Entrevue
Agus RODRIGUEZ BURGETE
Tabernaria

«Giza harremanetan sinesten dugunontzat, Rekalde eta Pandora beharrezko espazioak izan dira»

Barraren beste aldetik, Rekalde eta Pandora, taberna soil baino, habi bihurtu zituen Agus Rodriguez Burgetek. Espazio askeak, komunitatea ehundu dutenak.

Agus, Pandora tabernako pertsiana jaisten.
Agus, Pandora tabernako pertsiana jaisten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako Alde Zaharrean, Rekalde izan zen tabernaren arrastorik ez dago. Duela bizpahiru aste hondeamakinak hasi ziren eraikina goitik behera eraisteko lanetan. Aldamar kaleko iskin mitikoan, eraikin artean, orain arte ezkutuan zegoen bizilagun-patio bat gelditu da begien bistan; bertako leihotxoetatik lehenago inoiz kalea ikusi gabeko bizilagunak zelatari dira orain. Paretetatik ur kontagailuak daude zintzilik. Horiak dira. Eraikin bat bota eta beste bat altxatuko dute. Pixkanaka familien kontratuak ez ziren berritu eta bizilagunez hustutzen joan zen. Modu sibilinoan, denak kanporatuak izan ziren arte. Azkena Anita izan zen. 95 urte zituen eta 2019ko abenduan zendu zen. Jabeak bidea libre izan zuen orduan.

Rekalde tabernaren parte ziren lagunentzat egun zailak dira. Ez bakarrik hondeamakinek xaxatu dituzten oroitzapenengatik. Barraren atzean ibili zen 17 urtez Agus Rodriguez. Tabernari, lagun, konfidente. Hura ere kanporatuta, Rekalderi duela lau urte segida eman zion Pandora izenarekin Grosen, bere auzoan. Ibilbidea oparoa izan da, oso aberasgarria eta intentsoa. Eta, hain zuzen ere, metatutako nekeagatik, ateak itxiko dituela iragarri du Rodriguezek. Familia handia berriro umezurtz, diote askok. Gaur, larunbatez, zerbitzatuko ditu azken kafeak, azken bokatak, plater konbinatuak.

Sare sozialetan albistea partekatu zuenetik atzera kontaketa batean murgilduta dago Rodriguez. Maitasun handia ari da jasotzen.

Tabernaren epelean jaso gaitu, atsedenerako eguna den astelehenean. Eta kafe goxoa prestatu du. «Zer gertatu da?», jakin nahi dugu. «Askotariko arrazoiak dira, baina esango nuke arrazoi nagusia dela motxila edo ardura bakardadean eramatea zama handiegi bilakatu zaidala. Hemen, zorionez, lan itzela egiten dugu; Rekalderekin alderatuta, espazioa bikoitza da, eta terraza du, gainera. Bi taberna kudeatzea bezalakoa da, horrek suposatzen duen guztiarekin». Uda sasoian hamaika langile izatera iritsi dira (lehen, goi-denboraldian zazpi ziren, gehienez ere).

Pandorak lau urteotan dimentsio handia hartu duela frogatzen dute datuek, eta «zentzu guztietan» helburuak «beteta» gelditu direla dio. «Akaso, arlo kulturala ezin izan dut nahi beste jorratu. Pandemiak horretan zerikusi handia izan du, eta niretzat ezinbesteko osagaia zen hori. Inoiz ez dut nahi izan janari eta edarien salmenta hutsean oinarritutako negoziorik eduki. Ikusten ari nintzen, ordea, negozioaren kudeaketak nire energia guztia eskatzen zuela, eta beste horri heltzeko ez zitzaidala ez indarrik ez denborarik gelditzen. Ia-ia negozio hutserako ari naiz», esan du.

