Interview
Nagore Azuabarrena
Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoko presidentea

«Europatik datozen dirulaguntzen kudeaketan, erreferentea izan nahi dugu herritarrentzat»

Nagore Azuabarrena Anduaga (Donostia, 1979) Gipuzkoako Aparejadoreen Elkargoko lehenengo emakume presidentea da. Donostiarrak erakundearen erronkez eta oso presente dagoen baina gutxitan albiste den lanbideaz hitz egin du GAUR8rekin.

gara-2021-09-02-Entrevista

Gutxigatik ez da 800 elkargokidetara heltzen Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoak ordezkatzen dituen profesionalen kopurua. Orain, historian lehen aldiz, emakume bat egongo da erakundearen buruan, Gipuzkoa eta EAEn, nabarmendu dutenez. Ez hori bakarrik, ondoan izango duen batzordea ere lehen aldiz ere parekidea da, generoari dagokionez. Nagore Azuabarrena Anduagak hurrengo lau urteetan aurrean dituen erronkez hitz egin du GAUR8rekin. Onartu du emakumezko bat presidentetzara heltzea urratsa egin eta ardura hartzeko bultzada izan dela, baina sektorean bizi denaren isla dela erantsi du, jardueraren egunerokotasunean parekotasun zifretara heltzen ari delako ofizioa, obra postuetan, udal postuetan edo postu liberaletan, besteak beste. Egia esan, egunerokotasunaren arlo ugaritan daude aparejadoreak, baina zer dago lanbidearen atzean? Hainbat zertzelada eman ditu, ofiziora hurbiltzeko.

Elkargoaren historiako lehen presidente emakumezkoa eta lehen aldiz parekidea den batzordea. Urrats naturala izan dela esan duzu, lanbidean dagoenaren isla.

Bai, aurreko batzordean hiru gizonezko eta bi emakumezko ginen, eta orain, hiru eta hiru gara. Gero eta emakume gehiago gaude lanbide honetan, gero eta emakumezko gehiago dago obretan, ez langile bezala, baina bai aparejadore bezala, eta horregatik diogu elkargoak kaleko errealitatea islatzen duela, emakumeak ere hor gaudelako, eta nahiz eta aparejadore gizonezko asko egon, emakumezkoak ere badaudelako.

Zeintzuk dira elkargo baten zereginak?

Asko. Alde batetik, ikus-onetsiak egiten ditugu, dokumentuen kontrola, gure elkargoan sartzen diren proiektuek gutxieneko batzuk betetzen dituztela ziurtatzea... baina horrez gain, formazio ikastaroak egiten ditugu, proiektu edo obren gainean heltzen diren kontsultak erantzuten ditugu, aseguru profesionalak kudeatu... eta kultura ekitaldiak ere antolatzen ditugu. Gauza asko dira, baina garrantzitsuena behar gaituztenean gure elkargokideen atzean egotea da. Ager daitezkeen behar horiek ezberdinak dira, batzuentzat kulturalak izan daitezke, beste batzuentzat profesionalak, aseguruei buruzkoak, formakuntzari lotutakoak...

Proiektu guztiak pasatu behar dira elkargotik oniritzia jasotzeko?

Guztiak ez. Proiektu mota asko ditugu, eta arkitektoen ondoan gaude obra handietan. Obra handietako zuzenbide horiek, adibidez, bai, ikus-onetsiak izan behar dira. Sarritan esaten dugu kasu askotan oniritzia agian ez dela beharrezkoa baina horrek segurtasun bat ematen dizu, eta eramaten duzun lekuan ikusi ahal izatea proiektua nonbaitetik pasatu dela, errebisatuta dagoela... beste formaltasun bat da eta beste berme batzuk ditu. Horren atzean, aseguru bat dago, edozer gertatzen bada elkargoak kudeatzen dizkizu gauza guztiak... Badaude guk bakarrik egin ditzakegun lanak, adibidez, etxeko berrikuntza bat, baina lan handiek bi figurak behar dituzte, eta legeak ezberdintzen du zer den obra handia eta zer txikia. Handia bada, arkitektoa eta aparejadorea behar ditu, derrigorrezkoa da.

Zeintzuk dira Nagore Azuabarrenak hurrengo lau urteetarako Gipuzkoako Elkargoarentzat finkatu dituen helburuak?

