Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

IDENTITATEAREN ALDEKO TXERTO DOSIA ARGENTINAN

Koronabirusaren kontrako txertaketa baliatuz, Argentinako Maiatzaren Plazako Amonek eta haien bilaketari esker errekuperatu dituzten bilobek identitatearen aldeko kanpaina abian ipini dute Twitterren. Argentinan 40 urtetik gora dituztenei txertoa jartzen hasi dira eta diktadura garaian jaio eta lapurtu zituzten haurrak egun adin tarte horretako helduak direnez, Maiatzaren Plazako Amonen presidenteak, Estela de Carlottok, dei berezi bat egin du: «Txertoa jartzeak zure bizitza salbatzen du; zure identitateari buruzko zalantzak badituzu, bila ezazu egia». Goiko argazkietan, Ignacio Montoya Carlotto (ezkerrean) eta Manuel Gonçalvez azaltzen dira. 2014an eta 1997an, hurrenez hurren, jakin zuten jaiotzean bahitu zituztela. Haien eta aurkitutako biloben mezua honako da: «Egun hauetan txertoa jasotzen ari bazara eta 1975-1980 artean jaio bazinen, bilatzen ari garen bilobetariko bat izan zaitezke. Zalantzak badituzu #Abuelas (abuelas.org.ar)-ekin komunikatu».