Iñaki Soto

Demokrazia etetea sekula ez da debalde ateratzen

Logikak harritu ninduen, jarrerak baino gehiago. Eskuin muturra eta populismoa geratzeko modu zuzenen eta erosoena denez, uneotan Italiak behar duen gidaria Mario Draghi dela baieztatzen zuen “The Guardian” egunkariaren pieza editorialak [«The Guardian view on Mario Draghi: the right man for Italy ... for now», https://bit.ly/2LEkfoK]. Eskuin muturraren eta populisten gorakadaren azalpena ematen zuten hurrengo paragrafoan zen hori.

Azalpen horren arabera, erreakzionarioen gorakadak harreman zuzena du duela hamarkada bateko Mario Montiren izendapenarekin. Italiar sistema politikoaren deskonposizioa zorraren krisia kudeatzeko Bruselatik ezarri zuten «gobernu tekniko» haren ajea da, hain zuzen ere. Horregatik egin zuen gora Mateo Salviniren eskuin muturrak eta sortu zen Beppa Grilloren Movimento 5 Stelle delakoa. Horregatik, Londreseko egunkariaren arabera, ez da komeni orain hauteskunderik egitea.

Goazen beraz, hamar urte beranduago, gauza berdina egitera. Goazen kanpotik Roman agintari bat jartzera, bozkarik lortu ez duen lehen ministro bat izendatzera. Izan dadila bankari bat, politikarekin zikindu gabeko aditua, susmagarria ez den norbait. Bila dezagun «zozo txuria». Baldintza kontraesankor hauek jarrita, emaitza Mario Draghi izatea harrigarria bada. Edo ez.

Kontakizun honen arabera, orokorrean, italiar politikariak desastre hutsa omen dira. Horrexegatik, politikarien ordez bankariak izendatzen dituzte agintzeko. Demokraziaren aurka doan jokabide hau justifikatzeko arrazoiak ematen dituztenean, estatuak daukan zor jasanezina eta italiar bankuen osasun eskasa aipatzen dituzte beti. Alegia, ez dirudi italiar bankariak politikariak baino hobeagoak direnik.

Hain zuzen ere, Mario Draghi Italiako ekonomia gidatu duten egitura guztietan ibili da arduradun gisa. Adibidez, Italiako Banku Nazionalaren buru izan zen. Estatuaren ondarea pribatizatzeaz ere arduratu zen. Pribatizazio horien onuradunetako bat Goldman Sachs izan zen, Draghi bezala Monti ere fitxatuko zuen finantzen multinazionala.

Harrigarriro, uneotan Draghi aukera ona dela justifikatzeko erabiltzen den beste pasartea 2012an «euroa salbatu» zuenekoa da. Urte horretan Draghi Europako Banku Zentralaren arduraduna zen eta Monti Italiako lehen ministroa. Lehendabizikoak ezarri zizkion mugak bigarrenari. Montik egin zuena eta egin ez zuena, Draghiren aginduak betez izan zen. Orain, Montik orduan ez bezala, Draghik dirua izango omen du.

Ez dezagun ahaztu, Draghi Syrizak hauteskundeak irabazi ondoren greziar bankuei likidezia moztu zien arduraduna da. Yanis Varoufakisek “Adults In The Room” liburuan pasartea bikain kontatzen du. [Eric Toussaint-ek beste ikuspuntu bat ematen du hemen, ez hain partikularra: https://bit.ly/2Ng6f55].

Italia EBko «Too big to fail» egituretako bat da: erortzeko handiegia, sistemikoa. Bere porrota pentsaezina eta aldi berean gertagarria da. Horregatik, aldiro, Berlinek eta Bruselak demokrazia eten egiten dute Italian eta Super Mario bat topatzen dute. Aldiro, jokabide horren emaitza arriskutsuagoa da, bai ekonomiaren ikuspuntutik, baita ikuspuntu soziopolitikotik ere. •