Andoni Urbistondo

MENDIRA IHES, MARRAZTEKO; BIZITZEKO

Ana Azpilicueta donostiarra irudigile ezaguna bilakatu da azken urteetan (37 urte); Manaslun dago, Himalaian, Alex Txikonekin –lemoarra gailur ahalegin betean da lerro hauek idazteko unean–, hiri handietako eguneroko nekosoa atzean utzi, arnasa hartu eta marrazteko. Marraztuz egiten baitu ihes, aske sentitu. Bere ilustrazioek, eta Himalaiako behe kanpamentuko neguen egunerokoa azaltzeko duen naturaltasunak jarraipen handia dute sare sozialetan. Azpilicuetaren webguneak «La cabra tira al norte» lelo berezia erakusten du, eta «Como Cabras» ilustrazio liburua ere osatu du.

Ana AZPILICUETA
Ana AZPILICUETA

Bizitza gogorra da 5.000 metrora neguan, goizero Manaslu (8.163 metro) eta 7.000 metroko beste hainbat mendi ikusiz esnatuta ere. Ana Azpilicueta donostiarrak hilabete pasa darama Nepalen, Alex Txikonek mendi hartara egin duen espedizioko kide gisa. Infografia egile da Espainiako “La Sexta” telebista katean, 2007az geroztik. Albistegi edo magazinetako infografiak osatu eta koordinatzen ditu. Azken bi urteetan 30 laguneko lantaldea eduki du bere ardurapean, 50 ordu pasako lan asteak pilatzeraino, eta aspaldi egin ez dituen opor luzexka batzuk egiteko leihoa ireki zitzaion Alex Txikonen telefono dei batekin, abendu hasieran: «Berarekin Manaslura joan nahi ote nuen galdetu zidan. Hurrengo deia nire nagusiari egin nion, bi hilabeteko oporrak hartuko nituela esateko».

Azpi goitizena du Azpilicuetak. Horrela deitzen dio mundu guztiak. Sosak lortzeko egiten du lan komunikazio enpresa handi batean, bere ilustrazioek ez diotelako, oraingoz, errentagarritasun ekonomiko handirik eman. «www.anaazpi.com» da bere webgunea, eta bertan klik eginez gero berehala ikusten da sustraiak non dituen, Madrilen bizi bada ere. «Ez dut nire jatorria ahazten. Amaren familia Hernanikoa da, Idarreta abizena, eta ahal dudan aldiro Donostiara etortzen naiz, Ulian barrena galtzeko, edo Adarramendi inguruan osteratxoa egiteko». Gaztelaniazko esaldi ezagun bat erabiltzen du lelo gisa, webgunean, bere bizitzeko modua ezagutarazteko: «La cabra tira al monte» esaldia «La cabra tira al norte» bilakatu du irudigileak. Alegia, mendira jotzeaz gain, iparraldera jotzen duela tartea duen aldiro, dela Madril iparraldera, dela ipar hemisferioan iparren dauden eskualdeetara.

Txikitatik izan omen du marrazteko joera, gaitasuna. «Berezkoa da nigan. Eta esango nuke hortik etorri dela infografia egile izateko lanbidea ere». Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen, eta gai askotako infografiak osatzen ditu “La Sexta” telebista katean: meteorologia, covid-19aren datuak… Marraztea bere sentimenduak adierazteko bide gisa ulertzen du, komunikatzeko tresna moduan, «marrazkiekin hitzen bitartez lortzen ez den komunikazioa gauzatzen baita». Boligrafoarekin egiten ditu bere marrazkiak, orri solteetan, edo zikinak dauden orrietan. Akuarelak ere maite ditu, eta olio gaineko marrazkiekin borrokan aritzen omen da. Bidaiatzen duenean tableta grafiko bat erabiltzen du.

Egun batean, lana-etxea, etxea-lana dikotomia nekagarria bilakatu zen Azpilicuetarentzat, eta mendira joaten hasi zen, Madrilgo mendizerra ezagunera. Duela 11 urte, hain zuzen ere. Korrika ere hasi zen. Eta korrika jarraitu, gaurdaino. 2016an bere ametsetako bat bete zuen, Zegama-Aizkorri maratoi ezaguna bukatzea lortu baitzuen. Azkena helmugaratu zen, helmugan batu zen jendetzak bere balentria txalotzen zuen bitartean. Orduz geroztik korrikalarien zaindari lanak egiten ditu maratoi ezagun horretako lehen zatian, bidea haien atzetik eginez, eta oso harreman estua du probako antolatzaileekin.

