Martin MANTXO

ROJAVAKO EMAKUMEAK (FDNS) AFGANISTANGO EMAKUMEENTZAT ISPILU

Talibanak indarra hartzen eta boterea berreskuratzen ari direlako albisteak arreta bereganatu du berriro. Baita emakumeen aurkako errepresioak ere. Horrek guztiak amorrua eta alarma piztu ditu, jakina, eta hala behar du. Baina inguru horretan eta, zehazki, Afganistanen gertatzen ari dena kontuan hartuta, beharbada ez da aski.

Hogei urte dira talibanek Afganistanen boterea galdu zutenetik, eta ez da ahaztu behar AEBek antolatu eta bultzatu zituztela, gero kontrolatu ezin zituztenean borrokatuak izateko, Al-Qaeda eta ISIS autoritario misoginoekin egin zuten bezala.

1992an AEBek sobietarren aurka egindako kontrol maniobren eta SESBen kolapsoaren ondorioz sortu ziren talibanak. 2001ean izan zen Dorre Bikien aurkako atentatua, Al-Qaedak burututakoa. Orduan, AEBetako gobernua jabetu zen jihadista horiek talibanei esker zeudela Afganistanen, eta “Terrorearen aurkako gerra” delakoa abian jarri zuten bi taldeen aurka. Azaroan talibanak Kabuletik atera ziren –gero berriro agertuko ziren 2006an–. Gauza da, Afganistango Emakumeen Elkarte Iraultzailearen (RAWA) ordezkari batek azaldu duenez, emakumeen aurkako haien arau eta inposizioak ez zirela guztiz amaitu, nahiz eta Afganistan NATOren kontrolpean egon, taliban agintarietako askok boterean jarraitu zutelako. Diotenez, RAWAk lanean aktibo jarraitu du urteotan, baina klandestinitatean.

Beraz, non egon gara orain arte? Non zegoen NATO eta bere gobernuak emakumeen eskubideak bermatzeko? Horrez gain, Afganistango emakumeen egoera dramatikoa da, baina beste herrialde “onargarri” batzuetan ere dramatikoa da, eta Mendebaldeko gobernuen onespena dute, “gurea” barne. Qatarrek, adibidez, Europako enpresa eta jardueretan (energia, bidaia eta turismo jardueretan edo futbol taldeetan) parte hartzen du eta datorren urtean munduko txapelketa antolatuko du, baina Gizonezkoen Tutoretza Legea dago ezarrita. Saudi Arabian, oraindik ere emakumeak harrikatzen dituzte, lan egiteko edo gidatzeko eskubideak murriztuak dituzte, eta haien egoera urtez urte salatzen du Amnesty Internationalek. Jakina, emakumeen zapalkuntza, eskubideei dagokienez, ez da herrialde horietara mugatzen: drama horrek nazioarteko dimentsioa du.

Ez oso urrun, Sirian, beste emakume batzuek antzeko mehatxua izan zuten. Han ere indar inperialistek desegonkortasun eta lurralde kontroleko estrategia berdina ezarri dute, baliabideak eskuratzeko eta horiek garraiatzeko aukera bermatzeko: Afganistanen bezala, sektore erreakzionarioenak babestu eta/edo sortu. Sirian 2011an hasi zen gerratea ISISek hedatzeko baliatu zuen. ISISek aurrera egin zuen bitartean haien misoginia istorio ilunak zabaldu ziren: emakumeen aurkako zigorrak ezartzen zituzten, aurpegira azidoa botaz, flagelatuz edo harrikatzeen bidez, eta emakume asko sexu esklabotzan zeuzkaten. ISISen emakumeekiko jarrera hori ezagutzean, Rojava eta Siria Iparraldeko emakumeek (FDNS) haien aurka armak hartzea erabaki zuten, euren aurrerapenak defendatzeko.

