Pello OTXANDIANO
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Bi norabide

Pentsioak ditugu hizketagai Euskal Herrian Espainia zein Frantziako erreformen karietara. Espainiako erreformaren kasuan, EH Bildu eta Gobernuaren arteko akordioaren berri izan dugu asteon; Frantzian, aldiz, Macron Senatuaren gainetik pasatu da eta dekretu bidez onartu du kalean gaitzetsitakoa. Aste berean Europako Banku Zentralak beste 0,5 puntu igo ditu interes tipoak, diruaren prezioa %3,5ean ezarrita, noiz eta, Silicon Valley bankuaren porrotaren ondorioz, beste krisi finantzario baten harrabotsak entzuten direnean. Bestalde, joan den astean jakin zen "clausula de escape" delakoa -defizit eta zor publikoa mugatzera bideratutako neurri fiskalak (hots, austeritate politikak) behin-behinean indargabetzen zituen klausula- bertan behera utzi duela Europar Batzordeak.

Espainiako pentsioen erreformak harridura sortu du Euskal Herrian, neurri batean. ELAren balorazioa irakurri besterik ez dago bestelakorik espero zutela ikusteko, adibidez. Asko espekulatu da Next Generation funtsen baldintzez; hau da, funts horien truke murrizketak onartu beharraz. Honela idatzi zuen ELAk duela bi urte: «EH Bildu hace abstracción de que los fondos están condicionados a la aplicación de nuevos recortes en las pensiones, a no derogar las reformas laborales o a aplicar en los próximos años las políticas presupuestarias de austeridad». Iragarritako hiru gauzetako bat bera ere ez da gertatu. Besterik da lan erreforma zein pentsioena ez-nahikotzat jotzea. Inportantea da arriskuak zein aukerak, biak ala biak, ez handiestea ez gutxiestea.

Esango nuke bi norabideren arteko lehia bizi dugula maila globalean zein europar testuinguruan ere. Batetik, badira inflazioari aurre egiteko eskaera gutxitzera bideratutako politikak planteatzen dituztenak (interes tipoen igoera, kasu) eta covid-19ak sortutako egoerari aurre egiteko martxan jarritako politika ekonomikoa (‘keynesianismo pandemikoa’ deitu izan dena) amaitu nahi dutenak. Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak ekin zion interes tipoak igotzeari eta, Japoniak ez, beste herrialde aberats guztiek eman diote segida. Europar establishment-ean ez dira gutxi 2008ko austeritate politiken bideari jarraipena eman behar zaiola defendatzen dutenak. Ortodoxia neoliberalaren zaindariak dira.

Bestetik, ez dira gutxi bide horrek inora ez garamatzala defendatzen dutenak ere. 2008. urteko ofentsiba neoliberalaren ondoren, gisa bereko beste olatu batek sortuko lukeen astinaldi sozialak Europar Batasunaren beraren egonkortasuna serioski kolokan jarriko lukeela pentsa dezakete agian. Hainbat ahotsek argudiatu dutenez, austeritate politikek ezinezko bihurtuko lukete ezinbestean gauzatu beharreko eraldaketa produktiboa (trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala tarteko). Berriki, politika monetario espantsionista bukatzeko temak, paradoxikoki, sistema finantzarioaren beste krisi bat ekar dezakeelako beldurra hedatu du.

Espainiako pentsioen erreformak agerian utzi du lehia bizirik dagoela, eta ez dagoela ebatzita zein norabide nagusituko den. Erreforma honekin, pentsioen gastua Barne Produktu Gordinaren %12tik %15.5 izatera pasatuko da; pentsio baxuenak igo egingo dira; "baby boom" belaunaldia delakoaren pentsioak estaltzeko, murrizketak egin ordez, diru-sarrerak gehituko dira, eta horretarako soldata altuei gehiago kotizaraziko zaie, kapital errentetatik lan errentetarako transferentzia bat gauzatuta.

Ez da aski, urrunago joan behar da. Bai. Baina ezin uka, testuinguru historiko hain berezian, bi norabideren arteko lehian, hautu neoliberalaren parean norabide egokia hau dela. Norabide honetan sakondu behar da. Lehenengo galdera da Espainian indar-harremanak gehiagorako eman ote dezakeen. Eta bigarrena ia Euskal Herrian zein kontsentsu liratekeen posible urrunago joan ahal izateko. •