Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Mugak ez dira oztopo

Artea gure sormena adierazteko modu paregabea da. Baina artista bakoitzak zerbait ezberdina adierazten du bere lanetan eta obra bakoitzak zerbait desberdina transmititzen digu bakoitzari, batzuetan gure izatearen sakonetik bakarrik uler dezakeguna. Arte mota guztien artean bada bat oso bitxia, non mugak ez diren oztopo. Aitzitik, gizakiaren esentzia hartzen duen artea da, kritikarik eta helburu akademiko edo ekonomikorik gabea.

Jean Dubuffet Frantziako margolari eta eskultoreak art brut izena sortu zuen frantsesez, arteari buruz ikasi eta ezagutzen ez zuten egileen arteaz hitz egiteko. Berak, arte korronteari izena emateaz gain, obrak ikusgai jarri zituen. Dubuffetek art brut-i buruz hitz egin bazuen ere, Roger Cardinalek, Ingalaterrako arte historialariak, ingelesera itzuli zuen arte mota hori eta outsider art deitu zion. Hala ere, ez zen bakarra izan; bere aurretik, XX. mendearen hasieran, Hans Prinzhorn psikiatra eta historialariak bere pazienteen bost mila lan baino gehiago bildu eta argitaratu zituen, psikiatriaren eta artearen arteko muga aztertzeko asmoz. Egile honek “eromenaren adierazpena” artearen bidez berreskuratu zuen. Bere lanak gaixotasun mentalak eta sormena pentsatzeko modua irauli zuen. Hain izan zuen irismen handia, ezen gaur egun ere eragin handiko figura izaten jarraitzen baitu artearen historia eta horrek psikologiarekin duen lotura ulertzeko. Egile horien guztien begiradak eta ulermenak horrelako adierazpen sortzaile bati arte munduaren zirkuituan lekua egin zion.

Adierazteko beharra gizakiarekiko berezko ezaugarria da. Zenbait bizi egoerak, fisiko zein intelektualek, komunikatzeko gaitasuna mugatu diezagukete eta sorkuntza artistikoaren ekintzak adierazpide bihurtu eta izan daitezke. Horrela, arte sorkuntzaren bidez, naturaltasunez adierazten dira hitzetan jartzen zailak diren alderdi inkontzienteak. Orduan, sorkuntza prozesuan, artistak bere obraren gainean proiektatzeko gaitasuna du.

Sorkuntzaren ekintza bera terapeutikoa da eta emaitza, prozesuaren ondorioz sortutako artelana, bigarren mailakoa bihurtzen da artistarentzat. Artista “outsiderrek” beren emozio inkontzientez betetako unibertso txikiak erakusten dizkigute beren sorkuntzetan. Obren bidez, beren pentsamendu eta sentimenduei ordena ematen saiatzen dira. Obra elementu auto-sendatzailea da. Bertan aurkitzen dute babesa. Gainera, obra bakoitza barruan daramatena komunikatzeko modu bat da. Bere barne kaosa egituratzeko metodo bat. Ondorioz, haien artelanak “indartsuak”, barrukoak dira, eta gizakiaren primitibotasunera eramaten gaituzte, egilearen “arimarekin” konektatzera eramaten gaituzte.

Gizakion indarretako bat komunikatzeko gaitasuna dugu. Batzuentzat, arte sorkuntza barnean daramaguna ateratzeko bidea izan daiteke, besteak ikusle bihurtuz eta tartean zubi bat eraikiz. •

saioaaginako@gmail.com