Amagoia Mujika Telleria eta Iñaki Sanz-Azkue
Entrevue
Antonio Santa Kruz
Mende baten lekukoa

«Gaur egun bakoitza bereari begira bizi da»

1936ko gerra mendi gainaldetik ikusi zuen, telebistari begira dagoenak nola. Orain telebistan Trump eta Biden agertzen zaizkio eta aztoratu egiten da; «nola utzi horrelako gizonari agintzen?», «zer nezesidade dauka aitona horrek adin horretan agintea hartzeko?». Egungo politikarien argazki zorrotza azkar egiten du 97 urte betetzera doan ereñotzuarrak: «Hobe lukete elkarri laguntzea. Ondokoa ondo baldin badago, zerori hobeto zaude». Bera auzoan, auzolanean, auzogintzan jaio eta hazitakoa da.

Egongelako mahai gainean dauka puzzlea hasita. Bizitzaren parte handiena eman duen Epeleko bere etxe kanpoaldean Antonio bera ageri da puzzleko irudian, irribarrez. Ia-ia osatuta dauka 3.000 piezako puzzlea, ez zaizkio pieza asko falta. Ez omen du puzzlea amaitzeko asmorik, puzzlearekin haserretu egin da. Falta zaizkion piezak baino, gaizki jarrita daudenak dira bere haserrearen arrazoia. Etxekoei esan zien puzzlea desegin egingo zuela, baina ezetz esan zioten, uzteko horrelaxe, akaso etxekoren batek amaitzeko tartea hartuko duela.

Antonio Santa Kruz Ereñotzuko Akola baserrian jaio zen 1924. urtean. Bere begi biziek eta memoria pribilegiodunak mendea ikusi dute pasatzen. Inguratzen gaituen jendartea azken mendean nola eta zenbat aldatu den ikusi duen luxuzko lekukoa da. Eta kontalari oso fina da Antonio. Horregatik kontatu digu hain dotore bere bizitzaren berri, pieza bat bestearen ondoan, puzzle baten tankeran.

Ehun urtetan nola aldatu den hau dena.

Akolan jaioa naiz ni, hortik Hernanira oinez joaten ginen gu. Automobilik ez zen izaten, bizikletak ere gutxi, kaminoa libre. Enkarguak hartuta etortzen ginen etxera. Ilunabarrean Goizuetako korreoa izaten zen eta automobil gutxi batzuk ibiltzen ziren. Horien gainean ibiltzen zen jendea. Guardia zibilak zaldiz ibiltzen ziren kaminoan.

Hori ez da asko aldatu. Orain ere ibiltzen dira guardia zibilak errepideetan.

Orain ez dute beldurrik ematen guardia zibilek, lehen bai. Gu baserrian bizi ginen garaian sekulako ikara ematen zigun Guardia Zibilak. Herriko guardari ere beldurra genion. Makina bat aldiz ezkutatu izan gara ohearen azpian.

Zeri zenion beldurra?

Gauez bakarrik ibiltzeari beti beldurra izan diot nik. Ilundu baino lehen etxera joaten nintzen, atea itxi eta burdinari ematen nion. Hala ere, parranda batzuk egiten nituen. Lagun guztiak etxera joaten ziren eta ni, bakar-bakarrik, Latxetik edo Ereñotzutik, Akolaraino. Ez zen argirik izaten bidean. Hamahiru urte nituela atera nintzen etxetik eta hamazazpi urterekin hasi nintzen paper fabrikan lanean.

Hamahiru urterekin nora joan zinen?

Morroi joan nintzen. Lehendabizi abeletxe batera Martutenera. Gaizkitu egin nintzen eta etxeratu egin nintzen. Gero Portura joan nintzen eta han egon nintzen hamasei urtera arte. Hamasei urte nituela etxera etorri nintzen eta mendira joan nintzen arbolak moztera.

Ez zizuten ume izaten utzi denbora askoan.