Beti esaten dut hemen gaudela elkargokideak eskatzen duena eta behar duena emateko. Orduan, egin behar dugun lehen gauza da zer behar duten jakitea eta gero gauzatzea. Gakoa da zerbitzurik onena ematea, elkargoa beraiek direlako.

Karguen berritzearen harira, nabarmendu da batzordeko ordezkaritzan «lanbidearen ofiziozko ereduak» ordezkatuta daudela, «ikuspegi posible guztiak barrutik islatuta egon daitezen». Hain desberdinak dira lanbideak dituen ofizio ereduak?

Oso ezberdinak dira. Gure lanbidearen barruan hainbeste gauza egin ahal ditugu! Adibidez, udal arkitekto tekniko batek, udal bateko teknikaria denak, txostenak egiten ditu, obra baimenak eman... Beste aldean, badago lizentzia hori eskatzen duen aparejadorea, hau da, proiektua egiten duena, udalean sartu behar duena... Gero, badago proiektua gauzatzen duena, garatu egiten duena, kontrata bat daukana... Badago oso ezberdina den arlo bat, segurtasuna obran, obretan segurtasuna betetzen dela ziurtatzea da... Oso ikuspuntu ezberdinak dira, zeren badaude promozioetan aritzen direnak, proiektu bat aurrera ateratzeko beste aparejadore eta arkitekto bat kontratatu dituena... Horrenbeste elkargokide izanda, saiatu gara batzordean ikuspuntu ezberdinak biltzen, ikuspegi ezberdinak izateko egon daitezkeen behar desberdinei erantzuteko.

Lanbideko adar horien guztien artean, aparejadore autonomo liberalak aipatzen dira.

Bai, horiek dira gauza gehien egiten dituztenak, denetarik egiten dutelako. Hau da, ez daude enpresa batean, adibidez, bakarrik segurtasunaz arduratzeko. Agian, enpresa batean segurtasuna kudeatu, eta beste obra batean proiektua egiten dute, beste batean arkitekto batekin exekuzioa egiten du... Udaletxe batean lanean dagoen aparejadore batek txostenak egiten ditu eta bai, txosten oso ezberdinak dira, baina udaletxe txikietan agian gauza gehiago egin behar dituzte.

Helburuen artean, herritarrengana hurbiltzea da zuzendaritza berriak aipatu duen erronketako bat. Nola gauzatuko da hori?

Esan digute irailean aterako direla Europatik etortzen diren dirulaguntzak eta oso potenteak izango dira. Gustatuko litzaiguke, adibidez, kaleko jendeak, herritarrek, gu erreferente gisa izatea, guregana etortzeko eta galdetzeko, laguntzea badaukagulako. Adibidez, guk ireki dugu jada zerrenda bat, eta esan dugu nortzuek nahi duzue hemen sartu, norbait etortzen bada esateko prest egongo zaretela laguntzeko eta dirulaguntza horiek guztiak kudeatzeko? Bizilagunen komunitate batean arazoak badaude, ez badakite nondik jo..., aukera ere badago elkargoarengana jotzeko, eta lagunduko diegu. Bilatzen duguna da herritarrek jakitea gu hor gaudela, beraiei laguntzeko gaudela.

Aukera dago, orduan, erakundeek dirulaguntzen lerro bat zabaltzen badute, elkargoarengana jotzeko?

Noski, egiten diguten kontsultaren arabera alde batetik edo bestetik bideratuko genituzke. Azalduko genuke: ‘kasu honetan aparejadore bat kontratatu behar duzue edo arkitektoa eta aparejadorea, honengana jo, honela egin...’. Egongo dira guk egin ezin ditugun gauzak, baina aholkua emango diegu. Asmo horrekin, orain urte asko ireki genuen webgunean atal bat egokitu genuen herritarren kontsultak jasotzeko.

Pandemiaren ondorioz, askotan esan da espazioei begiratzeko modua aldatu dela. Zuen lanbidean nabaritu duzue enfoke berriak edo begirada berriak daudela?

Goiz da oraindik jakiteko, denbora gutxi da, baina argi dago pandemia honek espazioak begiratzeko oso modu ezberdin bat utzi duela. Ikusten da etxe bat erosterakoan... baina goiz da esateko, oraindik ez dugu oso argi igarri baina joera badago; hasi gara ikusten.