Rekalde aurrena, eta Pandora ondoren, jendeak ez du itxiera soil bat bezala sentitu, galera pertsonal zein kolektibo bezala baizik. Rodriguezek ez du ukatu hala denik, eta hausnartu egin du: «Rekalde, zentzu askotan, oasi bat zela esaten genuen. Euskararen oasia, harremanetarako oasia… eta Pandora gauza bera izan da. Duela lau urte Donostia basamortua zen, eta are eta basamortuagoa da orain. Halako espazioak inoiz baino beharrezkoagoak dira, behintzat giza harremanetan sinesten dugun pertsonentzat. Ez dugulako bilatzen, taberna batean, kafe super on bat edo ondo prestatzen duten plater jakin bat bakarrik. Nik taberna topagune bezala ulertzen dut, eta nik uste dut jendeak horren beharra duela. Lasai hitz egin eta egoteko, zentzu zabalean. Beste leku batzuetan horretarako aukera ez duten hainbat kolektiborentzat ere bai».

Rekalde tabernaren aurpegirik mitikoena, parez-pare zabalik egoten zen leiho berdea. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Pertsona guztiak ongi etorriak direla aldarrikatu izan du Agusek, eta jarrera zehatz batzuk baino ez direla zentsuratzen. Espazio askeak izan dira, hitz gutxitan. «Denon artean eraiki dugu hori, langile eta bezeroen artean. Eta horregatik dauka jendeak kidetasun sentimendua. Oraindik ere nork ez du esaten ‘goazen Rekaldera’? Eta egun hauetan oso polita izaten ari da, aspaldiko jendea gerturatu zait. Bikote batek esan zidan lehen zita egin zutela Rekalden, eta orain umeekin etortzen dira Pandorara. Horrek betetzen nau; nire ustez, interakziorako erreferentzia gune bat izan da».

Europarragoak gara

Zerbaiten parte garela sentitzeko dugun behar humanoa eta aipatu bi tabernak eskutik helduta joan dira. «Zer jarri du Agusek hori horrela izateko?». «Nik uste dut nire izaera islatu dela, ni naizen bezalakoa naiz; irekia, nire akats guztiekin, denak bezala, baina saiatzen naiz pertsona guztiak berdin tratatzen. Adin, sexu edo jatorriari dagokionez. Uste dut, zoritxarrez, aurreiritzi asko daudela dendetan zein tabernetan. Eta hori izan da nire bertutea. Nire maitasun osoa jarri dut, hau delako betetzen nauen lana. Nik hau utziko dut ez lanarekin erreta nagoelako, jarraituko bainuke egunero zortzi orduz etorri eta ardurak partekatu ahalko banitu, baina den-dena ezin dut egin. Gustuko dudan horretaz bizi ahal izatea, zer gehiago eskatu daiteke? Honek betetzen nau, ilusioa nuen eta hori transmititu dut, baikortasuna».

Barra izan da talaia pribilegiatua, eta bertatik ikusi du bizitza igarotzen, hiria eraldatzen, gizartea eboluzionatzen. Groseko Marruma tabernan hasi zen tabernari lanetan. Asko ikusi du. Asko. «Pertsona baikortzat dut nire burua, baina ikusten ari naiz gero eta norberekeria gehiago dagoela, salbuespenak salbuespen. Rekalden hasieran ikusten nituen zenbait dinamika partekatu, lagun eta ezagunen artekoak… eta bilakaera badago: europarragoak gara, mendebaldekoagoak. Galdu ditugu elkartasun balore horiek. Guk zer egiten genuen? Denon artean botea jartzen genuen eta ‘zuk kaña, nik zurito…’. Orain? Bakoitzak bere tragoa hartu eta telefonoarekin ordaintzen du; lau pertsona mahai berean eta nork berea ordaintzen. Horrelako detaileak esanguratsuak dira».

Enpatiarako ere garai zaila dela dio. «Ikusi dut bilakaera: gero eta enpatia gutxiago dugu, eta uste dut hori gizartean gertatzen ari denaren isla dela; elkarrengandik urrundu gara. Inoiz baino tresna gehiago ditugunean inoiz baino isolatuago gaude; gero eta besarkada gutxiago ematen ditugu. Huskeriak dirudite, baina ez dira».

