Amagoia Mujika Telleria
Entrevue
MAITE BARREÑA OCEJA ETA AIORA EPELDE AGIRRE
LAB, SORTU ETA ERNAI-ren Barne Protokoloaren lantaldeko kideak

«Komunitate mailako ariketa bat proposatu dugu, erreparatzailea eta koherentea izan nahi duen protokoloa»

Maite Barreña Oceja LABeko Idazkaritza Feministako kidea da eta Aiora Epelde Agirre Sortuko Plan Feministaren arduraduna. LABek, Sortuk eta Ernaik duela hilabete batzuk aurkeztu zuten Indarkeria matxistaren kasuen kudeaketarako barne protokoloa. Eraso zehatzei erantzuna ematetik harago, indarkeria matxistaren sustraiak eusten dituen lurra iraultzeko proposamena da.

Protokolo berritua aurkeztu zenuten uztailean.

[Aiora Epelde] Ezker Abertzaleak indarkeria sexistari aurre egiteko protokoloa duela hogei urte sortu zuen eta ordutik ari gara gaia lantzen. Gurean ere kasuak gertatzen ari zirela identifikatu genuelako eta horren aurrean tresna kolektibo bat behar genuela ulertu genuelako sortu zen. Orduko protokoloa eta oraingoa ez dira parekoak. Indarkeria sexistari begiratzetik indarkeria matxistari begiratzera pasa da eta tratatzeko modua, ikuskera eta ulerkera aldatu dira. Paradigma aldaketa bati buruz ari gara. Eta hori ez da kasualitatea. Hogei urteko ibilbidean mugimendu feministak ibilbidea egin du justizia feminista erreparatzailearen bidetik eta horrek gu ere busti gaitu. Ezagutza horrek eraman gaitu indarkeria matxistari beste begirada batetik begiratzera eta indarkeria matxistari beste ertz batzuetatik heltzera.

Hausnarketa zabal bat hautematen da.

[Aiora Epelde] Tresna hau sortzeko prozesua urte eta erdi ingurukoa izan da eta prozesu horretan parte hartu dute –ezker abertzaleko emakumeak izateaz harago– hainbat adituk eta arituk. Hartu-emana iraunkorra izan da eta elkarlana bizia. Elkarrekin eta modu kolektiboan osatu dugun tresna bat izan da.

Mugimendu politiko gisa protokolo bat egin dugu eta protokoloa kasu bat gertatzen denean aktibatzen da. Baina, aldi berean, plan feminista integral baten barnean kokatzen da eta sortu dugun tresna hori geure buruak eraldatzeko, trebatzeko eta hezteko erabili nahiko genuke. Ez da soilik kasu zehatzen aurrean erabili nahi dugun tresna bat, baizik eta gure filosofian, egunerokotasunean eta egiteko moduetan eragin zuzena izan beharko lukeen protokolo baten aurrean gaude.

Berez, zein da protokolo baten helburua?

[Maite Barreña] Protokolo zeri deitzen diogun horren arabera. Orain arte protokolo esaten genion kontu zehatz bati erantzuteko koordinazio tresna bati. Guk honekin bestelako ariketa bat egin nahi izan dugu; ez da bakarrik egoera konkretu bati erantzuteko tresna bat. Hori ere bada, baina hori baino gehiago da. Urteotan egin dugun ibilbideari begira ikasi dugu zer-nolako esku hartzeak egin izan diren, nondik, zein akats gertatu diren, zergatik genituen tresnak batzuetan baliagarriak ziren eta beste batzuetan ez... Batzuetan protokoloek indarkeriaren adierazpen bortitz batzuei erantzuten diete, baina ez diete erreparatzen indarkeria matxista horren baitan dauden beste adierazpen txikiagoei. Eta horiek dira indarkeria bortitzagoak sostengatzen, eusten, dituztenak. Indarkeria adierazpen txikiago horiek existitzen direlako gertatzen dira kasu bortitzagoak.

Azterketa orokor bat egin nahi izan dugu: zeintzuk dira gure komunitatean gertatzen diren erasoak? Eraso horiek gertatzen direnean, horiei bakarrik erreparatu behar diegu edo klima orokorra aztertu behar dugu? Ariketa oso zorrotza eta integrala egin dugu. Jendarte patriarkal batean bizi gara eta gu ez gaude horretatik aparte. Hortik abiatuta, protokoloan indarkeria matxistari orokortasunean eusteko proposamena egin dugu.

