Juantxo EGAÑA

Donibane Lohizuneko arrantzaleak, XIX. mendean

Eugene Trutat Okzitaniako Tolosako geologoak (1840-1910) euskal herri ugari jaso zituen bere argazkietan; besteak beste, Hondarribia, Baiona, Biarritz eta Donibane Lohizune. Hemeretzi urte zituela hasi zen argazkigintzaren munduarekin harremanetan, eta argazki teknikei buruzko artikuluak argitaratzen zituen aldizka. Halaber, Trutatek Pirinioen esplorazioan parte hartu zuen, hango glaziarrak aztertzen. Tolosako Argazkilari Elkarteko lehendakaria eta hiri bereko Natura Zientzien Museoko zuzendaria izan zen. Garai baten testigantza paregabea utzi digu Trutaten argazkigintza antropologiko eta dokumentalak. Tolosako Historia Naturaleko Museoan, Udal Liburutegian eta Udal Artxiboan daude gordeta Trutaten 20.000 negatibo inguru eta autokromo batzuk (koloretako lehen irudiak). Donibane Lohizunen arrantzaleak sareak jasotzen ageri diren argazki hau XIX. mendearen amaieran dago egina.