Jendartea eta giza harremanak ez ezik, Donostia ere aldatu egin da. Zinez, gainera. «Kalean ‘Auzoa ez dago salgai’ dioten kartelak ikusten ditut, eta nik diot ez dagoela salgai salduta dagoelako dagoeneko. Duela lau urte Rekalde itxiarazi zigutenean esan nuen drama zetorrela atzetik, eta baziren denda txikiak. Egin dezagun atzera 10-15 urte, eta pentsa dezagun Alde Zaharrean zer komertzio eta taberna mota zeuden eta zein pertsona bizi ziren… ».

Datuek berresten dute aipatu auzoan errolda jaitsi dela eta biztanleria zahartzen ari dela. «Nik 50 urte ditut eta nire atariko gazteena naiz», aitortu du. Ez dago erreleborik. Kezka ez du ezkutatzen. «Kontua da bizitoki izatetik produktu izatera pasatu dela, etxebizitzen lekuan ostatuak eta apartamentu turistikoak daudela. Eta pintxoena beste adibide bat da. Tabernak jada ez dira eserita patxadaz egoteko lekuak, ez. Jateko lekuak nolakoak diren ikusi duzu? Aulki altuak, mahai txiki baten inguruan. Azkar jan eta joateko. Asmoa mahai horri ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzea da, ahalik eta errotazio handiena egitea 13.00ak eta 16.00ak artean».

Rodriguez baikorra da, baina ez hiriaren egoeraz ari bagara. Egoerak ez duela goia jo dio. «Hiri honetan azken urteotan eredu merkantilistak sekulako leherketa egin du zentzu guztietan. Eta larriena etxebizitzarena da. Ez bada jendea bizitzeko, eta espekulaziorako bada, horrek gainerako eremu guztietan du isla: dendak, tabernak, zerbitzuak… Nire ustez, frankizia gehiago, mota guztietakoak, Donostiara etortzear daude».

San Bartolomeko merkataritza gunearen irekiera da iragarri den azkena, Erdigunean. «Zenbat gehiago baimenduko dituzte?», galdegin du. «Diskurtsoa alde batetik doa eta praktikan egiten dena beste batetik, eta erabaki horiek ondorioak dituzte. Josu Jon Imaz edo Garamendiren soldatak adibide bezala jarriko ditut. Ez da haien errua: legeak baimentzen ditu eta bermatzen ditu. Ez dira piratak: ez dute ezkutuan egiten, agerian egiten dute. Baina legeak baimenduta. Ulertzen duzu? Hona espekulatzaileak datoz legeak alde dituztelako, bermatzen zaielako bidea espekulatzeko».

Kidetasun sentimendua

Patua apetatsua da, eta kasu honetan denboran bat egin dute Rekalderen eraispenak eta Pandoraren itxierak. Sinbolismoz betetako garaia da. «Ez naiz batere esoterikoa, eta ez da bilatua edo deliberatua izan denboran bat etorri izana. Erabakia meditatzen ari nintzela konturatu nintzen horretaz». Kointzidentzia hutsa izan da.

Denok egin dugu, edo ia denok. Agus Rodriguezek ere bai: duela hiru aste pasatu zen Rekaldetik. Ikustera. Zentzu batean mina sentitzera. «Lekuko izan nintzen nola ari ziren barrualdea hustutzen eta suntsitzen. Barra, 70 urte baino gehiago zituen botilategia… dena. Orduan bai, txikitu zitzaizkidan tripak».