Komunitate mailako ariketa bat proposatu dugu, indarkeria kasu bat gertatzen denean, bestelako gorputz batekin eta koherentzia batekin aurre egiteko modua izateko. Arazo indibidual bat izatetik arazo kolektibo bat izatera pasatzen da eta horren aurrean bakoitzak erantzukizun desberdina dauka. Egin duenak erantzukizun bat dauka, baina gainontzekoek, kolektiboaren parte garen neurrian, ez diogu bizkarra emango egoera horri. Aurrez aurre begiratu eta nola esku hartu erabakiko dugu. Erreparatzailea eta koherentea izan nahi duen protokoloa da.

Mugimendu osoari eragiten dion ariketa da, beraz.

[Aiora Epelde] Sortu dugun tresna horrek eskatzen du mugimendu politikoa filosofia eta koherentzia horiekin bustitzea. Horretarako ariketa kolektiboa, trebakuntza eta gure buruen azterketa beharrezkoak dira. Indarkeria matxista sistemikoa dela onartuta, askotan erraza egiten zaigu indarkeria hori kanpoan identifikatzea. Baina, protokolo berrituarekin, pauso bat eman eta geure baitan ematen den indarkeria identifikatzera goaz. Horretarako kontzientziazioa eta trebakuntza beharrezkoak dira eta horretan ari gara. Badakigu denbora beharko dugula; baina borondatea, determinazioa eta bide bat egiteko beharra ere badaude.

Protokoloaren barnean kolektibitateak sekulako garrantzia hartzen du ardura geure egin dugulako. Hori da protokolo honen oinarria; pertsona bati gertatzen zaiona ez da bere ardura bakarrik, guztion ardura baizik. Horren erreparazioa eta eraldaketa guztioi dagokigu.

Ardura kolektiboaren ideiak pisua hartzen du.

[Maite Barreña] Askotan erakundeetako ordezkariek edo berdintasun arloan ardurak dituztenek indarkeria matxista «jendartearen gaitza» dela esaten dute, berez eta ez dakit non sortua eta zirimiria bezala gainera erortzen zaiguna balitz bezala. Diagnosi hori okerra da, gezurtia eta gainera erantzukizuna banakoen gainean jartzen du. Indarkeria matxista ez da gaitz bat, sistema honen ondorioa baizik. Eta horrekin amaituko dugu diagnostiko zuzen bat egin eta sistema hori guztia eraldatzen baldin badugu. Indarkeria matxista kapitalismoarekin, indibidualismoarekin eta patriarkatuarekin lotuta dago. Gure jendartea kapitalista, indibiduala eta patriarkala den heinean, indarkeria matxista egongo da. Eta ez da gaitz bat izango, sistemaren parte bat baizik. Begiratu diezaiogun indarkeria matxistari aurrez aurre, hausnartu dezagun zerk eta nola sortzen duen indarkeria hori, har ditzagun erantzukizunak eta sor ditzagun irtenbide errealak.

Guk badakigu ez dugula hori desagerraraziko ez etzi eta ez etzidamu, baina horretarako bideak jarriko ditugu, berriak asmatuko ditugu eta irtenbide erantzunkideak proposatuko ditugu. Ez dezagun bizi indarkeria matxista jasan behar dugun zama bat bezala, baizik eta topatu ditzagun irtenbideak aurrez aurre begiratu eta hori desagerrarazteko. Hori da protokoloan egiten dugun proposamena.

Protokoloak proposatzen duen ertz horretatik, zer egin indarkeria matxistaren kasu baten aurrean?

[Maite Barreña] Normalean bi posiziok talka egiten dute. Batetik, posizio zigortzailea. Badirudi zenbat eta zigor handiagoa izan jendartea lasaiago geratzen dela eta arazoa konpondu egiten dela. Guk gehiago sinesten dugu prozesu erreparatzaileetan. Feminista asko eta asko ari gara justizia feministaren inguruan hausnartzen, arakatzen eta irtenbideak proposatzen. Errepresioaren kultura bortitza daukagu guk eta garbi daukagu kartzelak ez duela ezer konpontzen. Era berean, zigor arinagoek ere ez dute balio. Bestelako irtenbide batzuk proposatu behar ditugu: deseraikitzea. Eraikitako gizontasun mota hori deseraiki egin behar da. Hori da gure apustua.

Dena dela, sortu duten minak ondorioak dauzka eta horiek erreparatzeko bideak topatu behar dira. Bide horiek anitzak izan daitezke; indibidualak, kolektiboak, erasoa jasan duen emakumeak egokitzat jotzen dituenak... Ez dago bide bakarra.