Egoerari buruzko elkarrizketak

Afganistango emakumeen egoerari buruzko elkarrizketarik esanguratsuenetako bat, eta, batez ere, euren egoera aldatzen saiatu diren eta saiatzen diren emakumeei buruzkoa, Emakume Kurduen Mugimenduak berak egin zion RAWA Afganistango Emakumeen Elkarte Iraultzaileari (“Komun Academy”-k argitaratua eta ondoren ArgentinaKO “Crisis” aldizkariak itzulita). Hain zuzen, planteatzen dugun paralelismo horren berrespena aurkitzen dugu elkarrizketa horretan.

Samia Walid elkarrizketatuak “Kurdistango lehoiak” direla dio, eta zera gaineratu du: «Inspirazio iturri eta indar iturri izan dira. ISISen eta beste kriminal basati batzuen aurkako borrokak izugarrizko lezioak eman dizkigu». Izan ere, azaltzen duenez, ISIS ez dela garaiezina erakutsi zuten. Hala ere, antzekotasunak gorabehera, bien egoerak oso desberdinak dira; izan ere, Afganistanen, 2001eko abenduan talibanen porrotaren ondoren lortu zen ustezko demokrazia gorabehera, haien egiturek eta matxismoak neurri handi batean iraun zuten, agintari asko botere egituran birkokatuta zeudelarik.

Bitartean, Rojavan eta Ipar Sirian, eredu iraultzaile berri batek, emakumeen partaidetza aktibo eta paritarioarekin, egitura zapaltzaileak gainditzea lortu zuen. Horrek ez du esan nahi matxismoa erabat desagerrarazita dagoenik, jakina. Horren erakusle, planeta honetan emakumeak protagonista izan diren borrokarik historikoenetako batek jasandako abandonu eta hipokrisia bera, esaterako, FDNSeko (Siria Iparraldeko) emakumeen kasua. Borroka horri ez zaio jaramonik egin, nahiz eta lorpen politikoak, demokratikoak, subiranotasunekoak eta feministak lortu dituen, baldintza txarrenetan, eta, hain zuzen ere, herria bera eta, bereziki, emakumeak protagonista nagusiak izanda, ongi armatutako armada profesionalen aurrean.

Kurduen herriak eta Ipar Siriako beste batzuek eta bertako emakumeek hainbeste denboran –baita Afganistanekoek ere, 20 urtez– egin dituzten ahaleginak alde batera utzi izana kontuan hartzekoa da emakumeekiko jarrerak zuzentzeko orduan, baina, batez ere, proposatzen diren ustezko konponbideak baztertzeko, eta, batez ere, proposatzen dituztenak baztertzeko; izan ere, etengabe erakusten dute euren interesen alde mugitzen ari direla, eta, bi esperientziek erakusten dutenez, arazoak baino ez dituzte ekarriko.

FDNSko emakumeak

Siria Iparraldeko/Rojavako emakumeek ere erakusten dutenez, irtenbidea lortzeko, emakumeak izan behar dira euren patuaren jabe, eta haiek izan behar dira erabakiak hartzen dituztenak eta erabaki horiek ezartzeko gaitasuna dutenak. Hori horrela izan da, halaber, kurduen gizarte eta eredu politikoari esker, emakumeak berdintzat hartzen baitira eta emakumeek hitza eta botoa baitute gizonekiko berdintasunean. Eredu hori hainbat urtetako jarduera politikoaren emaitza da, batez ere PKKrena, bai Turkiaren eta bai Siriaren administraziopean dagoen Kurdistanen.

Hala, Izarraren Biltzarrak (Kongra Star), FDNSko emakumeen mugimenduaren biltzarrak, talibanen susperraldiaren berri izan bezain laster (2021eko abuztuaren 6a), Afganistango emakumeei elkartasuna adierazteko mezu bat bidali zien. Bertan Izarraren Biltzarrak dioenez: «Garrantzitsua da emakumeak modu autonomoan antolatzea autodefentsan eta beste egitura batzuetan. Patriarkatuaren hasieratik, pentsamolde maskulinoak sinetsarazi nahi digu emakumeek ezin dutela beren burua defendatu. Baina iraganak eta orainak kontrako adibide asko eskaintzen dituzte. Hemen ere, Kurdistango alde guztietan, emakumeak zapalkuntzaren eta eraso patriarkalen aurka borrokatzen ari dira; bereziki Rojavan, ISISek 2014an Kobaneri eraso zionean, YPJko emakumeen defentsarako unitateak funtsezko indarrak izan ziren ISISen amaiera hasteko».

