RAFAT, MARIAM, SUZY... GAZARI BEGIRA . We Are Not Numbers, zifren atzean dauden istorioak munduratuz

Rafat Taninik denboraldi baterako lanaldi erdiko lanbide desberdinak zituen. Lau seme-alaba zituen, zaharrena zazpi urtekoa, eta emaztea lau hilabeteko haurdun zegoen. Bizilagun baten etxera joan ziren, haiena beraiena baino seguruagoa zelakoan. Familiako zazpi kideak hilda daude orain. Taniniren gorpua aurkitu zutenean, emaztea eta seme-alabak gogor besarkatuta zituen, bonbardaketatik babestu nahian.

«Gauean, umeak gure ohean sartu ditut lotara. Horrela, hiltzen bagara, elkarrekin hilko gara, inor ez da bizirik aterako maite ditugunak lurperatzeko». Eman Basherrek, Gazako ama batek, idatzitako mezua da.

Mariam Talbanik hiru urte zituen. Bere anaia Zaidek bost. Haien ama, Remaa, haurdun zegoen. Israelen aire eraso batek beren etxea suntsitu zuen. Hirurak hilda daude, baina Mariamen gorpua ezin izan dute aurkitu hondakinen artean.

Hamabi orduren ondoren, erreskate taldeek sei urteko Suzy Ishkuntana bere etxeko hondakinen artetik bizirik atera ahal izan zuten. Soilik bere aita eta bera atera ziren onik. Denera, zazpi senide galdu zituen.

Duela bi aste Israelek hasi zuen ofentsibak 220 palestinar baino gehiago hil ditu, horietatik 63 haurrak, 725 etxeri egin die eraso, 156 eraikin suntsitu ditu eta 72.000 lagunek bizilekua utzi behar izan dute. We Are Not Numbers proiektuaren Twitter kontuak zifra bakoitzaren atzean dagoen istorioak munduratzen ditu, eta horrez gain, aire eraso bortitzen ondorioen erakusleiho bihurtu da, biktimak ez direlako zifra hutsak.