Aho bizarrik gabe onartzen du «pisacampas» bat dela («belar zapaltzaile» moduan itzul genezake euskaraz): «Sofako alpinista, nahiago baduzu». Mendi korrikalarien sufrimendua aldarrikatzen du harro, proba luzeak bukatzeak zenbateko sakrifizioak dakartzan nabarmenduz. Sufritu ostean helmugan edaten duen garagardo freskoaren tamainako gauzarik ez dagoela ere lasai botatzen du. Mendi korrikalarien inguruan duen pertzepzioa esaldi honekin laburbiltzen du: «Mantsoa naiz, baina indartsua».

«Iñakiren abenturak Himalaian»

Marrazki bat han, bestea hemen, Azpilicuetak “Como cabras” marrazki liburua osatu zuen 2019an (bere webgunean dago ikusteko moduan, eta salgai). Liburu horretan mendi korrikalariek bizitzen dituzten hainbat gai lantzen ditu donostiarrak: nekea, erronkak, eguraldia, materialaren kontuak… Beti ironia edo sarkasmo puntu batekin. Pasa den abenduan Azpilicuetak parte hartu duen beste proiektu batek ikusi zuen argia: “Iñakiren abenturak Himalaian” ipuina, Elena Sagasetak idatzia, eta Iñaki Otxoa de Olza zenak Himalaian bizi izan zituen bizipenak biltzen dituen txikientzako bildumaren parte (Sos Himalaia Fundazioak argitaratu du bilduma, eta biltzen den dirua Nepalgo herritarren ongizate beharretara bideratuko da).

Azpilicuetak 2008an Annapurnan zendu zen mendizale nafarraren ondarea mantentzeko modurik onena haren bizipenei segida ematea dela dio, «eta zeregin hori gure inguruko txikienei marraztuz egitea baino gauza hoberik ez dago». Liburu horren hitzaurrea Alex Txikonek idatzi du, eta hor piztu zen Txikonen eta Azpilicuetaren arteko harremana. Donostiarraren marrazkiek eta lemoarraren hitzek ekarri dute biak Manasluko beheko kanpamentuan elkartzea. Azpilicuetak ez dauka eskarmentu handiegirik goi mendietan. Europako Mendiak maite ditu, Marokoko Tubkal mendian ibilia da, eta hainbat trekking-etan ere bai Nepalen, baina ez zekien zortzi mila metroko espedizio batean parte hartzea zer zen.

Baiezkoa eman zion Txikoni azkar, dena den. Lemoako mendizaleak espedizioko inbentarioa egiteko zeregina jarri zion, lan handia: «Espedizio batean gauza asko lotu eta zenbatu behar dira: kanpin dendak, bi hilabeterako jana, materiala… Katmandun berrogeialdia egin behar izan genuen hotelean, eta han aritu nintzen gauza guztiak zerrendatzen, idazkari baten pare». Manaslu mendira bidean Nepalgo herritarrek harrera beroa egin zieten, pandemiak bisitariz umezurtz utzi duelako herrialde hura, eta atzerritarren sosa bertakoen diru iturri nagusi delako.

Azken herria atzean utzi eta urtarrilaren 12an iritsi ziren taldekideak oinarrizko kanpamentura, 5.000 metrora. Polita, tokia, baina gogorra ere bai. Honatx Azpilicuetaren testigantza: «Gora eta behera ibili nintzen egun pare batean, eta oso gaizki egon nintzen. Gerta zitezkeen gauza txar guztiak gertatu zitzaizkidan: buruko mina, edema bat aurpegian eta dena hazita, burmuina buru barruan sartzen ez zitzaidan sentsazioa, oxigenoa hartu behar osatzeko…». Oinarrizko kanpamentuko lehen egunetan miseria handia pasatu omen zuen: «Ezin bailarara jaitsi, jateko gogorik ere ez, hilekoa 12 egun aurreratu zitzaidan, triste nengoen, ezinak jota… Zure gorputzak ez du han egon nahi, eta gorputzaldi txarra sortuz jakinarazten dizu». Astebete luze egon zen egoera horretan.

Naturaltasuna eta umorea

Goiz batean, eta bat-batean, dena bere onera itzuli zen. Eta martxan jarri zen. Azpilicuetak eguneko agenda bete samarra izaten du. Bertan gertatzen denaren kronikak idazten ditu “Oxigeno” aldizkarian, kronika bereziak, «sofako alpinista» batek egindakoak: «Ez dut gauza teknikorik kontatzen, ez naizelako alpinista. Gauzak hiriko pertsona normal baten begietatik kontatzen ditut, eta Himalaiako alpinismoa oso jende gutxiren eskura dagoen aukera dela aintzat hartuz. Hemen nago, mendizaleek zer egiten duten kontatzen, ahalik eta modu ulerterrazenean».