Azken batean, horrek isla izango du lan berrietan, ezta?

Oso argi ikusiko da norbaitek etxe bat egin nahi duenean. Erreforma txikietan ikus daiteke, baina zailagoa da. Hobeto ikusiko da etxe eta eraikin berrietan.

Izurriteak eragina izan du zuen lan eremuan?

Osasun egoeragatik ezarri zen etxealdiko hilabeteetan bai, dena gelditu zelako, baina oro har ez dugu gehiegi nabaritu. Gehienetan, gure lanbidean, krisialdia dagoenean beti iristen zaigu zerbait. Kasu honetan, elkargoan ez dugu nabaritu. Ikus-onetsien kopuruari begiratzen badiogu, zenbat dauzkagun eta zenbat ez, ez dugu beherakada nabaritu, berdin jarraitu du.

Hurrengo urteetarako helburuen artean, aipatu duzue lan, kultura eta hezkuntza proposamen berriak egiteko asmoa dagoela.

Ikus-onetsia egiten duten kideek asko erabiltzen dute elkargoa, kudeaketa hori egiteko elkargoa behar dutelako, baina lanbidean zeregin hori ez duten elkargokide asko daude eta uste dugu proposamen eskaintza zabalagoa egin behar dugula, kultura arloan ere bai. Finean, asmoa da elkargoan egoteagatik ordaintzen den kuota horrek era askotako eskaintzak izatea, kulturalak ere bai. Bestalde, elkargokide berrien kasuan, ikasketak bukatuta elkargora etortzen dira eta beraientzako lan eskaintza zabal bat daukagu, adibidez.

Nondik datorkio lanbiderako bokazioa Nagore Azuabarrenari eta nola heldu da elkargoko presidentea izatera?

Bultzada etxean neukan, zeren aita aparejadorea izan da, jubilatuta dago orain, baina. Orduan, etxean banuen lotura hori eta, gainera, iruditzen zitzaidan lanbidea oso malgua zela, aukera asko ematen zizkidana. Karrera bukatuta estudio batean hasi nintzen lanean, beranduago libre aritu nintzen... baina nire ustez lanbide honek eskaintzen duen onena da egun guztiak desberdinak direla, obrak ezberdinak dira eta aldaketa asko eta handiak izaten dira batetik bestera, ez zara aspertzen. Obra bat hasi, bukatu ere ez denean egin beste bat agertu... eta bigarrenak ez dauka aurrekoarekin zerikusirik. Monotonia baten barruan ezingo nuke lan egin, baina lanbide hau ez da batere monotonoa. Behin elkargoan sartuta, poliki-poliki egiteko gogoarekin gauza gehiagorekin ausartzen zara eta iristen da unea aukera sortzen zaizula, eta egia da historian lehen aldiz emakume presidente bat izan ahal izateak lagundu zuela pausoa ematen. Gustuko ditut elkargoan dauden zereginak eta berdin zait non egin behar diren, goian, behean, aurrean edo atzean, baina iruditu zitzaidan bazela aukera on bat emakume batek ardura hartzeko. Hori izan zen erronka hartzeko gehien bultzatu ninduena.

Ba al duzu proiektu kutunik?

Ezingo nuke bat aukeratu, denek daukate bere gauza, eta azkenean zera baloratzen dut, dena ondo bukatu eta bezeroa gustura gelditzen dela baieztatzea. Bezeroak esaten dizunean ‘eskerrik asko, oso pozik gelditu naiz, oso gustura egon naiz zurekin’, horrek ikusarazten dizu zure lanak merezi duela.

Formakuntza aldetik, zer eskatzen dute elkargokideek?

Gure lanean eragiten duten araudiak ia egunero aldatzen dira, dekretu berriak, etxebizitzetako araudiak aldatzen dira, kode teknikoaren ez dakit zer sail berritzen da... eta horrek eskatzen du eguneratuta egotea. Horregatik saiatzen gara ikastaroak antolatzen, araudi berri horien guztien berri emateko. Orain pentsatzen ari gara gauza bitxiagoak eta desberdinagoak ere proposatzea.