Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

Periferia

(Jonander Agirre Mikelez)

Ertzetan soilik, zentroetatik urrun, periferia deitzen dugun horretan soilik dirudi posible dela arkitektura egitea. Periferiak hiri bateko kanpo eremuei egin diezaioke erreferentzia, baina hainbat eskalatan azaltzen den fenomenoa ere bada. Zentro baten beharra dago soilik, zentro horretatik urrunen dauden espazioak periferia izateko, eta horren ondorioz existitzen dira lurraldeetako periferiak, hirietako periferiak edo eraikin baten espazio periferikoak. Sarea edo erretikula litzateke eredu antagonikoa, baina kontzentrazioan oinarritutako sistema batean, ez du garapenerako oinarririk.

Periferian azkeneko urteetan agertu diren bi eraikin bisitatu genituen ekaineko azkeneko astean, UEUk antolatutako “Zero kilometroko arkitektura” jardueran. Ikusi genuen lehena Eskoriatzan kokatutako eraikina da, Mondragon Unibertsitatearen bertako campusaren Dorleta eraikinaren birmoldaketa, Itziar Imaz eta Ibon Salaberria arkitektoena. Bigarrenik Laudiora egin genuen salto autobusez, Behark estudioaren Aiaraldea Ekintza Faktoriaren proiektua ezagutzera. Bi proiektuen kalitatea dagoeneko ohitu garen estandar mediokre horretatik zeharo aldenduta dago eta konpromisotik egindako arkitekturaren distira du. Horrela irabazi dituzte BEAU saria Eskoriatzakoak eta EHAEOren saria Laudiokoak, beste hainbat sariren artean. Zer beharrezkoa horrelakoak topatzea! Baina meritua arkitektoei soilik aitortzea ez litzateke justua izango, prozesu horietan sustatzailearen profila ezinbestekoa baita. Nahiko argigarria iruditzen zait estudio hauek beren estudioa kokatua dagoen lekuetan lanik apenas edukitzea (ikus haien webguneak), ezta hiriburu nagusietan ere. Beraien lanak ertzetan egiten du distira, hiri eta herri txikietan.

Hiriburuetan instituzioek ez dute interesik agertzen arkitekturarekiko. Horrela erakusten dute astero-astero argitaratzen diren arkitektura lehiaketek. Arkitektura ez da produktu bat, prozesu bat baizik eta gurean askotan prozesu hauek lehiaketetako plegu traketsetan hasten dira, okerrago bukatzeko. Pleguek markatzen dute hasierako norabidea eta ez da zuzenegia izaten (edo agian zuzenegia da). Gogoratu ditzagun Bilboko Arte Ederren eraikinaren lehiaketak sortu zuen zarata, bertako arkitektoei jartzen zizkien trabengatik; Donostiako Basque Culinary Centerren ingurukoak, izan zuen gardentasun faltagatik, edo azkeneko asteetan piztu den gatazka Arabako Arkitektoen Elkargoaren eta Gasteizko Udalaren artean. Elkargoak gogor kritikatu ditu Principal antzokia eta Goya gasolindegia birmoldatzeko lehiaketak eta salaketa aurkeztu du epaitegietan, fatxaden birmoldaketetan Udalak lizentzia ilegalak emategatik. Ikus Ekain Jimenez Valenciaren Twitter kontua argibide gehiagorako.

Tankera honetako praxiak testuinguruan jartzeko balio duen eta berriki argitaratu den lan bat irakurtzen hasi berri naiz. “Capital de provincia” entsegu bilketan, Carlos Romero Reyk tamaina ertaineko udalerrien defentsa sutsua egiten du. Periferiaz ari garela, berak arkitekturaren periferia batetik idazten du, ez baita arkitektoa, Zuzenbidean doktorea baizik. Ruralismoaren eta zentralismo basatiaren arteko tamainan kokatzen diren hiriak hartzen ditu hizpide eta nostalgia propositibo batetik Caceres bezalako hiriburu baten potentziala nabarmentzen du hainbat arlotan.

Ez dakit nolakoak diren gauzak Caceresen, baina nabarmena da inguruko hainbat herri eta hiri txikitan lan txukuna ari direla egiten periferiaren periferiatik. •