Gorka Elejabarrieta

Legalitatea eta legitimitatea

Bougainville Pazifikoan dago, Euskal Herritik 15.000 kilometrora. Salomon uharteetako artxipelagoan. Egun Papua Ginea Berriko Estatuaren pean. 1998an Papua Ginea Berriak eta Bougainvillek sinaturiko bake akordioa betez, 2019an Bougainvillek erreferendum ez-lotesle bat egin zuen. Erreferendumean bi erantzunen artean aukeratzeko modua zuten: autonomia gehiago edo independentzia. %87,54ko parte-hartzea egon zen eta horietarik %98,31k independentziaren alde bozkatu zuten.

Nazioarteko komunitateak Bertie Ahern, Irlandako lehen ministro ohia, Ostiral Santuko akordioaren sinatzaile eta protagonistetako bat, eta Aieteko Adierazpenaren irakurlea, izendatu zuen Bougainvilleko erreferendumean nazioarteko estandarrak betetzen zirela ziurtatzeko. Bere erreferendum osteko txostena argia izan zen. Bai, erreferendumak beharrezko berme guztiak bete zituen.

Emaitza oso argia, oso kontundentea, baina esan bezala, ez-loteslea. Erreferenduma gatazka politiko bat politikaren bidez konpontzeko saiakeren ondorioa da. Akordio baten ondorioa. Erreferendumak berak eta emaitzak gatazkak edo interes kontrajarriek hor dirautela argi erakutsi dute, eta bide baten amaiera baino gehiago, negoziazio saio berri baten hasiera ekarri du. Brexitak, beste adibide bat jartzearren, ez zuen zuzenean eta berehala ekarri Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzea, baizik eta Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko bien arteko negoziazioei hasiera eman zien.

2021eko maiatzean, egun hauetan, Papua Ginea Berriaren eta Bougainvilleren arteko elkarrizketa saio mamitsu bat gauzatu da. Helburua? Erreferendumaren emaitzen inguruko gogoeta egin eta 1998ko bake prozesuaren inplementazioarekin aurrera nola jarraitu adostea. Elkarrizketa saio horren amaieran, maiatzaren 19an, Papua Ginea Berriko lehen ministroa den James Marapek eta Bougainvilleko Autonomia Gobernuko lehendakaria den Ishmael Toroamak deklarazio bat publiko egin zuten elkarrekin. Batera deklarazio bat egiteak badu berez bere garrantzia. Deklarazioaren mamia, horrelako deklarazioetan ohikoa denez, nahiko anbiguoa da, baina modu ofizialean onartu egiten du Bougainvilleko biztanleen gehiengoak independentziaren alde bozkatu duela.

Bougainvilleko independentistentzat horren esanahi nagusia independentzia gauzatzea eta Papua Ginea Berriarekin izango duten harreman estatus berria negoziatzea da. Papua Ginea Berriarentzat, aldiz, honen esanahia ezberdina da, negoziazio gehiago eta hurrengo gobernuaren esku uztea bien arteko harremana nolakoa izango den etorkizunean. Hauteskundeak datoz Papua Ginea Berrira, eta bertako adituen arabera, Marapek ez ditu berriz irabaziko.

15.000 kilometrora egonik ere, badira guretzat interesgarriak diren irakaspenak. Lehena, prozesuaren garrantzia, E egunik ez da existitzen, ez da egongo, eta ematen diren aurrerapausoak eta atzerapausoak prozesu baten ikuspegitik aztertu behar dira. Gerra zibila, bake prozesua, negoziazioak, erreferenduma eta berriro negoziazioak. Statu quoa defendatzen dutenek behin irabazita, prozesuaren amaiera ekar dezake. Papua Ginea Berriak gerra, negoziazioak edo erreferenduma irabazi izan balitu akabo. Independentistek erreferenduma irabazi dute baina horrek ez du garaipena ekarri. Gerturatu du, dudarik gabe, baina oraindik ikusteko dago independentzia lortuko duten edo ez. Akordioen baliorik eza edo hobeto esanda, moldagarritasuna. Erreferenduma ez-loteslea zen, legalki bere emaitzak ez du ondoriorik, baina legitimitate ikuspegi batetik argi dago emaitza kontuan hartzera behartua izan dela Papua Ginea Berriko Gobernua. Nazioarteko ikuspegitik, araua ez den arren, gero eta gehiago erabiltzen da eta nahiko hedatua dago halako gatazkak konpontzeko bide egokiena, eraginkorrena, erreferendum adostua dela. Laster Eskozian ere ikusiko dugu. Nicola Sturgeonek berriki esan bezala, galdera ez da erreferenduma egiterik dagoen, baizik eta noiz egingo den. Betiere horren aldeko gehiengo bat artikulatzeko gai zarenean noski. Eta azkenik, independentziarako bidean Bougainvilleko independentistek daukaten arriskuetako bat barne liskarrak eta horiek ekar ditzaketen ondorio latzak dira. Ezaguna egiten zaizue? Esan bezala, badira, bai, gurean eta gure inguru hurbilean garatzen ari diren zenbait prozesu independentistentzat irakaspen interesgarriak dakartzatenak. •