Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Irailaren 11

Irailak 11 zituen Historia bukatu zenean. Edo hasi, nork daki. Bukaera oro baita hasiera, zerbaiten hasiera beste zerbaiten bukaera den gisan. Dorre bat sutan ikusi genuen bazkalondoan telebistan, eta hegazkin bat bigarren dorre baten kontra lehertzen segidan. Amildegi bat sabelean eta hitzik gabeko esatari bat. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio omen zuten munduan hitzak falta zitzaizkigun irudiz mozkortutako gure zentzumen okituetan.

Ustez munduaren zilborra zena sutan, gure babesle omen zirenak ikaratuta. Munduaren orekari eusten zioten plaka tektonikoak kolokan eta gu itsu, mutu, gor, kea zerion telebista bat parean geneukala. Gure ziurtasun guztiak harraskan desagertutako hondakinen moduan irristan. Azaldu ezin genuen zerbait azaldu zitzaigun begien parera, baina artean ez ginen gai zer ote zen deskribatzeko.

Zerbaiten bukaera zela esan ziguten, eta guk «orain zer?» galdetzen genuen, bukaera horrek zer abiatu ote zuen antzeman ezinda. Heldulekuen premia gorrian Afganistanera eraman gintuzten. Ba omen ziren han ia kobazuloetan bizi ziren Erdi Aroko gizon batzuk beren jainkoen alde bizia emateko prest zeudenak. Eta betiko borrokari aurpegi eta bizar berriak erantsi genizkion. Gu eta besteak. Ordena eta kaosa. Erromatarrak eta barbaroak. Zibilizatuak eta jende basa. Arrazoia eta fedea. Mendebaldea eta ekialdea. 20 urte ordutik hona, eta bitartean zenbat dorre erori, zenbat bizitza kolpez ebaki. Besteenak, ordea.

Eta gure sailkapenean eroso sentituko gara, hogei urte igaro eta telebistek oraindik kea isurtzen duten arren. Bat-batean norbaitek iraganaren haragi bizietan hazka egingo digu, ordea. Eta 1937ko apirilaren 26ko Gernika bonbardatura eramango gaitu, edo 1813ko abuztuaren 31ko Donostia kiskalira bestela. Bitan bereizitako mundu hartan gu zer ote ginen galdetuko diogu gure buruari; ordena ala kaosa, erromatarrak ala barbaroak, zibilizatuak ala jende basa, arrazoia ala fedea, mendebaldea ala ekialdea.

Eta erantzun argirik gabe ez duela merezi erabakiko dugu, alferrik dela iraganera begira jartzea, mina besterik ez dagoela egun erori haien kutxa beltzetan, aurrera egin behar dela, gure baitan ere biak dauden arren, ordena eta kaosa alegia, erromatarrak eta barbaroak.

Eta zalantzek zenbat eta azkura handiagoa eragin, zenbat eta hauskorrago sentitu, orduan eta errazago gotortuko gara bando batean edo bestean, iritzi batean edo kontrakoan. Eta aurretiaz ikasitako diskurtsoak harriak bezala jaurtiko dizkiogu kontra egiten digun edonori.

Eta gure ziurtasun txatalak poltsikoetan dauzkagula, ikasturtea hasi orduko bizkarra zuzendu, paparra atera eta ibilera harroz abiatuko gara gure kale behin eta berriz apurtuetan barrena. •