GAUR8
SELFIEAREN DISMORFIA

Norbere burua sare sozialetako iragazkien bidez edertutako irudiekin alderatzeak dakarren distortsioa

Dismorfia izeneko nahasmendua norbere irudiaren pertzepzio distortsionatua izatea da. Sare sozialek areagotu egin dute, gorputzen erakusketa publikoaren ondorioz. Kirurgia plastikoko kontsultetan paziente mota berria agertu da: sare sozialetan argitaratzen dituen argazkien antza izan nahi duena.

Dismorfia izeneko nahasmendua XIX. mendearen amaieran deskribatu zen lehen aldiz –orduan dismorfofobia bezala ezagutua– eta norberari buruz dugun irudiaren pertzepzio distortsionatua da. Egoera hori pairatzen duten pertsonek (biztanleriaren %2 inguruk) beren fisikoan akatsak ikusten dituzte edo ikusten dituztela uste dute, eta horrek jokabide obsesibo-konpultsiboak garatzea eragiten die.

Adituek ohartarazi dutenez, azken urteotan sare sozialek (TikTok eta Instagram bereziki) arazo hori areagotu egin dute. Bide horretan, dagoeneko fenomeno berri bati buruz hitz egiten da: selfiearen dismorfia. Eta ondorioa ez da nolanahikoa. Kirurgialari plastikoen kontsultetara gero eta gehiago joaten ari da paziente mota berri bat. Hauxe bere eskaera: hainbat iragazki egin ondoren sare sozialetan beren buruaz argitaratzen dituzten argazkien antza izatea.

Mireia Cabero Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako Ikasketetako irakaslea da. Bere hitzetan, «sare sozialak, publizitatearekin batera, gorputzen erakusketa publikoa eta kategorizazioa gehien errazten duten bitartekoak dira. Eta ondo funtzionatzen du kategorizazio horrek, nolabait kontsumitzaile pasiboak izan garelako eta normalizatu egin dugulako. Sare sozialetan ‘gure argazki onenak gure une onenetan eta posizio onenetan’ argitaratzen dira eta horrek gure gorputzen dimentsio ezberdina hartzea eragiten du».

Oxfordeko Unibertsitateko “Core Clinical Features of Body Dysmorphic Disorder” ikerketaren arabera, gorputzeko nahasmendu dismorfikoa jasaten duten emakumeak gehien kezkatzen dituzten arloak sudurra, izterrak, aldakak eta azala izan ohi dira; gizonen kasuan, ilea (alopezia), muskuluak eta genitalak. Halaber, begi eta sudur zuloetan agertzen diren asimetriak obsesio bihurtzen dira paziente horientzat. Paziente horiek infradiagnostikatuta egoten dira, eta ebakuntza gelatik pasatzen dira terapia psikologikoa behar dutenean. «Hau da arriskua: arazoa psikologikoa denean, ebakuntza arazoa konpontzeko bitartekotzat hartzea», esan du Caberok.

Dismorfia sufritzen dutenek honako sintomak izan ohi dituzte: egunerokoa aldatzen duten kamuflaje-jokabideak, makillajearekin edo gorputz jarrera jakinak hartuz; norberarekin eta besteekin alderatzeko joera; egiaztapena (konpultsiboki begiratzen diote ispiluari); gehiegizko garbitasuna eta higienea; larruazala atximurkatzea; segurtasunik eza eta autoestimu txikia; jokabide iheskorra (hitzorduak bertan behera uztea, adibidez, epaituak ez izateko).

Nerabeen artean, larriagoa

Adituek ohartarazi dutenez, nahasmendu hori larriagotu egin daiteke nerabeen adinean, sare sozialetan daukaten etengabeko esposizio horren ondorioz. Perfekzioaren bilaketa hori, benetakoak ez diren aurpegi eta gorputzekin alderatuz, kritikoagoa da nerabezaroan. «Etapa honetan oinarrizkoa da beste batzuekin alderatzea. Berdinen taldeak bilatzen dituzu, zure lekua bilatzen duzu. Kanpoko erreferenteak oso garrantzitsuak dira. Bilaketa horretan benetakoak ez diren erreferenteak badituzu, galduta gaude: existitzen ez den zerbaitekin alderatzen zara eta zure eskakizun maila izugarria da», adierazi du Montserrat Lacalle UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako irakasleak. «Eta hori da arazo handienetako bat: publizitate berria sare sozialetan eragina dutenen bidez ezkutatzen da. Oso argazki ukituak argitaratzen dituzten pertsonaiak dira, eta horien atzean, askotan, jantzi, orraztu eta makillatzen dituzten profesionalak daude».

Dismorfiak terapia psikologikoa behar du, baina norberaren onarpena landu daiteke. «Nerabeak babesteko erantzukizun soziala dugu. Onartzen ikastea ezinbestekoa da, eta sare sozialek, zentzu horretan, asegabetasuna baino ez dute ekartzen. Osasun mentala zaindu behar da, eta gatazkak kudeatzen ikasi, sare sozialak diren bezala ikusiz, itxurazko mundu bat», bukatu du Lacallek.