Oihane Larretxea de la Granja

«Postpartum» luzerako eskubidea

Galdera absurdoenetik hasita («zer nahiago duzu: neska edo mutila izatea?»), galdera mingarrienetara («zer izan da, deskuidu bat edo bila ari zinen?»), hutsik egiten ez duen galdera mitikoenetik pasatuta, noski («eta zu, noizko ama?»). Ama izateak, nahi ez izateak edo ama ezin izateak baditu sarri zama handiko motxilak. Soinean jartzen dizkiguten motxilak, barruan gainetik astintzea zinez zaila den harritzarrak dituztenak. Aurreiritziak, iritziak, topikoetara kondenak, balorazioak. Denak, ezjakintasunez josiak. Baldarrak, traketsak, itsusiak. Lekuz kanpo daudenak, jokoz kanpo uzten zaituztenak.

Gertatzen den haurdunaldi bakoitzaren atzean, gertatzen ez den haurdunaldi bakoitzaren atzean bezalaxe, istorio bat dago, bizipenak, arrazoiak, batzuetan zorionak eta beste zenbaitetan zorigaitzak. Diskrezioa, zuhurtzia, intimitatean ez xaxatzea eta, batez ere, errespetua. Asko eskatzea da?

Ama izatearen edo ez izatearen inguruko komentario “inozenteek” aspaldian eman zidaten atentzioa zentzu batean. Gizonezkoei zuzenduriko halakorik ez nuen entzuten; ez dira galdera deseroso horietakoak erantzutera behartuta egoten. Umeak egiten dituzte haiek ere, baina umetokirik ez dute. Eta horrek, nonbait, “libratu” egiten ditu.

Galderek eta balorazioek segitzen gaituzte etapaz etapa. Amatasunaren bidean, edoskitzaroan, adibidez. Biberoia emango baduzu, zergatik. Bularra aukeratzen baduzu, noiz arte. Lanaldi osoan jarraitzen baduzu, ea ondo pentsatu duzun. Lanaldia murrizten baduzu, ea ondo pentsatu duzun. Bitartean, motxila berean pilatzen dira nekea eta harritzarrak. Bularrak txikitzen doaz eta algara egitean txiza galtzen duzu. Eta sabelaren azalak ahul segitzen duen bitartean, galderak egiten ez zaizkien gizon horiek haurdunaldi paraleloan erritmo berean hartu zituzten kiloak galdu gabe segitzen dute. Postpartum luzerako eskubidea batzuena.