Ez, gu amarik gabe hazi ginen, gainera. Hiru urte nituela hil zen gure ama. Gogoan daukat amonak katilu batean zerbait eraman ziola iluntzean logelara. Hurrengo egunean gosaritan amonari galdetu nion, ‘ama non da?’. ‘Jaungoikoak zerura eraman du’, esan zidan amonak eta negarrez hasi zen. Besterik ez naiz gogoratzen, baina hori buruan daukat. Eta amarekin ere gogoratzen naiz, eta beti amarik gabe hazi izanaren pena izan dut. Aitarekin eta aitona-amonekin hazi ginen. Amona ama hil eta sei urtera hil zen. Arreba zaharrenak hamabi urte zituen eta nik, bederatzi. Arrebak hartu zuen amonaren lekua, berak jartzen zuen jatekoa, arropa garbitu... eta nik lagundu egiten nion. Gainera, aitona gaixo genuen, ohean. Aitonak bere beharrak gainean egiten zituen eta arrebak eta biok garbitu eta janzten genuen egunero. Orduan, gainera, ez ziren gaurko erosotasunak izaten. Baserritik 500 bat metrora zegoen Axkaxarren garbitzen genituen oheko arropak.

Haurtzaro gogorra izan zenuen.

Bi urtez ibili nintzen ni eskolan. Komunio handia egin nuen bederatzi urterekin, eta kito. Bi urtetan bukatu nuen nik karrera. Orain urte luzez aritzen zarete ikasi eta ikasi, burua txarra izango duzue (umorez).

Gustatzen zitzaizun eskolara joatea?

Maistra gaiztoa genuen. Zenbat makilakada. Niri behin eman zidan matrailekoa, elizan atzera begira egon nintzelako. Etorri zen eta esan zidan, ‘atzo nora begira egon zinen elizan?’. Zapla eman zidan. Guk garai hartan bagenituen euskaraz liburuak. Euskaraz irakurtzen genuen. Geroztik etorri ziren debekuak.

Umetan dena ez zen txarra izango. Nola dibertitzen zinen?

Etxe ondoan ibiltzen ginen jolasean. Teilekin egiten genituen txabolak eta behiak, eta horiekin aritzen ginen jolasean lurrean. Guk egiten genituen jostailuak.

Pentsa. Eta oraingo umeek zenbat jostailu...

Oraingoa gehiegizkoa da. Dena nahi dute eta eman egiten zaie. Gu beste tankera batean bizi ginen, gutxiagorekin konformatzen ginen.

Hiru seme-alaba, bost biloba eta zortzi birbiloba dituzu. Esango balizute zure ondorengoek zuk izandako haurtzaroa eta gaztaroa izan beharko luketela, zer pentsatuko zenuke?

Ez diet desio. Guk lana eta lana, ez dugu besterik izan. Jaietan ere, fabrikan jai genuenean, mendira joaten ginen lanera. Guk hori ezagutu dugu, bazkaria kapazuan hartu eta mendira lanera. Eltzean potajea hartzen genuen, pitarra botilan eta eguna pasatzen genuen lanean. Ilunabarrean, etxera. Horiek ziren gure jaiak. Goizean mezetara joaten ginen. Alpargata zaharrak jantzi, mezetan sartu baino lehen beste oinetako txukunagoak aldatu, elizatik atera eta atzera alpargata zaharrak jantzi eta lanera. Ni Ereñotzutik Akolara hanka hutsik joana nago zapatak ez hondatzeagatik. Zapatak eskuan hartu eta hanka hutsik.

Gerra garaia non bizi izan zenuen?

Akolan. Minetatik ikusten genuen guk kanoiak noiz egiten zuen tiroa eta non lehertzen zen. Oiartzungo Gurutze aldean makina bat kanoikada hartutakoak dira. Mendiaren gainaldetik ikusten genuen dena. Hegazkinak pasatzen zirenean iniztor tartean ezkutatzen ginen. Kontxara iristen ziren gerraontziak ere ikusten genituen Sagastietako lepotik. Kanoiak noiz botatzen zituzten eta non erortzen ziren ikusten genuen. Sagastietako lepotik Donostiako badia, Oiartzun, Jaizkibel, San Marko, Urnieta... denak ikusten dira. Anaia eta biok handik begira egoten ginen. ‘Cervera’ izeneko gerraontzi handia etortzen zenean, gelditu gabe aritzen zen kanoiak botatzen, aurretik eta atzetik. Horietako bat Artzain Onaren atzealdean lehertu zen. Hernanin ere Banco Guipuzcoano inguruan sartu zuen kanoi bat. Guk horiek denak ikusten genituen menditik.

Eta baserrira, etxe ingurura, ez al ziren gerturatu?

