Isidro Esnaola

Davos-ek matxuratutako merkantzia saldu nahi du

Davoseko Munduko Foro Ekonomikoak albiste handirik gabe amaitu du aurten bere bertsio birtuala. Beharbada, emaitzen artean garrantzitsuena enpresek stakeholders-entzako (hau da interes taldeentzako) balio sorkuntza jasangarria nola neurtu behar duten jasotzen duen txostena izan da. Bertan, adierazle batzuk proposatzen dituzte lau multzotan banatuta: enpresaren gobernua, planeta, jendea eta oparotasuna. Jarraian, gaizki ulertzeak saihesteko, azaltzen dute gauza bat dela urteko kontua, hau da, galera eta irabazien gorabeherak, eta beste bat urteko txostena osatzeko adierazle berri hauek gehitzea. Beste modu batean esanda, garrantzitsuena lehengo zatia da; bigarrena apaingarri bat besterik ez da.

Apaingarria baina baliabide asko gastatzen ari dira horretan. Foroaren arabera, adierazle berri hauen helburua da enpresak oparotasunari, gizarte ongizateari eta planetari egiten dioten ekarpena neurtzea eta frogatzea. Nonbait konpainia erraldoiek mundu jasangarriagoa eraikitzeko euren ekarpena aldarrikatzeko beharra ikusten dute. Egia da iritzi publikoaren aldetik gero eta presio handiagoa dagoela klima larrialdiari aurre egiteko, desberdintasun sozialak gutxitzeko, eta abar. Eta esparru horietan horrelako enpresa multinazionalek ezin dute ekarpen nabarmenik aldarrikatu, euren helburu nagusia boterea handitzea eta etekinak biribiltzea baita. Nahiko erraza dute, baina, plantak egitea. Horrela, enpresen filialak zikintzen diren bitartean, konpainia nagusiak orbainik gabe agertzen dira. Hori ikusteko bultzatzaileen zerrenda begiratzea besterik ez da behar: Accenture, Adecco Group, Allianz, Banco Santander, Bank of America, BBVA, eta abar.

Txostenaren aurkezpenean Foroak dio lanak beste helburu bat duela, «interes taldeen kapitalismoaren funtsa definitzea», hain zuzen ere. Nonbait interes taldeen kapitalismoa sustatzea da Munduko Foro Ekonomikoaren zeregin nagusia. Bitxia da hori aldarrikatzea eta era berean lankidetza publiko-pribatuaren bultzatzaile gisa agertzea. Kontraesana agerian gelditzen da interes taldeen kapitalismoari buruz ematen duen definizioan: «Sektore pribatuak pertsonen eta taldeen botere berritzaile eta sortzailea aprobetxatzeko duen gaitasuna, epe luzerako balioa sortzeko akziodunentzat, gizarteko kide guztientzat eta partekatzen dugun planetarentzat». Enpresa pribatuaren apologia egiten du soilik. Sektore publikoarentzat ez du lekurik uzten. Eskema horretan sektore publikoari egokitu zaion zeregin nagusia sektore pribatuaren makulu izatea da.

Definizio horretan ere badago beste gauza bitxi bat. Enpresa pribatuak sortzen duen balioa, ezbairik gabe, ona omen da mundu guztiarentzat. Enpresa pribatuarentzat ona dena guztion onuran dela dioen esaera zaharra birformulatu, besterik ez dute egin. Baina txertoarekin egon diren gorabeherek zerbait erakusten badute, zera da, hori ez dela egia. Enpresen onura da epe motzean ahalik eta etekin gehien ateratzea eta horretarako gehien ordaintzen duenari saldu dizkiete txertoak. Bizitzak salbatzeak, osasun publikoa sendotzeak eta antzeko helburu orokorrek ez dute lekurik, gauza horiek ez dira euren kalkuluetan sartzen. Davos-eko Foroak matxuratutako merkantzia berriz saldu nahi du. •