Koldo Sagasti

Lekuko ezerosoak

Poloniako auzitegi batek hiru hilabetez luzatu du Pablo Gonzalez euskal kazetariaren espetxealdia. Maiatzaren 29an zen ateratzekoa baina atzeratu egin diote aske geratzeko garaia. Otsailaren 28an atxilotu zuten Ukrainarekiko muga inguruan lanean ari zela eta espioia izatea leporatu zioten, nonbait, espainolaz gain Errusiako pasaportea ere bazuelako. Geroztik dagozkion epai-berme guztiak kolokan izan dira, lege arretarik gabe agertu behar izan du epaile aurrean, abokatuak ezin izan du eskuratu auziaren dokumentazioa, familiarekiko komunikazioak ere ukatu egin dizkiote… Eta hala eta guztiz ere, afera letra xehez idatzi da haren berri eman duten hedabide gutxietan. Egoera bestelakoa litzateke, zalantzarik gabe, lubakiaren beste aldean erori izan balitz. Kilometro batzuk harago eta beste aldekoek atxilo hartu izan balute, prentsa askatasunaren martiri bihurtuko zuten, seguru asko. Baina haren zoritxarrerako ez da horrela izan, eta lekuko ezerosoen zerrenda osatzera pasatu da.

Gonzalezena arrisku handiko ofizioa da; bera bezalako europar bati zentsura, jazarpena edo kartzela ekar diezaiokeena; baina ezin dugu ahaztu europarrak ez diren beste askok, eta horretan ere badago ikuspegi arrazista samarra, heriotzaz ere ordaindu dutela egia kontatzeko atrebentzia. Besteak beste, Shereen Abu Akleh, azken 25 urteotan Al Jazzera telebista kateak Palestinan izan duen korrespontsala. Iragan maiatzaren 11n erail zuen Israelgo okupazio armadako frankotiratzaile batek, bere prentsa ekipazioa jantzita zeramala, Jeningo (Zisjordania) errefuxiatuen kanpamenduan eraso sionista baten berri ematen ari zela. Harentzat eta Israelgo erregimenak azken hogei urteotan erail dituen 48 kazetari palestinarrentzat ez da lerrobururik izango ohiko hedabideetan, ezta euren heriotzak ikertuko dituen auzirik ere; baina haiek, Gonzalez bezala, ezinbestekoak dira, kontakizun hegemonikoari ihes egiten dioten testiguak eta ofizio hau duin egiten dutenak. •