Bai. Egun batean Ereñotzura joan nintzen astoarekin esnea partitzera. Bueltakoan Arretxietan barrena denean soldaduak zeudela ikusi nuen. Nik haiek baino lehenago iritsi nahi nuen etxera. Hamahiru urte nituen eta bidean gelditu ninduten. Erreketeak ziren, baina nik ez nekien zer ziren. Galderak egiten zizkidaten eta nik, ikaratuta, negar egiten nuen. Etxera iritsi nintzenean osaba zegoen bertan eta kontatu nion gertatutakoa. Segituan sukaldean sartu ginen denok. Aita non ote zen, eta aita patatak biltzen ari zela. Aitaren bila joan nintzen, erreketeak ematen zutela eta baserrira zetozela esanez. Baserrira iritsi zirenean txapel gorriak jantzi zituzten, gainontzean kalekoz jantzita zeuden eta ezin bereiztu. Baserrian esnea genuen, hori egosi eta dena hartu zuten. Gero, mendian gora igo eta lubakiak egiten aritu ziren. Horiek izan ziren gero Santiagomendi hartzera joan zirenak.

Gero, erreketeak joan eta soldaduak etorri ziren. Horiek gaiztoak ziren. Horiek ikara handia ematen zuten. Militarrak ziren. Goseak egongo ziren eta ardiak lapurtzen zituzten. Guk etxetik ikusten genuen zeinen aziendak ari ziren lapurtzen. Gero, gure baserrira etorri, ardiei lepoa moztu eta burua guri botatzen ziguten, guk jateko esanez. Bazetozela ikusi genuenean aitona jantzi eta saiatu ginen etxetik ateratzen. Gaixo zegoen aitona eta anaia Alkatxuinen bizi zuen. Harengana eraman nahi genuen, baina segituan etorri ziren soldaduak, etxera bueltatzeko aginduz. Akordatzen naiz gure aitak ukuiluan babesleku bat egin zuela, kupel zahar batekin eta ohol batzuekin. Hegazkinen batek bonbaren bat jaurtiz gero, han babesteko. Aterpe bat egin zuen aitak ukuiluan.

Paper fabrikan hasi zinen hamazazpi urte zenituela. Aukeran, baserriko lanak edo fabrikakoak nahiago?

Paper fabrikan hobe, beste segurtasun bat, diferentea da. Baserrian beti lanean aritu behar duzu. Hala ere, paper fabrikatik atera eta baserrian aritzen ginen lanean e! Baina paper fabrikako soldata genuen. Hilabetean 10 pezeta irabazten nituen. Zazpi urtean aritu nintzen bertan lanean. Soldaduskara ere handik joan nintzen. Gero Electroquimicara joan nintzen lanera. Lantegia eraikitzeko lanak egin genituen eta enpresa muntatu genuen. Behin muntatuta, nagusiak esan zidan han lan egiteko behar ninduela eta paper fabrika uzteko, lanpostu ona izango nuela Electroquimican. Ez nintzen ausartzen, baina azkenean paper fabrika utzi nuen eta Electroquimicara etorri nintzen. Hogeita hamasei urte pasatu ditut bertan lanean. Muntatu genuen, martxan jarri genuen eta bertan egin genuen lan. Orain beteko dira 72 urte martxan jarri zela.

Oso arriskutsua omen da.

Bai, hala esaten dute. Nik hor pasatu ditut hogeita hamasei urte. Merkurioa eta amiantoa txarrak omen dira, guk horiek ibili genituen lanean. Asko ez gara, baina oraindik bagara bizi garenak.

Sagardotegi garaian gaude. Horien martxa ere aldrebestu du pandemiak. Zuk ezagutu zenituen garai bateko sagardotegiak. Hernaniko kaxkua sagardotegiz beteta omen zegoen.

Bai, ezagutu dut nik hori. Mahai txiki bat, balde batean ura eta basoka saltzen zuten sagardoa. Hernaniko kalean bertan izaten ziren sagardotegiak. Basoa uretan garbitu, sagardoz bete eta kito. Hamar zentimo ordaintzen genuen baso bat sagardo.

Oraingo sagardotegiak gustatzen al zaizkizu?

Ez zaizkit gustatzen, jendeak gehiegi edaten du. Eta gainera zutik jaten da. Niri lasai eserita jatea gustatzen zait.

Aurten eserita eta sagardoa pitxarran izango omen da.

Hori tontakeria bat da. Pixka bat muturra berotzen denean, alferrik dira arauak. Ez orain eta ez lehen.

Txirrita ere ibiltzen omen zen sagardotegian.

