Juantxo EGAÑA

IPARRAGIRRE, MANUEL TORCIDAREN «DE VASCONIA» OBRAN

Manuel Torcida (1864-1928) Santanderren jaiotako argazkilaria Bilbon bizi izan zen 1888tik. Ikasketaz kimikaria eta farmazialaria zen, eta pintura eta berniz fabrika batean izan zuen lehen lana Bizkaiko hiriburuan. Argazkigintzarako zaletasuna Lumiere anaiekin izandako harremanetik eta haiek Lyonen zeukaten produktu fotografikoen fabrikara egindako joan-etorrietatik sortu zitzaion. Hasieran, Posta kaleko 1. zenbakian finkatu zen argazkilari gisa, eta 1901ean Garcia Razquinekin elkartu eta Foto Lux sortu zuen, Bilboko Kale Nagusiko 8. zenbakian. Harreman komertzial horrek denbora gutxi iraun zuen, eta Manuel Torcidak bere bideari jarraitu zion argazkilari gisa. “La Tarde” arratsaldeko egunkarian eta “Novedades” aldizkarian argitaratu zituen bere lanak. Zenbait margolarirekin adiskidetasun harremana izan zuen, hala nola Jose Arruerekin, eta haren obraren zenbait postal argitaratu zituen. 1912 eta 1914 artean, Torcidak, Lux-Bilbao marka komertzialaren pean, “euskal portfolio” bat argitaratu zuen, “De Vasconia” izenekoa. Guztira, 11 koaderno ziren, laminatan itsatsitako argazkiz eta testu deskribatzailez osatuak. Argazkietarako gai hauek aukeratu zituen: Oñatiko Unibertsitatea, euskal baserria, Bermeoko Ertzilla dorrea, Butroeko gaztelua, Traña-Jauregi oinetxea, “Cristianas”, Mundaka, Galdakaoko Santa Maria, “Otoñal”, Balmasedako zubia eta Jose Maria Iparragirreren (1820-1881) erretratua. Nahiz eta bera ez zen izan Iparragirreren irudiaren egilea, erabili egin zuen. Hondoa aldatu, pintatu, ukituak eman eta karakterizatu egin zuen erretratua, zenbait elementu erantsiz, hala nola «Gernikako arbola» eta musika konpas batzuk. 1913an argitaratutako koaderno honetan, Karmelo Etxegaraik (1865-1925) urretxuar bardoaren bizitzaren azalpen bat idatzi zuen.