Maite Ubiria Beaumont

Zergatik etorri zarete gure txertoak hartzera?

Gure nazioaren jabe direla sinetsita horren arabera jokatzen duten bi estatuen kudeatzaileek ez dute aukerarik galdu, arrapaladan, txertaketa prozesua abantzu birkonkistarako auzi bilakatzeko. Gutxitan aipatu da, ordea, liberalismoaren ikur berri gisa hartua den Emmanuel Macronen eta sozialdemokraziak Europa hegoaldean bizi duen gainbeherari murrua ezartzearren buruzagiaren altuera aitortu zaion Pedro Sanchezen arteko antzekotasuna.

Eliseoko eta Moncloako komunikazio estrategiek iturri beretik edan dute eta, batzuetan, hizkuntzaren aldetik ere hainbat diskurtso itzulpen automatikoa erabilita aletu dituztela erran daiteke.

Euskal Herria irudikatzen duen egitasmo historikoa soilik ez baizik eta engaiamendu kolektiboa ere lainotzeko bidean Madrilek zein Parisek bertze hainbat aferetan baliatzen dituzten bitartekariak joko eremutik at utzi dituzte. Parisetik hasita eta Euskal Herriko azkeneko herriraino, aginte katea bakarra. Txertoen jauna bilakaturik, Macronek erabaki du noiz, nola, non eta zer esan txertaketari buruz. Frantziartasunaren gorazarre egiteko baliatu duen osasun kanpainan berak irudikatzen duen botere zentralizatua izan da une oro ikusgai. Demokraziak eta banaketa administratiboak berak aurreikusten dituzten bertze estai guztiak ezabatuak izan dira. Erregea eta herria, hori izan da komunikazio lerroa. Ekintza politikoaren gaineko xehetasunetan sartzea ez du merezi gehiegi, garaiak agintzen baitu, omen, hori bigarren mailako aferen bilduman sartzea.

Heldu den urtean Eliseoko alokairua berritzeko esperantzaz hauteskundeak ditu Macronek. Bestalde, txertaketa kanpaina arrakastatsua, esku batean, eta Bruselako diru funtsak, bestean; karta onak baditu, antza, Moncloatik partida banatzen duen Sanchezek. Udan gobernua berrosatuko duela diote, baina hauteskunde egutegiarekin jokatzeko aukera baliatuko duen ikusteke dago.

Frantziar zentralismoak erraz jarri dio Macroni jakobinismo 5.0 plantan ematea, pandemiak irudikatzen dituen premiak argudiatuta. 1978an bestelako joko arau bat ezarri zuten, lurralde antolaketari begira, espainiar Estatuan, baina desmuntaketa aspalditik hasi zen. Lehenik «Loapa»ren bidez eta handik aurrera Auzitegi Konstituzionalean auzitan emanez Iruñeko eta Gasteizko parlamentuen erabakiak. Denontzako kafeak badu, hori bai, bertsio digitala: lehendakariak edozein presidente autonomikoren plano subsidiario berean kokatzen dituzten Skype bidezko bilerak.

Niri txertoa eman didate. “Merci, Macron” ez nauzu, ordea, abesten entzungo. Zu heldu zara Lapurdira. Madrildar hark lehen egin omen zuen balentria errepikatzera. Zure udako plana nire semearena baino coolagoa delakoan. Lapurtar izanik berak egun batzuk itxaron beharko du txertoa hartzeko. Gasteizko arduradunek deus ez jakitea ez nau harritzen, fakez beteriko informazioa hauspotzea larriagoa iruditzen zait. Osasun sailburuak txertaketa horien homologazioak sor zezakeen ustezko arazoari heldu zion, eta LABIren koordinatzaileak hainbat hedabidek emandako sasi informazioa ahoskatu zuen, gezurrak barne. Ez dakite, eta ez dute disimulua gordetzen. Gu, kazetariok, tarteka espektakulazioari muzin eginez ausartuko gara galdetzera zergatik alde batean txertoak dauden eta bestean aitzakiak? •