Ikusita nago ni Txirrita Ereñotzun bertsotan. Txokolateneko leihoan, elizaren parean. Leihoa bete-bete eginda. Umea nintzen ni, baina gogoratzen naiz, San Antonio eguna zen. Fama handia zeukan Txirritak, bertsolari onena zen. Parrandan ere ibiltzen zen. Gure aitona ere ibiltzen omen zen parrandan Txirritaren antzera, bizpahiru egunean igual. Eta amonak arropa garbiak eramaten zizkion, parrandan segi zezan. Txirrita ere horrelaxe ibiltzen omen zen, baina hari inork ez zizkion arropa garbiak eramango...

Gaur egun ez zen emakume asko joango parrandan dagoen senarrari arropa garbiak eramatera...

Gauzak asko aldatu dira. Lehen baserria emakumeak eramaten zuen, etxeko lanak eta baserrikoak berak egiten zituen, eta isil-isilik. Lehen gutxiegi eta orain gehiegi.

Antonio, 97 urte beteko dituzu aurten, ia ehun urte. Inpresioa egiten al dizu horrek?

Zer esango dizut ba nik? Ez dut asko pentsatzen horren inguruan. Gaztea nintzela, 26 urterekin, oso gaizki egon nintzen, hilzorian. Hamabost egun pasatu nituen ohean. Jaikitzen hasi nintzenean medikuak errieta egin zidan, hoztu eta berriz gaixotuko nintzela esanez. Eta horrela pasatu zen. Hurrena pasatu nituen hamazazpi egun ohean. Oso gaixo nengoen eta medikua ikaratu egin zen, ez baitzuen sumatzen zer pasatzen zitzaidan. Beste mediku bati deitzea ea zer iruditzen zitzaigun esan zigun. Astigarragako Almandoz, famatua zen, eta hura ekarri zuen. 500 pezeta kobratu zizkigun. Eta hura ekarri zuelako familia medikuak 200 pezeta kobratu zizkigun. Nik diru hori kobratuko zutela jakinez gero, ez ziren etxean sartuko. Pentsa, nik hilabetean 19 pezeta irabazten nituen eta medikuek 700 pezeta kobratu. Sendatu nintzen, baina nik diru hori kenduko zidatela jakinez gero, kanposantuan egongo nintzen aspaldi.

Zoriontsua izan al zara?

Bai, ni bai. Gauza ona izan dut nik: beti lana izan dut. Fabrikatik atera eta mendian ibiltzen ginen gu, orduak sartzen diru gehiago irabazteko. Fabrikan gaueko txanda egin eta gero goizean koinatuak esnatzen ninduen, mendira lanera joateko. Gero baratze bat ere izan dut eta han ere lanean beti.

Sekulako memoria daukazu.

Buru ona daukat, bai. Orain dela gutxi arte puzzleak egiten aritu naiz. Hor daukat azkena hasia eta hori ez dut bukatuko, 3.000 piezakoa da. Hau berriz (paretan daukan puzzlea seinalatuz) 8.000 piezakoa da eta beste hura (beste bat seinalatuz) 10.000 piezakoa.

Zergatik ez duzu bukatuko azkena hasita duzun puzzlea?

Ez daukat indarrik. Desmuntatzen hasi nahi nuen eta alabak esan zidan uzteko, ilobaren batek bukatuko zuela. Haserretu egin nintzen puzzlearekin eta nire buruarekin, aurrean neukan eta ezin bukatu. Hutsune gutxi daude, baina gaizki jarritako piezak bilatu behar dira eta hori da arazoa.

Gaur egungo pandemia gerra modernoa omen da.

Hau txarragoa dela uste dut. Musukoarekin ibiltzeko esaten digute eta asko ahal den gutxiena ibiltzen dira. Guk hori egin behar dugu eta ez da gauza hain zaila. Gaur egun bakoitza bereari begira bizi da. Ondoan bizi direnak ere elkarri kasu egin gabe pasatzen dira bata bestearen ondotik egunero.

Lehen auzokoen artean lotura handiagoa zegoen.

