Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Ahaidetasun antiheterosexualak

2021eko abenduko goiz euritsu batean agurtu genuen Polloeko hilerrian Donostiako Infernu auzo okupatuko bizikide izan zen Sara Spatz. Migrazioaren eta inposatutako identitate heterosexuala ez onartzearen ondorio zuzenak dira pobrezia eta heriotza goiztiarra. Egun hartan okupa transfeministen komunitateak azalean bizi izan zuen sistema arrazista, kapitalista eta patriarkalaren aurpegirik gogorrena .

Ni, beti bezala, berandu eta presaka irten nintzen etxetik, agurrera bidean, Infernuan bizi izandako pasadizo asko buruan bueltaka nituela. Polloeko atera heldu nintzen, baina hor ez zegoen inor. Pare bat dei egin ostean konturatu nintzen Polloek bi sarrera zituela eta beste aldera jo behar nuela. Oinez hasi eta euri artean aterki beltz handi bat ikusi nuen, haren azpian babestuta gorputz argal eta txiki bat; Mikela zen, Donostiako asanblada trans-mari-bolloko militanterik zaharrena. Halako momentuak ezaugarritzen dituen solemnitateaz elkar agurtu genuen, besotik elkar heldu eta aterki azpian joan ginen biok, isilean, Infernuko kidea familian, komunitatean, agurtzera.

Hori izan zen Mikela ikusi nuen azken aldia. Urtebete geroago, joan den asteburuan, bera agurtzeko batu gara Oreretan. Donostian ezagutu ditudan militantzia esparruetako kide bana zegoen gutxienez, denok elkarrekin, historikoa izan den borrokalari bat omentzen. Trans-mari-bolloak, feministak, independentistak eta komunistak batera. Zer omenaldi motatan da posible, edo zein militantek batzen ditu “Eusko Gudariak”, “Aurreskua”, “Internazionala”, “Zutik emakumeak” eta “I will survive” abestia? Intersekzionalitatea gorputzean daraman batek. Frankismo bukaeratik manifestazio guztietan bandera LGTBQ+a hartu eta harro astindu duenak.

Berrogei urte baino gehiago borrokan. Hirurogeita bost urte eta gu bezalako hogei urteren bueltako mukizuekin Tabakalera kanpoko asfaltoan, lurrean, korroan eserita hurrengo ekainaren 28ko lema eztabaidatzen. Mikelak, beste gauza askoren artean, erakutsi zigun militantzia ez dela soilik gaztetan egiten den kontua, injustizia estrukturalen aurka borrokatzea ez dela gazte buru beroen postureo ariketa hutsa.

Bizi denboraren logika heterosexualak markatzen du (bereziki haurrak izaten dituzten emakumeentzat) militantzia hogeita hamar urterekin bukatzen dela, hipoteka eta familia agertzen direnean antikapitalismoak eta feminismoak nolabait indarra galtzen dutela. Militantzia trans-mari-bolloa bizi proiektu heterosexualarekin kontrajartzen da, gizon eta emakumeengandik haratago doazen politikek bizi-eredu, denbora-logika eta afektuen antolakuntza ezberdin bat dutelako oinarri. Mikela politika horien adibide gorpuztua izan da nolabait. Tristea da kide bat agurtzea, baina pozik nago, oso denbora laburrean izan bada ere, berarekin militatzeko aukera izan dudalako, eta oso harro nago bera agurtzeko batu den komunitatearen zati izateaz, odoleko loturarik gabe eratzen den sarea delako gurea; senide politikoak gara.

Senideak sortzea zaila eta premiazkoa da. Familia heterosexualetik haratago doazen loturak behar ditugu. Emakumeek egiten duten doako lanean oinarritzen den heterosexualitatetik edo emakumeek soldata miserableekin eta lan baldintza eskasetan egiten duten lanean oinarritzen den kapitalismotik kanpo zaintzeko estrukturak eratu behar ditu komunitate trans-mari-bolloak.

Sare antikapitalista eta antiheterosexual horretatik zainduko ditugu gureak, ongietorriko ditugu datozenak eta agurtuko ditugu doazenak. Jakinda, sarea bizirik mantentzeko modu bakarra gure aurretik egon direnen memoria indartsu mantentzea dela. Jakinda, Mikelak urtero pankarta nagusiko mezu gisa proposatzen zuen bezala, borrokan izan zirelako garela. •