Ula Iruretagoiena
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Arkitekturaren etika

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Demagun arkitektura bulego bateko atea enpresari handi batek jotzen duela, spa bat ingurune natural eta babestu batean egiteko lan eskaintzarekin. Edo gerta liteke Donostia zentroko eraikin bat bota eta beste hotel bat egiteko proposamena iristen dela arkitekto baten lan eskaintzetara. Printzipio etikoaren oinarri ekologiko eta sozialen arabera, aipaturiko proposamenak oso problematikoak lirateke. Lehenik, aktibitate ekonomikoaren beharraz galdetu beharko genioke geure buruari; ondoren, ia lekurik egokiena ote den, eta azkenik, zein den arkitekturarik egokiena proposamena garatzeko. Ez da beti posible edo erraza lan iturri bati ezezkoa ematea. Praktika profesionalean gerta daitezkeen gorabehera eta egoerei nola aurre egin konplexutasun eta ñabardura askoko bidea izango da, eta ez genuke modu arin batean epaitu beharko. Baina komenigarria litzateke, errealitate fisikoaren eraldaketan hainbesteko inpaktua duen egiteko batean, arkitektura eta hirigintza bezalako jarduerak bezalakoxeetan, profesionalki lanean hasi baino lehen, eraikuntza jardueraren inguruko etikaz gogoeta bat egitea. Hirietan eta hirietatik kanpo eraikitzen diren sarraskien atzetik, lana garatzen duen arkitekto konplize bat baitago.

Oso ezaguna da arkitektoen artean kasu bat, Lacaton eta Vassal pritzker saridunena, non, plaza baten hobekuntzarako zer egin behar zen galdetuta, ezer ez egiteko proposamena luzatu zuten. Paradigmatikoa gertatu da anekdota hori, kontatzeko, batzuetan, bussiness beharraren aurrean, arkitekturaren etikari jarraitzea aukerarik arrakastatsuena dela. Eta aipagarria da ere bai, horrelako kasu gutxi ezagutzen direlako, nahiz eta jakin egoera askoren aurrean erantzunik zentzuzkoena dela aldaketa eza edo egokitzapen xumea egitea. Diru-gosea edo prekaritatea, edo arrakasta eta egoaren elikadura egon daitezke moralaren praktika ezaren aurrean.

Baina badira arkitektura bulego asko, lankideen artean adosturiko eta askotan publiko egindako manifestu etiko baten oinarrian lan egiten dutenak. Adibidez, ber-eginez eta kendu eragiketekin eraikitzen dutela esaten dutenak, edo nagusiki eraikinen lanetan egurra erabiliko dutela diotenak, edo artisautza-teknikak eta bio-teknikak abian jarriko dituztenak edo begirada feministarekin eraikiko dutenak. Batzuetan, marketin teknika hutsaren usaina har bagenezake ere, ez da batere ohikoa arkitektura nondik egingo den zehazten duen posizionamendu argi baten pean praktika profesionala egitea eta horri tinko jarraitzea, lan-iturrien mugaketaren beldur. Ausartak eta politikoak gertatzen dira etikaren bidea jarraitzen duten arkitektura jardunak. Baina egia da arkitekturaren etika praktikatzen duten arkitektoen ibilbidean jarraitutasuna eta, beraz, sustengu koherente bat irakurtzen dela egiteko moduetan, egoera eta baldintzen arabera kiribiltzen dena, eta jardunari intentsitate boteretsu bat eskaintzen diona. •