Hain zuzen ere, gertaera horri eta ordutik hona emakume asko egiten ari diren erresistentziari ez ikusiarena egiten zaio hemen, baita mugimendu sozialaren zati handi batean ere. Emakume horiek antolatu, borrokatu eta kasu askotan hil egin ziren ISIS geldiarazteko, Iraketik kalifa-herri edo estatu islamiko bat eraikitzen saiatzen ari baitzen, autoritarismoaren eta batez ere matxismo ikaragarriaren ildotik. Azkenean, haiek (YPJ) eta YPGko kideek (elkarrekin osatzen dituzte Siriako Indar Demokratikoak) ISIS botatzea lortu zuten.

Gertaera ezinbestekoak dira, are gehiago aintzat hartuta, esan dugun bezala, indar autogestionatuak direla eta inongo botererekin lerrokatu gabeak (AEBekin batera hainbat operaziotan parte hartu zuten arren). Ezinbestekoak demokrazia eta iraultza sendotzen; izuz askatutako eremu horiek, gainera, Tevdem (Gizarte Demokratiko baten aldeko Mugimendua) delakoak ordezkatzen dituelako, demokrazia parte-hartzailea, asanblearioa aldarrikatu eta praktikatzen duena, emakumeen parte-hartzea eta parekidetasuna bermatuz. Baina, batez ere, emakumeenganako izugarrikeria hori guztia errespetuarekin ordezkatzen duelako. Hori guztia ez da kontuan hartu komunikabideetan eta ustezko “Terrorismoaren aurkako gerraren” propagandan.

Baina, jakina, are garrantzitsuago bihurtzen da Afganistanen oso kontrako errealitatea ikusten dugunean, batez ere emakumeentzat. NATOren 20 urteko kontrolak oraindik boterean dauden talibanen buruzagi askoren jarraipena suposatu zuen, baina batez ere emakumeen aurkako arau eta inposizio askorena.

Izan ere, RAWA bezalako erakundeek klandestinitatean jarraitu behar izan dute lanean. Aldizkarien eta artikuluen argitalpenetik, «gerrako jaun-andre horien hilketa, bortxaketa, arpilatze, estortsio eta bestelako krimenei» buruzko txostenetatik, mobilizazioetara edo hezkuntza eta politika jardueretara, osasun jardueretara edo umezurztegien sorrerara. Hori guztia klandestinitatean. Onartezina da “demokraziako” hainbeste urtetan, hemen terrorismo patriarkala salatzen duten emakumeak klandestinitatean egitera behartuta egotea.

FDNSren gerra ez da amaitu

Horrek guztiak izaera lotsagarriagoa hartzen du, gainera, Ipar Siriaren kasuan, FDNSren kasuan, egungo egoera oraindik arrisku handikoa baita emakumeentzat, batez ere, gerra amaitu gabe dagoelako. Gerra horrek ahaztuta dirau.

Gerra ez zen mugatzen ISIS borrokatzera, Siriako armada ofiziala ere hor zegoen (nagusiki Alepon), baina, batez ere, Turkiakoa. Turkiako armadaren erasoak areagotu egin ziren 2019ko urrian Trumpek AEBetako tropak Siriatik erretiratu zituenean, ISIS garaitu ostean. Horrek FDNS bakarrik utzi zuen bi indar antagonikoren menpe, Turkiak Ipar Siriarekin muga egiten baitu.

