Gaur8
EZ ITOTZEA ITU

Koronabirusak oxigeno medizinalaren eskasia eragin du Latinoamerikan

Oxigeno tanga lortzea lehia gogorra da Latinoamerikan, edo bestela, garesti ordaindu beharreko zerbait. Covid-19arekin kutsatutako gaixo askorentzat ezinbestekoa den baliabide honen gabezia ari dira pairatzen, eta batzuek itxaronaldi luzeak egiten dituzte tangak lortzeko; besteek, prezio altuak ordaintzen dituzte gasaren truke, asko ospitaleetan itota hiltzen ari diren bitartean.

Itolarriz ari da bizitzen Latinoamerika koronabirusak eragindako osasun krisia. Gainontzeko lurralde guztietan bezala, baina hitzaren zentzu literalagoan kasu honetan. 600.000tik gora hildakorekin eta 19 milioi kasu positibo baino gehiagorekin, oxigeno medizinalaren eskaria biderkatu egin da, eskariarekin eskasia eta neurrigabeko prezioak etorri dira, eta horrekin herritarren desesperazioa.

Oxigeno tanga bat eskuratzeko zentroetan errenkada luzeak sortzen dira, egunetako itxaronaldia egin behar izaten dute batzuek; besteek, prezio altuak ordaintzen dituzte tangaren truke.

Yamil Antonio Suca El Callaoko banaketa zentro batera iritsi zen goizaldean, Peruko hiriburuaren ondoko portura, eta tanga betetzea lortuko zuen zorionekoen artean egotea espero zuen. Beste batzuek bizpahiru eguneko itxaronaldia egina zuten jada. «Aitak covid-19a dauka, 50 urte ditu eta oxigenoa behar du», azaldu zien berri agentziei.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, covid-19a duten bost gaixotik batek inguru oxigenoa behar du ingurumenean dagoen baino kontzentrazio handiagoetan, hau da, tanga baten bidez.

Hori gabe, koronabirusa «hilgarria» izan daitekeela esan zuen Priyanka Relan larrialdietako medikuntzan adituak, OMEren aldizkari zientifikoan.

Baina itolarriari aurre egitea erronka handia izan daiteke diru sarrera txiki eta ertainak dituzten herrialdeetan. PATH irabazi asmorik gabeko osasun erakundeak tresna interaktibo bat sortu zuen koronabirusa duten gaixoen eguneroko oxigeno beharra balioesteko.

Brasil zen pasa den ostegunean gorriz agertzen zen herrialde bakarra, 2,2 milioi metro kubiko oxigeno baino gehiago behar baitzituen. Laranjaz zeuden Mexiko (628.000 m3) eta Kolonbia (537.000 m3), eta horiz, Argentina (393.000 m3) eta Peru (257.000 m3).

Oxigeno medizinala OMEren funtsezko sendagaien zerrendan dago, baina gasaren kostuak eta hornidura instalatu eta mantentzeko azpiegitura faltak zaildu egiten dute haren eskuragarritasuna eta banaketa.

Brasil, Peru, Mexiko

Brasilen, soilik Ameriketako Estatu Batuen atzetik munduan koronabirusarekin pertsona gehien hil diren herrialdean (226.000, gutxi-asko), pandemiaren bigarren olatuak Amazonas estatuko oxigeno erreserbak agortu zituen.

Urtarrilaren erdialdean, Amazonasen eguneroko eskaria 76.000 m3 ingurukoa zen, baina enpresa hornitzaileek ez zuten lortzen 28.200 m3 baino gehiago ekoiztea.

Manaus hiriburuan, eskualdeko 63 hirietatik zainketa intentsiboko unitateak dituen bakarrean, dozenaka pertsona hil ziren osasun zentroetan oxigeno faltagatik. Eskualdeko agintariek etxeratze agindua ezarri zuten; Brasilgo Gobernuak, berriz, pazienteak beste lurralde batzuetara eraman zituen eta Manausera oxigenoa bidali behar izan zuen.

Peruko Gobernuak «baliabide estrategikoa» esaten dion oxigenoaren gabezia maiatzetik ari dira pairatzen herrialdean. Eskaria handitzearen ondorioz, ekoizle batzuek %300 baino gehiago igo zituzten prezioak.

Gaur egun, 10 m3-ko oxigeno tangak 270 eta 560 euro artean saltzen dira, eta oxigeno metro kubikoa 4 eta 10 euro artean merkaturatzen da, eta preziook zenbaiten erosahalmenak gainditzen dituzte.

Gobernuak, enpresa pribatuek eta Elizak oxigenoa ekoizteko instalazio berriak jarri dituzte Liman eta eskualde kaltetuenetan.

Mexikoko agintariek diote ez dutela oxigeno eskasiarik hauteman, baina abenduaren 20tik urtarrilaren 20ra bitartean gas eskaera %700 handitu zela ikusi zuten.

Merkatu beltzean, aldiz, prezioak gehiegizkoak direla salatzen dute kontsumitzaileek: 45.000 peso (1.800 eurodolar) 9.500 litroko tagaren truke. Neurrigabeko prezioak eta oxigeno tangak lortzeko zailtasunak gorabehera, Osasunaren Erakunde Panamerikarrak ukatu egin du oxigeno eskasiarengatik Latinoamerikan larrialdi orokortua dagoenik. Alta, pandemiak itotzen segitzen du.