Xabier Izaga Gonzalez
MIKOLOGIA ETA GEHIAGO

Gorbeiako Bazterra elkartearen erakusketa, Zuian, naturarekiko errespetua bultzatzeko

Bihar, igandea, Zuiako Jai Alai frontoiak urteroko perretxiko eta onddo erakusketa hartuko du. Erakusketa baino zerbait gehiago da, ordea, Gorbeiako Bazterra Mikologia eta Natura Elkartearen ekinbideak naturarekiko errespetua sustatzea baitu helburu nagusi. Astelehenean eta asteartean, berriz, elkarte horrek antolatutako egitarauaren barruan, hitzaldi bana eskainiko dute.

Perretxikoak biltzeko sasoia egokiera ona da haien gaineko ekitaldiak antolatzeko. Horixe egiten du Gorbeiako Bazterra Mikologia eta Natura Elkarteak duela hemezortzi urtetik. Iaz, osasun egoera zela-eta, bertan behera utzi zuten perretxikozaleen eta batez ere naturazaleen topagune hori. Aurten, berriz, aurreikusitakoaz beste, erakusketa ikusgarria eta hitzaldi bi antolatu dituzte.

Murgiko (Zuia) Jai Alai pilotalekuan, onddoak eta perretxikoak «barrutik eta kanpotik ezagutzeko, arazorik gabe bereizteko, habitaten berri jakiteko eta zalantzak argitzeko», 300 espezie inguru egongo dira ikusgai ingurune naturalizatu batean. XVII. edizio honetan, «mikologiaren eta naturaren munduko aditu profesionalek jakin-mina dutenen zerbitzura jarriko dituzte beren ezagutzak eta amarruak», diote antolatzaileek.

Naturarekiko errespetua

Patxi Giraldo Gorbeiako Bazterra elkarteko idazkari eta presidenteordeak, ekimen horren berri eman baino lehen, argi utzi nahi du elkartearen asmoa ez dela jendeari zein perretxiko jaten diren eta zein ez irakastea, baizik eta jendeak natura errespetatzen ikastea.

Besteak beste, Arabako mendi, zelai eta basoetako perretxikoen argazki erakusketa handi bat prestatu dute Gorbeiako Bazterra elkarteko kideek egindako argazkiekin. Edonola ere, Araba eta Euskal Herriko perretxikoak ez ezik, beste leku batzuetatik, hala nola Pirinioetatik edo Soriatik ekarritakoak ere egongo dira erakusketan.

Erakusketako txoko batean lupak eta mikroskopioak jarriko dituzte, perretxikoen barruak edo miniaturak ikusteko eta espezieak bereizten ikasteko. «Denak dira perretxikoak, eta bakoitzak bere egitekoa du mendian», nabarmendu du Giraldok.

Txikienentzako tailerrak ere izango dira; izan ere, Gorbeiako Bazterra elkartearen helburua kontuan izanda, oso garrantzitsua da umeen eta gazteen parte-hartzea, bertan natura zaintzearen balioak ikasten baitituzte. Perretxikoak margotzeko aukera eta jolasak ere izango dituzte, perretxikoen inguruko jarduerak, haurrak erakartzeko entretenigarriak, betiere naturarekiko errespetu harremanak transmititzeko.

“Mikologia ezkutua” atalean, Txoko miko-ilogikoa eta landare haragijaleen txokoak bisitatzeko aukera ere badago. Txoko miko-ilogikoa zertan den azaldu du Giraldok. Perretxikotara joaten direnean, mendiko zaborra jasotzen dute eta jasotako gauza horietako batzuk erakusketan atontzen duten alegiazko basoan zehar botata uzten dituzte. Objektu horiei izena jartzen diete perretxikoak balira bezala; esate baterako, lata bat bada, “latarius” (lactarius). Horrelako “perretxikoz” osatua da txoko miko-ilogikoa. Halaber, kartelak zabaltzen dituzte, hainbat informazio eskaintzeko: mendira botatzen diren objektuek zenbat denbora irauten duten bertan, mendia errespetatu eta zaintzeko aholkuak, kutsaduraren ondorioak... Beraz, salaketa txoko garrantzitsua dela dio Giraldok.

Igandeko jarduerez gainera, bi hitzaldi mikologiko ere egingo dituzte egitarau beraren barruan. Astelehenean, hilak 18, 20.00etan, Zuiako udaletxean, Eduardo Fidalgok boletaceae familiako poro gorriko onddoen gaineko hitzaldia egingo du, landaguneetan espezie horiek identifikatzen ikasteko. Hilaren 19an, era berean 20.00etan eta leku berean, Roberto Fernandez Isasiak basoei, haien garrantziari eta bertan hazten diren perretxiko eta onddoei buruzko hitzaldia egingo du.

Hogei urteko ibilbidea

Gorbeiako Bazterra elkarteko kideek gustuko dituzte perretxikoak, jakina, baina jateko baino gehiago ikasteko. «Gu mendira joaten garenean, batzuetan perretxikoak hartzen ditugu eta beste batzuetan ez. Askotan zuhaitz baten inguruan geratzen gara goiz osoan, miniaturen bila, esate baterako. Batzuetan baten batzuk hartzen ditugu, baina normalean ez gara horretara joaten. Beharbada horregatik ez dugu ospe handirik», dio Giraldok. «Jende askori jateko baino ez zaio interesatzen perretxikoen mundua, zein den jateko modukoa eta zein ez jakitea eta ahalik gehienak hartzea». Gorbeiako Bazterrako kideek perretxikoak aztertu eta sailkatzea dute gustuko, eta horretarako laborategi bat ere badaukate.

Duela hainbat urte, Araban bazegoen 111 Taldea izenekoa eta hango bazkide batzuek, Zuia aldean bizi zirenek, Gorbeiako Bazterra sortu zuten, duela hogei bat urte. Ondoren jende gehiago sartu zen elkartera. Hasieran talde mikologikoa zen; orain, berriz, mikologia eta natura taldea. Gaur egun 35 bazkide inguru dira.

Urtean zehar egiten dituzten irteeretako batzuetan basoko orkideak aztertzen ere jarduten dute. Izan ere, Patxi Giraldok dioenez, Araban 70 espezie inguru identifikatu dituzte.

Aurten ere ez zuten uste XVII. edizio hau egiteko aukera izango zutenik, eta egin zezaketela konturatu zirenean, antolatzeko denbora urria zuten. Udalak eskuarki horretarako dirulaguntza ematen die, baina aurten ez zuten eskatu, egiterik izango ez zutelakoan. Hala ere, pandemiaren bilakaera ikusita, antolatzea erabaki zuten. Edonola ere, Udaleko taldeek akordio bat egin zuten aurtengo Gorbeiako Bazterraren ekitaldietara diru sorta bat bideratzeko, eta kartelak egiteko ere lagundu die Udalak.

Egitarau murritzagoa izanda ere, jende asko joatea espero dute, aurreko urteetan bezala. Aurten ez dute beren pintxo-txokoa prestatu, txosna, alegia, zozketa batekin batera elkarterako diru iturri dutena. «Tira dirua ateratzeko, ez; gutxienez, dirua ez galtzeko», dio Giraldok irribarrez. Ez dute txosnarik jarriko, baina Murgiko tabernetan perretxiko pintxoak egongo dira.