Gerardo MUNGIA

ETA MAITA HERRIA... (BIGARREN ATALA)

Bigarren atal honetan, lehen peredikuan, pastoraleko sujet edo protagonistak aurkezten dira: Patxi eta Idoia. Iruñera joan dira biak lan egitera, zein bere herritik, eta han ezagutuko dute elkar. Lehenengo jelkaldian hasiko da haien istorioa.

LEHEN PEREDIKÜA

Arizale guziak (kanpotik) eszenatokirat iganen dira. Pastorala abian da.

1. Herri-antzerkia azkar

Baskoniako ibarretan.

Mauletik Bargotarat.

Hiri hontako karriketan.

2. Agur, jende orori!

Egun on Euskal Herria!

Pastoralak sor ditzala

negarra eta irria!

3. Gaurko gure süjetak,

alegiazkoak izanki,

bataiatuko ditugu

bat Idoia bertzea Patxi.

4. Biziko duten abentura

guzientzat ezaguna.

Nekazaritza utzirik

fabrikan etorkizuna.

5. Etxean zituzten jakin (ezagutu)

ardi, behi eta mandoak.

Baratzea, belardiak,

basoko lanak, soroak…

6. Epe aski laburrean

bizimoldeak aldatu.

Herrian beren asmoak

baitzitzaizkien hondatu.

7. Iruñerat abiatu.

Laster lantegian hasi

gostuko ez zuten lanetan.

Nonbaitetik behar bizi!

8. Hala ere sorlekua

maitatzen zuten biziki.

Ia astero egiten

bat edo biga sar-ilki (bisita arina).

9. Gure hizkuntza aldeko

defentsan ziren agudo.

Klase-arteko borrokan

izanik ere arras kauto (zentzudun).

10. Patxi auzo gau-eskolan

maitemindu zen Idoiaz.

Elkarrekin kamus (ezer gabe) hasi.

Alta, bizitzeko doiaz.

11. Andrea haur beharretan.

Bikotea zorion gosez

apaintzen beren habia.

Uros (zoriontsu) izateko luzez.

12. Sar zaitezte eta ikusi

gure antzerki nazionala.

Xiberoan sustaturik.

Hots, gure Herri-pastorala.

Arizaleak eszenatokitik erretira, bakoitza bere atetik. Eszenatokia orobat hutsik geratu da.

1. JELKALDIA

Patxi gaztea Euskal Herriko herri tiki batean sortu da. Laborarien familia luze baten barnean. Lurra errentagarritasun aldetik gero eta antzuagoa da; abeltzaintza berdin. Makineria berria tai gabe sartzen ari da; subentzio guti, legar handiak… Nekazaritza xehez bizi izatea zaila da egun.

Jelki taulara Patxiren familia (borta urdinetik); etxeko sukaldean solasean hasten dira.

Fermin (aita)

13. Ez duk urterik hoberena.

Matxuratuta traktorra.

Mahastietan bizkarroiak.

Lurra ja ez da bihikorra.

14. Garagarren prezioa

gutitu duk neurri gabe.

Esnearenaz, haragienaz

ez mintzatzea diat hobe.

Donado (osaba)

15. Aberatsa ez bahaiz,

PAC* sarien eskuratzeak

mozkorren eleak dituk.

Zaramazkiek haizeak.

16. Urruneko intxaurrak

izan daitezkek hamalau;

usu agitzen bezala

hurbiltzen haiz eta lau.

Leire (ama)

17. Herrian zituan dendak,

ostatuak, ogi labe,

harategia, botika…

Ikusi, husturik tanpez.

18. Bertako eskola zaharra

aspaldian zitean itxi.

Egunero autobusez

nahi baditek ikasi.

Izaga (arreba tikia)

19. Eskualdeko eskolarat

bertakoa itxiz gero.

Inguruko haurreria

han biltzen gara egunero.

Alaitz (arreba tikiena)

20. Erran nahi dut bat oraino:

Maite dudala handizki

autobusez joatea.

Marirekin bereziki.

Xabier (anaia)

21. Zer duzue neskatikoek?

Tarrapataka ohera!

Nagusien eleketak

zuentzat dira sobera.

Haurrak erretira ate urdinetik (eskuin).

Eneko (anai gehiena)

22. Traktore gidaria naiz,

soldata ona badaukat.

Honek lagunduko, arauz (jakina),

jarraitzeko aitzinerat.

Donado (osaba)

23. Patxi saiatuko balitz

Iruñean lana xerkatzen…

Mekanikan jaioa duk.

Txopia (bultzada tikia) zaiok faltatzen.

Eneko (anai gehiena)

24. Elekatuko natzaio

beheko landetan bihar.

Ezin jakin zer barra duen...

Gogo onez dezake har…

Guziak taulatik erretira ate urdinetik.

2. JELKALDIA

Eneko (anaia) Patxirekin mintzatu da eta honek Iruñerat joatea onartu du. Herrian oraindik, hondarreko egunak aprobetxatzen, profitatzen ari da inausketako lanetan.

Jelki taulara Patxi eta Araceli adiskidea (ate urdinetik); biak mahasti batean ari dira.

Patxi (süjeta)

25. Zeru oskarbi, zohargia.

Zinez eguraldi ederra.

Eztitasunez haizea

magal hontan, egutera.

Araceli (adiskidea)

26. Txantxangorrien tak-tak-tak.

Kaskabeltzaren txistua.

Okilaren tok, tok, tok, tok.

Txirriskilaren kantua.

27. Mila erleen burrunba.

Ehun kilkerren azantza.

Barbaloten (intsektuak) harrabotsa.

Txitxarraren harramantza.

Patxi

28. Ote larreen horaila.

Kuku-prakaren urrina.

Mitxoleten kolorea.

Txilarraren usaina.

Nekazari batzuk handik agertzen dira eta elkar agurtzen dute.

Jelki taulara Patxiren adiskideak (kanpotik).

Birdi (adiskidea)

29. Agur Patxi, ongi zara?

Izan dezazuen egun on.

Ostatutik pasa gero.

Ongi bazaizu, e? gizon.

Beltza (adiskidea)

30. Kartetan izanen gara.

Ilunabarrean, aizu!

Nafarroako mus saria

gori-goria baduzu!

31. Txato (adiskidea)

Joanen zarela, dakigu,

laster Iruña alderat.

Ea zoria baduzun

gure aldetik xedeak.

Jelki eszenatokira arizale guziak (bakoitza bere atetik). Kantatzera doaz.

*PAC: Europako Nekazaritza Politika Bateratua