Maider Iantzi Goienetxe

Deus gertatuko ez balitz bezala

Uda sasoi honetako oporrak eta geldialdia –laburtzen ari dena, portzierto– aproposak izaten dira gogoetatzeko, lagunekin edo gure buruarekin; aste honetakoa bezalako eguraldiarekin eta zerbait goxoa dastatuz bada, hobeki. Liburu baten orrialdeen patxadan galtzea maite dut, ez dela deus gertatzen ematen duen naturan, edo tarteka –gero eta murritzagoak iruditzen zaizkidan aldiak– idazten ditudan zutabe hauetan.

Espiritualitatea. Hitza ez zait gustatzen, erruduntasun sentimendua iltzatu zigun erlijioarekin lotzen dudalako. Mesfidantzaz ez bada ikaraz begiratzen diedan mediumekin bertzela. Baina noizean behin izaten diren inspirazio une horietako batean, gosari lasai batean, hau lantzeko dagoen beharra atera zen. Izan ere, egunerokoan sartzen gara ezagutzen dugun mundu hau betitik eta betiko existituko balitz bezala.

Hain agudo doa dena... Berrikuntza teknologikoek gainezka egiten digute, gure garuna erritmo pausatuagoetara ohitua dagoelako. Horregatik, batzuetan gailu hauek itzali eta bizitzaren testurak ukitzea behar dugu. Natura zaintzeko espiritualtasun bat behar dela irakurri diot Victor M. Toledo biologoari. Norberak egiteko ariketa da, meditatuz edo barnera so, intuizioz, gure txikitasuna umiltasunez onartuz. Harrituz, miretsiz, galdetuz. Jaiotzea zer magia den. Hiltzean nola pasatzen zaren segundo batean hemen egotetik auskalo nora. Naturan gertatzen ari denari, hau da, gertatzen ari zaigunari kasu egitea nahiko nuke –izurrite honetan, kasurako– ezer gertatuko ez balitz bezala egiteari utzita. •