Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Ginzburgen zartadak

Londres «ireki» zutenean egin nuen lehenengoko gauzetako bat Marylebone auzoan dagoen Daunt Books liburu dendara joatea izan zen. Jatorriz antigoalekoen merkatari baten saltokia izandakoa, eduardotar garaiko arkitektura ezaugarri asko oraindik bere horretan mantentzen ditu. Neurrira egindako lehenengo liburu denda izan zela esaten da. Liburuak geografikoki sailkatuta daude, kontinente eta lurraldeen izenekin apalak etiketatuz.

Han aurkitu nituen Natalia Ginzburg idazle italiarraren hainbat liburu lehenengo aldiz azken bisita horretan, liburu denda egiten ari den promozio batzuen artean, haren heriotzaren hogeita hamargarren urteurrena gogoratuz.

Igela argitaletxearen eskutik ditugu hiru libururen itzulpenak: “Gure etxeko kontuak”, “Arratseko ahotsak” eta “Hirira doan bidea”. Cesare Pavesek hogeita bost urteko Ginzburgi postal bat idatzi zion, erronka berezi bat eginez: «Nahiko haur izan dituzu dagoeneko, eta orain ezetz idatzi nire liburuak baino hobea den zerbait». Izan ere, ordurako hiru haur zituen Ginzburgek. Erronka horren emaitza izan zen “Hirira doan bidea”, 1942. urtean ezizenpean argitaratua, Ginzburgen senarra jarduera antifaxistengatik ihesian zebilelako.

Liburu hori izan zen irakurri nuen lehenengoa. Hitzen hoztasuna, zorroztasuna eta gardentasuna nabarmentzekoak dira. Hiriek ez daukate izenik, ezta pertsonaiek abizenik ere, eta deskribapenak laburrak eta zehatzak dira, anbiguotasunari lekurik eman gabe. Eguneroko bizitzako zeregin normalek ez dute irakurlea aspertzen, hiri handi batek iradokitzen dituen ametsetara joan-etorrian ibiltzen da protagonista eta harreman ezberdinen kontaketan zentratzen da trama. Emakumeengan inposatutako muga sozial eta emozionalak azaltzeko egiten duen ariketak atentzioa eman zidan; narrazioaren sinpletasuna, mezu sofistikatuak barneratuz, modu intelektual batean. Ezer ezkutatu gabe, arimaren araztasuna liburuaren orrietan sentitzen da. «Esaldi bakoitza zartada edo belarrondoko bat izatea nahi nuen», adierazi zuen Ginzburgek. Maisutasunez lortzen duela iruditu zait.

Sarean bueltaka nenbilela, Canok idatzitako kritika bat aurkitu nuen. Gesualdo Bufalinok bi eratako idazleak bereizten zituela esaten zuen: esku ahurra ireki eta bertan erortzen den guztia pilatuz idazten dutenak batetik, eta esku ahurrari buelta eman eta eskura erortzen zaion guztiari irrist egiten utzi ondoren, esku gainean geratzen den apur hori beste guztia biltzeko gaitasun atzemangaitza duten maluta gutxi batzuk soil-soilik erabiliz idazten dutenak. Sedimentazioa da lehen idazle motaren lanerako moldea; orori irrist egiten utzi eta esentzia harrapatzen saiatzea, bigarrenarena. Ginzburg bigarren multzoan zegoela aipatzen zuen.

Canok hori idatzi zuenetik, hogei urte beranduago nator ni, baina deskribapen horrek ezin hobeto biltzen du Ginzburgek esentzia azalarazteko duen gaitasuna. •