Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Emozioak ala ezagutza?

Kurtsoa hastera doa eta, urtero lez, etorri zaizkit amesgaiztoak (izugarrizko iskanbilak ikasleekin, ezin topatu hurrengo orduko gela institutuan…). Norbaiti irakurri nion amets horiek ohikoak direla eta gogorarazten digutela nahiz eta lanpostu berri batera joan, aurrekoetan kapaz izan zarela lana ederki egiteko eta, beraz, ez bereziki larritzeko. Horrela bada, gaitz erdi.

Azkenaldian zenbait irakasle espainiar jarraitzen ditut sareetan. Ikuspegi marxista batetik hezkuntza legeei eta administrazioaren inertziei eta joerei kritika zorrotza egiten diete. Horregatik, interesez irakurtzen ditut haien txioak. Bestalde, espainiar ezkerraren zati handi baten aurreiritzi nazionalistak ere konpartitzen dituzte, zoritxarrez: hizkuntza komuna erakutsi behar omen zaie irakasleei eta gainontzeko hizkuntzak oztopo ei dira ikasketa prozesuan. Zera erantzuteko gogoarekin geratzen naiz, hizkuntza komuna edukitzekotan euskara dugula, Pirinioen bi aldeetan erabiltzen baitugu.

Kontua da irakasle horien eskutik jaso dudala espainiar Gobernuaren lege berriak “hezkuntza emozionala” lehen lerrora eramango duela (eta gure autonomien egiteko bakarra espainiar legea egokitzea den heinean, gauza bera gertatuko da EAEko eta Nafarroa Garaiko hezkuntza sistemetan). Ezagutzak jada sarean omen daude, ez dizkie inork erakutsi behar, eskolak gizartearen eskakizunen arabera (nork zehaztuak? BBVAk?) hezi behar omen du, emozionalki.

Hori horrela izatekotan, kontuan eduki behar genuke ongizate emozionalean egoera sozioekonomikoak eta familiako harremanek eskolak baino askoz ere eragin handiagoa dutela (ikasleek egunaren bostena bakarrik pasatzen dute eskolan). Beraz, ezin da eskolaren gain utzi ongizate emozionala, hezkuntzan erreforma fundazio eta hitzaldi arranditsuen bidez sustatzen duten lobby berberek gutxieneko soldata izoztea eta lan erreforma bere baitan mantentzea galdatzen dutenean.

Bestetik, ongizate emozionala behin eta berriro lotzen dute (irakasleok jasotzen ditugun formakuntza saioetan ere) erresilientzia delakoarekin, hau da, egoera aldakorrera moldatzeko ahalmenarekin, inoiz ere egoera hori onargarria den edo ez zalantzan jarri gabe. Hau da, rider konpainiek nahi duten langile eredurako prestatzearekin: beti lanerako prest egongo dena (ordutegirik eta soldata zehatzik gabe) eta enpresariek erabakitako aldaketa guztiak irribarrez onartuko dituena. Gainera, erabateko ziurgabetasunak desoreka emozionalik eragingo ez dion langilea. Hau da, haserretuko ez dena eta sindikatuak eta grebak antolatuko ez dituena. Finean, sistema zalantzan jarriko ez duena. Izan ere, ideia horixe dago “hezkuntza emozionalaren” eta “pedagogia berrien” mantraren azpian, nahiz eta hitz ederrez apaintzen diguten.

Denok nahi dugu gure gaztetxoak emozionalki ahalduntzea. Baina oreka emozionala ezagutzarekin dago lotuta. “Hezkuntza emozionala” barik, beharrezkoa dugu Matematika erakustea (ikus dezaten nola esplotatzen dituzten lanean), beharrezkoa dugu Historia erakustea (jakin ditzaten beren zapalkuntzaren erroak), beharrezkoa dugu Geografia erakustea (ikusteko zein auzotan bizi diren eta nolatan eraikia dagoen horrela…) eta abar. “Pedagogia berrien” eta “hezkuntza emozionalaren” etiketekin, gehiengoaren seme-alabei mundua ulertzeko eta berori eraldatzeko giltza kentzea bilatzen dute, elitearen mesedetan. Horregatik, funtsezkoa dugu ezagutzari zor zaion garrantzia ematea eta gure ikasleak benetan ahaldunduko dituen “ezagutzaren hezkuntzaren” alde lehenbailehen lanean jartzea. •