Xabier Izaga Gonzalez
ELKARLANAREN ALDARRI

«muraleslian»-en azken mural ikusgarria, Galdakaoko udaletxe parean ikusgai

Ondarroan «Homage to those lost at sea» mural ikusgarria egin zuen iaz, itsasoan galdutakoen omenez. Bizkaitik irten gabe, elkarlana eta aniztasuna irudikatzen dituen beste bat margotu berri du Galdakaon mundu osoan zehar hormak margotu dituen artista «famauak». Lian, izen artistikoa «muraleslian» duena, horma handiak maite dituen «street artist» emakumea.

Duela astebete amaitu zuen Lian artistak Galdakaoko udaletxearen ondoan dagoen mural erraldoia, bere azken lan ikusgarria. Oso trebea, abila denari famau esaten diote Ondarroan, eta horrela esaten diote askok herri horretan iaz itsasoan galdutakoen omenez “Homage to those lost at sea” murala egin zuen artistari.

Joan den otsailean Galdakaoko Udalak beste lan bat proposatu zion, horretarako ideia orokor bat emanda: elkarlana irudikatzea, eta ideia horren gainean zehaztu eta diseinatu du Lianek. Otsailean bertan hasi zen lana prestatzen; hamaika zirriborro egin zituen. «Bozeto asko bota nituen», dio. Eta duela astebetetsu amaitu zuen mural erraldoia, inoiz egin duen handiena.

Galdakaoko Udalak asteon prentsa ohar batean esan duenez, udaletxetik gertuko eraikin hori zaharkituta zegoen, bertan urteetan aldamio batzuk egon ziren eta ingurua ez zen oso atsegina. Hain zuzen ere, Udaleko ordezkari baten hitzetan, «herri atseginago bat egiteko bide horretan» mural polit bat egitea bururatu zitzaien eta Liani egin zioten enkargua. «Denen parte-hartzea, herria guztion artean egitea... hori adieraztea nahiko genukeela esan genion, eta gainontzekoa haren errua da», dio barrez, eta Lianek bete-betean asmatu duela bere lanarekin.

Pozik daude Udalean eta pozik herritarrak: «Jende pilo bat hurbildu zaio zoriontzera, eskerrak ematera...», dio ordezkari galdakoztarrak.

Murala

Udalaren prentsa oharraren arabera, zaila zen Juan Bautista Uriarte kaleko 61. atariaren altzealdean dagoen horman margotzea, «ertz, alde eta tamaina diferenteak baititu». Izan ere, margotu beharrekoak urte luzeetan aldamioz hesituta egon den garaiera handiko pareta bat eta horizontal bat, harekiko perpendikularra eta terraza baten gainean dagoena. Haien neurriak, 4,30 x 20 eta 8 x 7 metro dira, hurrenez hurren.

Goiko aldean, horma horizontalean, etzanda dagoela sumatzen den neska bat ageri da. Haren eskuak, aurpegiaren azpian, beste hormara egiten du, neskaren ileak bezala. Horma bertikalean behera luzatuta, beste zenbait esku inguratu eta harekin txirikorda bat egiten dute.

Lianek berak azaldu du lanaren esanahia: «Ile bat hartzen baduzu, ile bakar bat, ahula izango da eta erraz apurtuko da; ez du indar handirik izango. Baina ileak batu eta txirikorda bat egiten baduzu, ileak indartsu bihurtuko dira, txirikorda sendo bat osatuko dute. Hori adierazi nahi du muralak». Eskuen lanak ez ezik, eskuek berek ere badute zentzurik, ordea: «Hiru esku batzen dira muralean: adineko pertsona batena, gazteago batena eta besteak baino ilunagoa dena… adin eta etnia desberdinetako eskuak daude txirikorda elkarrekin egiten». Baita txirikordaren koloreak ere: «Eta koloreak ditu txirikordak: ikusteko modu diferenteak, izaera eta estilo diferenteak. Denak batzen dira txirikorda egiteko; esku diferente horiek ileak batzen ari dira zerbait indartsua osatzeko, eta indar horrek kolorea ematen dio ezkerraldean ikusten dugun pertsonaren aurpegiari». Bestela ere azaldu du: «Batzen bagara, indartsu egiten gara, eta jendeari, herriari, bizitza ematen diogu, kolorea. Gure artean zainduz, elkar babesten dugunean, indartsuago egiten gara».

Muralaren prestaketa luzearen ostean, astebeteko lana izan du margotzen, «baina egunero 11 ordu sartuta». Hala ere, zenbat eta handiagoa orduan eta errazagoa dela dio, «eta dibertigarriagoa».

Ondarroan eta munduan

Lian, street artist bat, kale artista alegia, eta emakumea, AEBetan jaio zen, baina mugimendu sozialen inguruan ibili zalea da, horiek baitira bere sorkuntzaren zutabe nagusiak. Galdakaoko Udalak bere oharrean gogorarazi zuenez, nazioarteko aitortza du, eta mundu osoko bazter ugaritan topa daitezke berak egindako muralak. Leitzako Atekabeltzan marraztu zuen murala munduko ehun onenak hautatzen dituen zerrenda sonatu batean sartu zuten duela urte bi.

Ondarroan egin zuen lana amaitu baino lehen, herritarren iritzia jakin nahi zuen, eta Ondarroakoei ez ezik, munduan zehar parte hartu nahi zuten guztiei ere eskaini zien horretarako aukera, iritzi horiek artelanean islatzeko asmoz. Oso pozik geratu zen egindako lanarekin, eta herritarrak ere bai, artista famauak dioenez.

Baditu gogoan beste proiektu batzuk, baina egin baino lehenago horietaz hitz egiteak suerte txarra dakarrela dio. Sorpresaren bat ematea espero du eta, betiere, mural handiago bat margoztea, «zenbat eta handiagoa, hobe, horma oso handiak margoztea oso gustuko dut», amaitu du.