Duela bizpahiru aste hasi ziren Aldamar kaleko eraikinaren eraiste lanak. Ez dago ez etxebizitzen ez Rekalderen arrastorik. (Jon URBE / FOKU)

Pandorara «energia positiboekin» abiatu zela dio, baina aitortu du azken hilabeteetan Rekalderen nostalgia sentitu duela, «han gauzak errazagoak zirelako, nahiz eta hemen lan handia izan», zehaztu du. «Kidetasun sentsazio hori Rekalden ikaragarria zen, ikaragarria, eta jende askorentzat jarraitzen du izaten; ‘rekaldetar’ sentimendua hor dago. Eraispena ikusteak eragina izan du niregan egunotan, Pandora ixteko prozesu honetan… Solairuz solairu nola eraitsi duten… Metafora katastrofikoa da».

Azken egunotan bereziki jende asko hurbiltzen ari da Rekaldera, bai, baina hamaika arrazoi tarteko («ama izan delako edo bizitokia aldatu duelako…») Pandorara joan ez dena. «Eta batzuk gerturatzen dira oraindik ere Rekaldeko oroitzapenekin. Uste dut hori dela baliotsuena. Harrokeriarik gabe diot: ez dago horrelako espaziorik, benetan eroso eta jendeak berea sentitzen duenik, eta jende ezberdinarentzat. Nik ez dut ezkutatu inoiz nire ideologia, nirea daukat, baina pertsona irekia naiz. Bizi garen herri honetan ikasi behar dugu elkarbizitzen, ideologia ezberdinen artean; hemen jendea oso eroso sentitu da. Ibili da nire ideologiarekin bat egiten ez duen jendea, baina deseroso sentitu ez dena», aipatu du.

Ama, erreferente bat

Tabernaria ez ezik, Agus Rodriguez militantea da, politikoa eta soziala. Ez bada batengatik bestearengatik ezagutzen du jendeak bere aurpegia. Besteei emana. «Amarengandik jaso nuen hori -dio-. Hamar anai-arreba gara, eta gure amak, esklusiban hamar seme alabak hezteaz gain, denbora aurkitu zuen, adibidez, gure eskolan gurasoen elkartearen bidez estraeskolarrak martxan jartzeko; bera iritsi aurretik ez zuten halakorik egiten, eta gure amari esker hasi ginen kirola egiten, irteerak antolatzen… Zerbait badut hortik. Ni bederatzigarren semea naiz, eta goian izan ditut erreferente asko, eremu politikoan dela edo sozialean dela hainbeste militatu ez dutenak, baina, hala ere, eman eman dutenak», oroitu du.

Erreferenteez ari dela, Xipri Muñagorri aipatu du, Agusen ibilbidean berebiziko eragina izan duen gizona. Groseko bizilaguna otsailean zendu zen. «Gaur egun esaten dugun bezala, 7/24 pertsona bat zen Xipri. Nire eredua izan da ez bakarrik militantzia politikoan; Xiprik isilean lagundu zion hainbat modutan jende askori eta inork jakin gabe. Zeinen inportantea! Begira, zein da gure gizartearen bilakaera? Nik hau egiten dut, beste hori, eta ateratzen dut selfie bat, edo beste moduren batean jende guztiak jakin dezan zer solidarioa naizen, non ari naizen eta zertan. Lehen egiten zenuen eta kito, alarderik gabe. Orain badirudi saldu egin behar duzula zure elkartasuna edo eskuzabaltasuna. Barrenak mugiarazi dizkit horrek azken egunetan».

Ama eta Xipri aipatu dituela, «eskuzabaltasuna» etorri zaio burura. «Ondo ezagutzen nauten lagunek esaten didate batzuetan onegia naizela, eta jendea nitaz aprobetxatu daitekeela. Eta egia da: kasu batzuetan jendea aprobetxatzen da nire eskuzabaltasunaz, baina hamarretik hiruk itzultzen badidate, pozik nago. Agian zazpi probestuko dira, baina ni ez naiz aldatuko. Eta hemen gertatu diren liskar pertsonaletan ere, humanoak baikara, ni saiatu naiz enpatizatzen, ez baitut balio errietan egiteko, adibidez. Gatazkan ez naiz eroso sentitzen, nahiago dut ekidin. Eta hori izan daiteke bertutea edo akatsa».