Kroniketako naturaltasun hori Twitter sare sozialetan erakusten dituen bideoetan ere sumatzen da. Aste pare bat atzera, Manaslura igo nahi duten mendizaleek bidean errimaia bat topatu (glaziarrean sortzen diren artesiak), eta gorantz egiteko beste bide bat bilatu behar izan zuten derrigor. Azpilicuetak bideo berezi bat egin zuen errimaia hori erakutsiz, eta kontakizun bitxi hau eginez: «Atzean ikusten duzue Manaslu, polita mendia, eta hemen Himalaian ohikoak diren errimaia eta serac-ak (zintzilik dauden izotz bloke handiak), kontuz ibiltzen ez bazara azpian harrapatu eta zure bizitzari bukaera ematen dioten gauzak». Garbiketa pertsonalaz eta eguneroko beste edozein gairi buruz ere naturaltasun handiarekin hitz egiten du Azpilicuetak, eta horrek jarraipen itzela eman dio sare sozialetan. Bere bideoek ehunka interakzio sortzen dituzte sarean.

Zer esan marrazkiei buruz. 40 bat egin ditu Manasluko oinarrizko kanpamentuan, eta 20 bat sareratu. Guztiekin liburu bat argitaratu nahiko luke etorkizunean: «Eguzkia irteten denetik sartu bitarte denerako denbora asko dugu, eta beti bilatzen dut tartetxo bat marrazteko. Gure artean bizikidetasuna sanoa da, eta eguneroko hori islatzen saiatzen naiz marrazkietan». Eguraldia txarra denean, eta denak lo-zakuan kiribilduta daudenean jartzen du martxan donostiarrak bere ideien makina.

Sormen lanean komeriak izan dituela aitortzen du, halere: «Hotza marraztea zaila da. Normalean zuriaren gainean marrazten dut, baina hemengo marrazkiak beltzaren gainean ateratzen ari zaizkit. Dendan sartuta, atarian 20 gradu zeropetik, begietan mina… Horrek isla zuzena du marrazkietan, hau ez delako opor toki ohikoa. Ez nago, demagun, Torreviejan. Horregatik, eguzkia dagoenean marrazten saiatzen naiz, altuera honetan halako goxotasuna sumatzea paradisuaren parekoa baita».

Kronika, bideo edo marrazkiekin, Azpilicueta bera ere harrituta dago izaten ari den jarraipen handiagatik: «Nire antzeko sentimendu edo pentsamoldea duen jendea dela esango nuke. Niri pasatzen zaizkidan gauzak kontatu edo espresatzen ditut, baina edozein herritarren bizipenak partekatzen dituena. Jendeak badaki ez naizela alpinista petoa, baina era berean baita alpinistei eta ingurune gogor honi errespetu handia diedala ere».

Himalaismoaren aurpegi gaiztoa ere ezagutu du marrazkigileak, hainbat heriotza egon baitira K2 mendian. Sergi Mingote kataluniarra aurrena, Sadpara, Mohr eta Snorri gero… «Himalaian jendea hil egiten da, hori benetakoa da, baina ikaragarria da alpinistek beraiek nola bizitzen duten egoera hori. Esango nuke barneratuta dutela uneren batean dena buka daitekeela, eta ikaragarria iruditzen zait hala jokatzeko gaitasuna izatea. Hemen pena handiarekin bizi izan ditugu heriotzak, hildakoak ezagunak baitziren Txikonentzat, baina beraiek ez dute drama bat egin egoerarekin, zer gerta prest daudelako». Une gogor horietan Azpilicuetak dioenez, abesti batean murgildu izan da, bere samina gainditzen saiatzeko: DePedro taldearen “Déjalo Ir”, abestia.

Martxoaren 5ean buelta lanera

Alex Txikon eta lagunak ahalegin betean daude une honetan Manasluko gailurra iristeko erronkan, eta Azpilicuetak goi mendietan egin duen egonaldiko laburpena marraztu du GAUR8 astekarirako. Martxoaren 5a bitarteko tartea dauka, lanera, errutinara bueltatzeko. Menditik denak sano jaitsi, eta Pokhara hirian egun batzuetan lasai egon nahiko luke, gozatzen. Bere bizitzako inflexio puntu bezala ikusten baitu bidaia hau. Mendiari buruzko marrazkiekin bizirauteko zirrikitua bilatu nahiko luke, edo apalago, “La Sexta” telebista katean mendiko kontuak gehiago azaltzea, berak egindako kronika, marrazki eta bideoen ondoren.

Lortuko ez balu ere badu B plana: sustraietara bueltatu. Zegamara, edo Donostia eta Hernani aldera, Adarramendira. Mendira ihes, beti. Marrazteko, bizitzeko.