Ander Gortazar
Arkitektoa

«Hondalea»-ren alde (eta kontra)

Word-eko zuzentzaileak gorriz azpimarratu dit «Hondalea». Oihenart-en XVII. mendeko testuetatik berreskuratu du hitza Beñat Sarasola idazleak, Cristina Iglesias eskultorearen lan berriari izena emateko. Euskal kostaldeko geologia eta ekologia irudikatu ditu Iglesiasek Santa Klara uharteko itsasargiko etxean; fikziozko indusketa moduko bat brontzezko pieza eder baten bidez. Formalki arrunt interesgarria iruditu zait, lehen begi-kolpetik ikuspegi orokorrera eta xehetasunetaraino; uraren erabilerak ere –nire aurreiritzien kontra, aitortuko dut– eskultura indartzen duela iruditzen zait. Formak funtzionatzen du, beraz, eta hori artistaren eskuari bezainbeste zor zaio artisautza eta teknologia prozesu arrakastatsu bati. Zeinen garrantzitsuak diren, eta zeinen aitormen txikia izan ohi duten.

Nire zalantzek zerikusi gehiago dute kontzeptuarekin formarekin baino. Forma fikziozkoa den arren –ez baita inguru zehatz baten argazki zehatza–, irudikapena figuratiboa da, eta erraz antzematen dira gure itsasertzeko arrokak, harri higatuak, geruzak eta tolesturak. Materializazioa ikusgarria den arren, irlan bertan edo kostaldeko edozein labarretan ikus daitezkeen forma berak dira; brontzez jantziak baina forma berberak, finean. Figuratiboegia, literalegia ez ote den, eta geruza abstraktuago batek on egingo liokeela, horra hor nire arantza bat.

Arte publikoaren bilakaerari buruzko pistak ere ematen dizkigu «Hondaleak». Txillidaren «Haizearen orrazia»-k, handik metro eskas batzuetara, eskultura eta espazio publikoa lantzen ditu; librea du sarrera eta joan zaitezke egunez, gauez, bakarrik, taldean, eguzkitan, euripean, aurretiaz programatuta ala azken orduan erabakita. Artea, arkitektura eta espazio publikoa, hirurak dira garrantzitsuak toki zehatz baterako pentsatua zegoen “Haizearen orrazia”-n. Ez zuten zorte bera izan Oteizak eta Basterretxeak. Lehenengoaren kasuan, 1957ko “Eraikuntza hutsa/Construcción vacía con cuatro unidades planas negativo-positivo” lana hartu, tamainaz handitu –jatorrizkoak 31,5 x 45,5 x 29,5 cm ditu– eta Paseo Berrian kokatu zuten, harekin zorrak kitatzeko helburuarekin ia. Basterretxearen “Bakearen usoak” hiru kokaleku ezberdin izan ditu, oraingoz.

“Hondalea”-ren kasuan, artelana leku zehatz baterako pentsatua dagoen arren, arkitekturarekin eta espazio publikoarekin duen harremana ezberdina da, apenas existitzen baita. Arkitektura esperientziaren parte baino akzesorio bat besterik ez da, aurreexistentzia edo baldintza soila. Traba izateraino –ausartuko naiz esatera–, egungo panorama arkitektonikoaren sintoma edo premonizio ere izan daitekeena. Sarrera doakoa da, oraingoz bederen, baina espresuki joan behar duzu hara, aurretiaz erabakia; Santa Klara uhartean bueltaxka bat eman dezakezu lehenago ala ondoren, baina nik bederen ez nuen ulertu eskulturaren parte moduan, Iglesiasek aldarrikatzen duen moduan.

Intuizioa soilik da, baina kasu egin izan ohi diot. «Haizearen orrazia» sentitu, gozatu eta maiz erabiltzen dudan bitartean, «Hondalea» beste gauza bat da. Nire kasuan, nola esan, kontsumitu egin izan banu bezala izan zen, eta agian horrela behar du izan, ala agian horrela da, hori delako arte publikoaren –eta beste gauza askoren– bilakaera garaikidea. •