Euskararen itsasoan

Bere amaren haritik tira egiten segitu nahi dugu. Ez zion euskara eman, baina gurasoek transmititu zieten gure hizkuntzarekiko maitasuna. «Gure ama Chipionan jaio zen, eta zortzi urte zituela etorri zen Zumaiara. Gure aita hemen jaio zen, ama Zeraingoa zuen. Txikitan gazteleraz ez zekiela esaten zuen; gero euskara galdu zuen. Hamar anai-arreba ginenez, diru asko ez zegoen etxean eta denok eskola publikora joaten ginen, A eredura. Oso harro nago gure familiaz. Izan ere, hamar anai-arrebetatik seik hartu genuen gero euskara. Norberak bere kabuz euskalduntzeko pausoa eta ahalegina egin zuen, eta gure artean hala komunikatzen gara, zer esanik ez ilobekin eta gure seme-alabekin. Gure etxean ez genekien euskaraz baina gabonetan ‘Gure aita’ abesten genuen. Gure etxean Rocio Juradoren diskoa zegoen eta aldamenean, Pantxoa eta Peio; Victor Manuel eta ondoan, Oskorri. Gurasoekin beti erdaraz egiten genuen, baina gure gurasoak oso harro daude, dauden lekuan, gure familiaren hizkuntza ofiziala euskara delako».

1985. urtean, euskaraz «tutik jakin gabe», joan ziren gurasoen eskutik Zumarragara, Kilometroak ikastolen jaiaz gozatzera. «Euskara ez jakinda gauza asko galtzen ari nintzela banekien, baina inflexio puntu bat egon zela uste dut, eta hura, saio batean, Jon Maia bertsolariari entzutea izan zen. Hamalau urterekin edo. Bertsotan, nik %5 edo %10 ulertzen nuen: ez gehiago. Ikusten nuen jendea negarrez, barrez, emozioz beteta, eta konturatu nintzen zerbait potoloa galtzen ari nintzela. Berak eman zidan azken bultzada eta euskaltegira joaten hasi nintzen».

Agusek beste proiektu bat aurkitu nahi du (Andoni CANELLADA / FOKU)

AEK helduak euskalduntzeko zen garaian hasi zen, 17 urterekin. «Lehenago -kontatu du-, instituan A ereduan ikasten nuela, nire kabuz elkartzen nintzen D ereduko ikasleekin. Garai hartan sortu zen Ikasle Abertzaleak eta joaten nintzen bileretara; niretzat arrotza zen erabat. Ez nuen [haria] jarraitzen». Egun, hainbeste urte geroago, dio ez zela «pertsona osoa euskara jakin arte». Eta Jabier Muguruzaren esaldi bat ekarri du gogora. «Esan ohi da galtzen duzun arte ez dakizula zer duzun, eta berak zioen kontrakoa gertatzen dela euskararekin: eduki arte ez zarela konturatzen zer ari zinen galtzen. Nik banekien zerbait galtzen ari nintzela. Bizitzeko modu bat da euskara».

Eta orain, zer?

Pandorara itzuliko gara azkenekoz. «Bihartik aurrera, zer?». «Orain atsedena behar dut. Ez daukat ezer buruan, eta ez dut ezer baztertzen, baina gelditu behar dut eta perspektiba eman. Rekalde derrigortuta utzi genuen eta apustu hau egin genuen, uste baino handiago bilakatu dena, gainera. Ilusioa izan nahi dut, poztuko nauen beste zerbaiten bila joan, baina ez naiz pentsatzen ari neuk sortzea. Koherentziagatik, izatekotan, izango du zerbait kooperatibatik, izaera partekatu bat. Kapitaina izatetik marinela izatera pasatu nahi dut».

Rekalde-pandoratarren bideak berearekin berriro gurutzatuko ote diren iradokituta… «Espero dut baietz».