Bai. Auzoan haur bat jaiotzen zenean, inguruko denak bisitan joaten ginen, hau edo beste eramatera. Gero atsolorra egiten zen eta elkarrekin ospatzen genituen jaiotzak. Norbait hiltzen zenean, inguruko etxeetakoek kandela bat eta dirua eramaten zuten hildakoaren etxera. Pentsa ezazu, bederatzi urte baino gutxiago nituela gure amonak Akolatik beheko Larre Gainera bidali ninduen kandelarekin, hango amona hil zelako. Nik begietan daukat hildako amona hura; beltzez jantzia, kolore zuri-zuriarekin, sudur luze-luzearekin, ohean etzanda eta denak inguruan.

Heriotza bizitzaren parte zela oso presente zenuten umetatik.

Bai, guk normal bizi izan dugu. Gure amona hiltzera zihoala eta makal zegoen, oso makal. Ez zuen komunioa hartu eta apaiza han egon zen zain, ea pixka bat bizkortzen zen komunioa hartu ahal izateko. Ez zen bizkortu eta komunioa hartu gabe hil zen. Ni Ereñotzura etorri nintzen apaizari laguntzera, kandela piztuta. Bederatzi urte nituen.

Gaur egun beldurra al diogu hiltzeari?

Hiltzeari beti beldurra.

Eta 97 urterekin?

Gutxiago.

Aurrekoan esan zenigun martxa egiteko prestatzen ari zarela.

Bai, hori natural-natural bizi dut nik. Duela denbora bat zorabiatu eta erori egin nintzen sukaldean, konturik gabe geratu nintzen. Gero kontua etorri zen eta penatan egon nintzen. Hain gozo nengoen ni konturik gabe halako toki batean, esnatu nintzenean pena hartu nuela. Lagun batek esan zidan berari igual-iguala pasatu zitzaiola.

Duela bost bat urte pagoa landatu genuen eta zuk esan zenuen pagoaren itzala ez zenuela ezagutuko. Pagoak sekulako indarra dauka, haren itzala ezagutu duzu zuk azkenean.

Bai, haren azpian ez ordea.

Lasai zaude Antonio.

Bai, beste aldetik noiz deituko zain nago. Adin hau gutxik harrapatzen dute eta ondo nago. Ondo bukatu nahi dut, besterik ez.

Eta nora zoaz?

Beste mundura. Inork ez daki nolakoa den, handik ez du inork abisatzen. Ona izatea nahi nuke.

Zerbait egin ez izanaren pena geratzen al zaizu?

Gehiago ikasi ez izanaren pena daukat. Fabrikan arduraduna nintzen eta askotan gaizki pasatzen nuen, erdaraz ez nekielako. Erdaraz ez jakin izanak arazoak sortu dizkit. Lanerako behar nuen nik erdara.

Eskolatik geratu nintzenean aitak hitzeman zidan bizikleta ekarriko zidala. Eskolarik gabe eta bizikletarik gabe geratu nintzen. Hamasei urte nituela basoan lanean aritu nintzen osabarekin. Aitari esan nion ez niola ordaindu zidaten dirurik emango, bizikleta ekartzeko, agindu zidan bezala. Bizikleta ekarri zidanean hori ilusioa. Guk umetan ez genuen oparirik izaten. Amonak tarteka ekartzen zizkigun txokolate batzuk.

Geroztik ikasi al duzu?

Gutxi. Leitzeko denbora askorik ere ez dut izan, beti banuen zerbait egiteko. Etxean zerbait konpondu beharra bazegoen, neronek egiten nuen.

Duela hamabost urte alargundu zinen. Etxeko lanetan ere moldatzen zara, umetan derrigorrez ikasitakoak balioko ote zizun...

Bai, ni beti moldatu naiz etxeko lanetan eta kozinatzen. Auzoko bat alargun geratu zen eta horrelaxe esan zidan; ‘hi ondo hago, hik badakik kozinatzen eta... nik ez zekiat ezer egiten’. Eta esan nion ‘ikas ezak orain’, bazuen garaia. Preokupatuta zegoen, andrea falta zuela eta ez zekiela ezer egiten. Beharrak erakusten du, bai. Gazte batek belar sorta galanta jaso behar zuela eta laguntza behar zuela. Aitari esan zion eta aitak erantzun, ‘beharrari deitu iezaiok eta etorriko zaik’. Joan omen zen eta sekulako belar sorta. Azkenerako jaso omen zenuen. Bueltakoan aitari esan zion ‘bai, esan didazu beharra etorriko zela baina ez da inor etorri’. Eta, aitak, ‘eta nola jaso duk ba?’. Eta, semeak, ‘neronek’. ‘Horixe da beharra’, aitaren erantzuna.