiko eta oro har herritarrekiko agertzen duten erdeinuak eta klasismoak. Komunikabide gehienek Urkullu bezalako pertsonaia gris eta siniestro baten inguruan sortu duten aura jainkotiarra sinestezina egiten zaigu. Harrigarria egiten zaigu eskoletan dena ahalik eta ondoen antolatzea besterik nahi ez dugun langileoi arduragabe deitzea eta erantzutea nahi dugun bakarra hezkuntza komunitatean tentsioa sortzea dela.

Itsututa geratzeko arrisku handia dugu. EAJren eguzkiaren atzean, egon badago askoz gehiago eta ezin dugu erori Eusko Jaurlaritzaren gu ala arduragabekeria dikotomian. Nahiz eta zoragarria den, estetikoki, urte gutxi barru Arantza Tapia gure Thatcher euskaldun propioa bihurtzeko aukera. Nire barnean zerbaitek esaten dit ikusi nahi dudala euskal enpresarien bozeramaile fanatiko bat Eusko Jaurlaritzaren buru. Ni ere liluratzen hasita nago eta, hain zuzen ere, hori da ekidin behar duguna. Ramon Solak egunkari honetan uztailaren 20an argitaratutako hausnarketa oso interesgarria izan zen: gogoratzen garaiezina zirudien Barcinarekin? Zein ezberdina den Nafarroako giroa urte gutxiren ostean? Oso zaila izango da baina Barcina eta Maroto botatzea lortu bagenuen, ziur asmatuko dugula oraingoan ere. •