Turkia hainbat hamarkadatan herri kurduaren aurkako gerran murgilduta dago. Genozidiotzat har daiteke. FDNSren eraketa mehatxu bat izan zen Turkiarentzat, ez baitu herri kurdua sendotzea nahi, are gutxiago “estatu” bat izatea. Horrez gain, gune horretan petrolioa, hidroelektrikoak eta Siriako aletegia daude. Hala, 2016tik, Turkiak Siriako gerra zibila erabili du mendebaldeko eremua inbaditzeko eta gaur egun erasotzen jarraitzen du. Azkenaldian, Turkia Irak iparraldeko kurduei ere erasotzen ari zaie. Han ere petrolioa dago.

Turkia NATOko kidea da, baina horrek ez zion eragotzi ISISen alde egitea, Siriarako muga gurutzatzea erraztuz, edo Siria ipar-ekialdea okupatzerakoan ISISeko kideak askatuz.

HPGk (Herriaren Defentsarako Indarrak) Turkiako armadaren aurrerapena zapuztu du azken egunotan. Ejerzito turkiarrak lurretik eta airetik (hegazkinak eta helikopteroak) bonbardatu ditu herritarrak, hainbat herrixka kurdutan, kasu batzuetan suteak eraginez. Turkiako armadak arma kimikoak erabiltzen dituela ere jakinarazi du HPGk.

Turkiak okupatutako eremuetan kurduen egoera ISISen okupazioan jasan zutenaren oso antzekoa da. Gainera errefuxiatuak milaka dira, eta orain beste horrenbeste gehitu zaizkie Turkiaren inbasioagatik. Turkiak Afrin inbaditu zuenean (duela hiru urte eta erdi), 300.000 pertsona inguru handik atera eta birkokatu egin ziren. Gainerako biztanleak inbaditzailearen mende zeuden.

Urte hauetan guztietan, Turkiako armadak basoak eta uztak erre ditu, herritarrei elikagaiak eta egurra kentzeko. Hori krimen ekologiko eta klimatikoa ere bada. Orain arte Afrinen 327.000 zuhaitz baino gehiago moztu dituzte, abuztuaren 27an 2.000, eta 17.000 baino gehiago erre.

Rojavaren borrokarekin bat egin

Turkia Ekialde Hurbila ureztatzen duten ibai nagusien jatorria da (Tigris, Eufrates eta haien ibaiadarrak) eta ura ere erabiltzen du Siria eta Irakeko kurduen aurkako arma bezala, baita Turkian ere, ur fluxua urtegien bidez eteten. Honek, halaber, ingurumen aldetik ez ezik krisi humanitario handia eragin du eskualdean, dagoeneko desertifikazioak oso kaltetuta baitago. Kanalak edo bonbak instalatzen saiatzen direnei ere tiro egiten die Turkiak mugatik. Heseke eta Tel Tamir herriek –milioi bat pertsona baino gehiago– hornikuntza falta dute, Alloukeko ur estazioa turkiarren kontrolpean erori zenetik. Horrez gain, ibaiak kutsatu ditu Turkiak, Serekaniye eta Gire Spiren, esaterako, ura edangarria izan ez dadin.

RAWAren ildo beretik emakumeek osatzen duten Afganistaneko Elkartasuneko Alderdiaren jarrera ere antzekoa da. Alderdiaren bozeramailea den Selay Ghaffar-ek honako hau adierazi zuen: «Guk bat egiten dugu Rojavako borrokaren mundu mailako defentsarekin, eta Erdoganen inbasio basatia gaitzesten dugu. Irmoki uste dugu Rojavako jendeak ausardiaz eutsiko diola Hevrin Khalafen banderari, Kobaneko emakume ausartek ISISen aurka iraganean erakutsi zuten bezala».

Hevrin Khalaf Siriako Etorkizuna Alderdiko idazkari nagusia izan zen, 2019eko urriaren 12an, turkiarren Siriako ipar-ekialdeko inbasioan eraildako emakumea. Haren beste lau neba-ahizpak ere kurduen aldeko borrokan erori ziren.