Xabier Mikel Errekondo

Maia jaunaren falo gorria

Pasa den San Joan egun sutsuan jarri zuen Iruñeko Udalak Nafarroako bandera gorria masta erraldoi baten puntan Foruen plazan eta oso harro dago Enrike Maia alkatea bere tamaina ikusgarriarekin. Nago bere bakardadean amets egiten duela edertasun horretaz benetan gozatzen beragandik hurbil etzanik hankak aurrerantz zabalik ahoz gora.

Maite duzun bandera zaintzea eta lehentasunezko lekua ematea zilegi da, baina ikusitakoa ikusita, gehiago dirudi nork handiena duen lehiaketa eroaren ondorio, alegia maitasuna bainoago sexu gordina.

Masta amaiezin puntagorriaren parean harridura aurpegiek deskubritzen dute Iruñeko alkatearen azken eszentrizitatea, bere ego tentea zeruraino luzatzeko ariketa tentela.

Maiteminduak maiteagatik gezurtxoren bat edo beste botatzea… barkatzekoa da, baina 100.000 euro kosta omen zena egiatan 178.498 euro izan dira, alegia 79.000 euro gehiago, iruzur handitxoa Navarra Sumarentzat ere. Agian gizartea hotzegia da Enrike Maia alkatearen maitasun adierazpen erraldoia, handietan handiena, barneratzeko… Agian zalantzak ditu benetako maitasun ekintza ala tarjeta Black batekin egindako prostituzio ariketa gordina izan den.

Zer da baina euro bat Iruñeko herritar bakoitzeko 30 metroko masta eta 8x12 metroko bandera hiriko leku enblematikoan jartzeagatik… eta gau ilunean pelikula bateko izarraren antzera ager dadin obelisko luze puntagorria argiztatzeko foku antiaereoak ere baditu.

Honek bai dituela barrabilak…

Orain errazago ulertzen dut Maiaren sinboloaren zentzua justifikatu zuenean esanaz «bandera beharrezkoa zen, gure nafar identitatearen sinbolo baita». •