Gerardo MUNGIA

ETA MAITA HERRIA... (LAUGARREN ATALA)

Atxilotutako langileak askatu egin dituzte. Patxik euskara ikasi nahi du eta euskaltegi batean eman du izena. Han Idoia ezagutu du, euskaltegiko irakasle eta denda batean lan egiten duena. Herriko bestetara joan dira biak eta elkarrekin maitemindu dira.

Haira ARIZTEGI
Haira ARIZTEGI

4. JELKALDIA.

Atxilotuak aske irten dira. Isun edo amanda neurrigabeak ezarri dizkiete. Baina borrokaren segitzeko sasoiz beterik daude. Patxik gure hizkuntza, euskara, ikasi nahi du eta bizi den auzuneko euskaltegian izena eman du. Egunero harat abiatzen da fabrikako ordutegiaren arabera. Bertan Idoia ezagutuko du; irakaslea da eta denda batean langile. Kurtsoaren lehenbiziko eguna denez, bakoitza bere burua aurkezten ari da.

Jelki taulara ikasle eta irakasleak gau eskolako ikasgelan.

Bixente (irakaslea)

53. Otsagabian sortua.

Betidanik ene nahia

euskaraz erakastea.

Zabiltzate haia-haia!

Idoia (sujeta-irakaslea)

54. Talde koskorra zarete.

Jende ernai alegia.

Gaurdanik izanen duzue

gau eskolan egongia.

Haira (ikaslea)

55. Berriki jubilatua.

Bizitzea aztertu taxuz,

euskara ene zor zaharra.

Ez diot eginen purrust.

Bea (ikaslea)

56. Beha nazazue lagunak.

Eta bai, senegaldarra.

Nafartartu, euskaldundu.

Mundua jada ñabarra.

Txarli (ikaslea)

57. Hargina ogibidea.

Bi seme-alabaren aita.

Biak euskaldunak dira.

Gaindi nahi dut erronka.

Patrick (ikaslea)

58. Lagun franko Iruñean ez.

Euskara biziki maite.

Ezarririk landuko dut.

Izan dadila bai-urte!

Haira (ikaslea)

59. Iduriz, egun, txapela

bakarrik zahartzaroan.

Nik euskararen txapela

ta gaztetu ber denboran.

Jasone (ikaslea)

60. Politikari zenbaiti

euskara kontra-zulotik.

Futxo! Iraganaraziz

erdararen zirgilotik.

Esther (ikaslea)

61. Euskaraz dantzudalarik

berehala ni bekaizti.

Mintzatzeko ezinean

naizelakoz ahalketi.

Patxik ikasgelako orori proposamen bat luzatzen die.

Patxi

62. Mendien falta sentituz,

sagardiak, goi pikarrak,

baratzeak, oihanak,

ardiak, behiak, behorrak…

63. Nik kumitatzen zaituztet

gure herrira, konpaiak.

Familiaren etxera.

Izanen baitira jaiak.

Idoia

64. Ados, ez da xede txarra.

Gaurdanik zure aiduru.

Telefonoz deitu otoi.

Goait egonen naiz, ni pürü.

Jelki agertokira arizale guziak. Bakoitza bere atetik. Kantatzera doaz.

2. KANTOREA: Euskara noizbait

–Aita gaur entzun diot aitatxiri eleka

bere lagun batekin mendiko bidexkan.

Ez dut fitsik ulertu, hortaz ene kezka.

Txunditurik behatzen, jakin-min gainezka.

Haien hitzen aireak hartu nau estekan.

–Hirurak eskuz esku, ni erdian nonbait,

abian jarri gara, norantz ez baitakit.

Etxe baterat heldu, barnean jadanik,

otamena mahaian, edateko zerbait.

Berek mintzo ederrean, nik konpreni ez tirrit.

–Sartu da sukaldean etxeko anderea,

aitatxi besarkatu, biak poz beteaz.

Solasean hirurak balira ahaideak.

“Zer hizkuntza den hori” egin diet galdea.

“Guhauren sor-mintzaira”, euskara maitea.

–Zahartzaroak ahal nau egiten hiztuna?

Umetxoa oraino, hau debeiasuna!

Emadazu aita otoi, ai! lasaitasuna,

iritsiko zaidala eni ere eguna.

Noizbait naizela izanen oro euskalduna!

Airea: “Hizkuntza eta Herria”.

Guziak erretira. Agertokia hutsik geratu da.

Jelki oholtzara türk andere-gizonak, haien taula-joko ikusgarriak antzezten.

Oilanda-anderea

I- Espantu larri handietan

zabiltzate “Patxiak”

publiko hutsalarentzat.

Zuendako goraintziak.

Laila la laila la...

Beltxarga-anderea

II- Hara! Ze paketa duen

istape lorios hortan!

Erotzen naun, berotzen naun.

Sua hezur zainetan.

Laila la laila la...

Zirlinga-anderea

III- Ametsetarik iratzar

dohakabe alaena.

Alta, alferrik galduko dun

lumarik ederrena.

Laila la laila la...

Erregetxopit-gizona

IV- Amainariak “Idoiak”,

zuen burueri behaz.

Mundu honetako taulan.

Hisiaturik, ontsalaz.

Laila la laila la...

Larrepetit-gizona

V- A! Ze gilak dakuskidan

gorputz ezti horretan!

Surik gabe irakiten

din odolak zainetan.

Laila la laila la...

Guziak

VI- “Oilarrak orotan oilar

nahiz kantari ederra”.

Attulik* idatzi zian.

Ez zuan batere okerra.

Laila la laila la...

Airea: Buhamiak. Türkak erretira ate gorritik. Oholtza hutsik geratu da.

5. JELKALDIA

Idoia eta Patxi herriko bestetarat elkarrekin joan dira. Goizetik ibili dira karriketan barna jendeak agurtzen, edaten, dantzatzen, kantuz… Udako beroak bazterrak txokartzen ari dira. Bi gazteak amodioaren deialdiari lotzen ari dira.

Jelki taulara Patxi eta Idoia; jelki herriko jendea bestaz gozatuz. Guziek “Jauzi bat” dantzatzen dute. Gero denak agertokitik erretira, salbu Patxi eta Idoia.

Patxi (Idoiari)

65. Hau beroa uda hontan!

Luze, motel, zinez idor.

Joan gaitezen errekarat,

ordu hauetan ez da inor.

66. Erreka gertuan, hurbil.

Urak gardenak, aratzak.

Kapen egiteko lasai.

Leku atzendua, antza.

Biak hurbileko errekarat doaz gorputzen freskatzeko estakuruan.

Idoia

67. Ene aldetik bai, ados.

Azkenean biok bakarrik.

Hainbertze jai eta harrabots,

ia ez baitut indarrik…

68. Aizu, bainujantzirik ez...

Zertarako nahi dugu?

Larruak larruari junta…

Amodioa dagigun!

Jelki dantzariak: Amodiozko dantza. Gero guziak taulatik erretira.

*Attuli: Alexis Etchekopar, Barkoxeko ospe handiko behialako koblakaria