Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Bueltan ematea

Duela urtebeteko abenduan idatzi nuen zutabea aurkitu dut nire ordenagailuan. Toryen garaipen argia konfirmatu ostean, Boris Johnsonek emandako diskurtsoa aipatzen nuen, besteak beste: «Ez dakizue zer datorkizuen gainera», esan zien Parlamentuko kideei. Ez, ez zekiten eta Johnsonek berak ere ezer gutxi zekien 2020. urteak ekarriko zizkion “sorpresez”.

Nire inguruko askok esan didate 2020. urteak hainbat balore kuestionarazi dietela. Aldaketak egiteko planteatu dutela. Aldaketa sakonak, bizilekuz aldatzea, egiten ari diren hori benetan nahi dutena den galdetzea euren buruari. Londres zentroko bulegoetan zeuden gehienek etxetik lan egiten daramatzate azken bederatzi hilabeteak. Distantzia mantentzea eta birusaren transmisioa ez dira bateragarriak hango bulego txikiekin. Familia, lana eta espazio pertsonalaren arteko mugak erabat hautsi direnean, eta hemen esaten dugun bezala «etxetik lan egin» ordez, «lanean bizi» garenean, ez da harritzekoa jendeak autoerrekonozimendu lanketa handia egitea. Benetan zer nahi dugun eta nora goazen ziur egoteko.

Nire coach-ak askotan esaten zidan gure «bizitza ezberdinek» (alegia, ni ibilbide profesionalean, ni ama bezala, ni bikotekide bezala, ni idazle bezala, ni bidelagun bezala, ni ameslari bezala) eta haien arteko oreka perfektuak definitzen dutela bat den hori, eta hor aldaketa positibo bat eman nahi badugu –hori da-eta finean coaching-aren helburu nagusia– koronabirusa bezalako krisi handi batek aldaketa horren potentziala maximizatu du.

Hemen nahiko ohikoa da norberaren lanaz gain, behin 15-20 urteko lan ibilbidea duzunean, esperientzia edo beste perspektiba batzuk zurea ez den beste enpresa bateko zuzendaritza batzordera ekartzea. Begirada objektibo bat da, haien norabide estrategikoa edo erabakiak kuestionatuko dituena, inpartzialtasunez. Behin ibilbide profesionalean esperientzia asko lortu dutenean, horretan bakarrik jarduten direnak ere asko daude.

Duela hilabete Wonder Foundation irabazi asmorik gabeko elkartearen eta bertako fundatzailearen berri jakin nuen. Neska eta emakumeei aukerak irekitzea da haien helburua, aukerak ahalduntzea kalitatezko heziketa baten bidez edo norabidez aldatzea lagunduko dien aholkuak eta gailuak eskainiz. Inguru xume edo baliabide askorik gabeko egoeretan dauden neska eta emakumeekin lan egiten dute, nondik datozen eta tokatu zaien egoeraz at, haien potentzialean zentratuz. Emakume izateak traba gehiago ekartzea ekiditeko.

Elkarrizketa batzuen ostean, aholkulari bezala lanean hasteko aukera eskaini zidaten. Aurreko astean antolatu zuten ekitaldi batean, beste errealitate bat gertutik entzun nuen: Nigeriako hiri batetik wifia behin eta berriz deskonektatzen zitzaion emakume txundigarri baten ametsak; unibertsitatera joateko egunero autobusez bost ordu pasatzen zituen beste baten ausardia; senarrak lanean zeudelako etxean gelditu “beharra” tokatu zitzaien emakume inkonformisten diskurtsoa.

Orain beste batzuei laguntzeko ekarpen txikia egin ahal izateak ematen duen poz eta betetasunak bizitza berekoitik ateratzen du bat. Niri beste batzuek eman dizkidaten denbora eta baliabideak orain beste batzuei bueltan ematea betegarria da. Lehen aipatzen nuen oreka horretan ezinbestekoa. •