Erasoa gertatu eta prozesu bat abiatzen da. Lehen pausoa emakume horren hitza edota sentsazioak sinestea da. Horiek jaso eta erreparazioaren bidean lagundu behar zaio. Eta horretarako beharrezkoak diren baliabide erreparatzaileak eta hezigarriak erabili beharko dira. Kasu batzuetan babes neurriak edo kautelazkoak ere hartu beharko dira. Horrek ez du esan nahi denok lagunak izan behar dugunik, gertatu denari garrantzia kendu behar diogunik... Komunitate bat gara eta bertan jarraitzeko norbere erantzukizunetik abiatu behar dugu egoera hobeago batera heltzeko.

Hala ere, garbi utzi behar dugu protokoloa gure komunitatean eskaintzen den aukera bat dela. Horrek ez du esan nahi erasoa jasan duenak ez duela beste bide batzuk hartzeko aukera. Era berean, konturatzen gara egiten dugun proposamena berria dela eta trantsizio une batean gaudela, egunerokotasunean kudeatzen ditugun egoera horiekin ikasten. Badakigu egoera batzuk kudeatzeko gaitasuna dugula, baina badira beste egoera batzuk apartekoak direnak. Zenbait jokaera dituzten pertsonek ez dute tokirik gure komunitatean. Hiltzerainoko erasoak, adin txikikoen kontrakoak, indarkeria bortitzeko ekintzak... Horrelakoen aurrean modu garbian esaten dugu pertsona horiek ez dutela lekurik gure komunitatean. Horrek ez du esan laguntzarik behar ez dutenik, baina ez gure komunitatearen barnean.

[Aiora Epelde] Jakitun gara izugarrizko ariketa daukagula egiteko. Gure baitako indarkeria identifikatzeko apustua da, eta horrekin batera parean jarri eta horri aurre egiteko apustua.

Emakumeak politikaren lehen lerrora gehiago heltzen ari dira azken urteotan. Ertz askotatik eraso egiten diete.

[Maite Barreña] Badirudi emakumeak “gonbidatu” egiten direla erabaki guneetara; «etor zaitez gureak diren esparruetara, gure tamainan, gure begietatik eta gure modura egindako espazio androzentristetara, baina orain arte egiten dena egiteko, ez ezer aldatzeko». Eta hor sortzen da talka. Gordetzen ari dira emakumeentzat aulki batzuk, baina ez sistema eraldatuko duten gauzak egiteko, gizonek egingo lituzketen gauza berak egiteko baizik. Bestelako proposamenak egiten dituenean, eraso egiten zaio emakume horri ez diolako erantzuten normatibitate horri. Berdintasun uste faltsu bat dago.

Gonbidapen modukoa denez, arauak apurtzen ditugunean emakumeok erasoak jasaten ditugu. Plenoan haurrari bularra ematen diozulako edo ez diozulako ematen. Ama zaintzeko baimena hartzen duzulako edo ama zaintzeko baimenik hartzen ez duzulako. Horregatik emakumeak beti izango gara ama txarrak, alaba txarrak, politikari txarrak. Familia arduren arabera neurtzen gaituztelako.

Gu ez gara gizon txanpiñoiak eta politikara gonbidatzen gaituzte gizon txanpiñoien parekoak izateko. Baina gu interkonektatuta gauden pertsonak gara. Benetako galdera da: emakumeek politikan parte hartzea zer da?

Gure mugimenduaren gogoeta hortik doa. Emakumeek asko parte hartu izan dugu, baina gizonen era mimetiko batean. Parekidetasunean aritzeko eta gauza desberdinak egiteko etorri gara politikara emakumeak, ba goazen egitera.

Eta, bigarrenik, gizonak subjektu pribilegiatuak dira. Denak. Pribilegio horiei uko egitea oso zaila da eta ariketa kontziente bat eskatzen du. Gurekin mugimendua partekatzen duten gizonei ariketa hori egiteko gonbita egiten diegu: lehenengo pribilegio horiek dituzulako kontzientzia hartu, pribilegio horiek erabili egiten dituzula konturatu eta, azkenik, pribilegio horiei uko egiten ikasi, guztion eskubideen alde egiteko. Indarkeriak aldaera hori du. Pribilegiodun pertsonek pribilegiorik ez dituztenekin partekatzen dutenean espazioa, era batera edo bestera indarkeria ematen da.