Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea
3 BEGIRADA:

Ezinezkoa dirudien hori

Irudian, Gloria Steinem erreferente feminista.
Irudian, Gloria Steinem erreferente feminista. (WIKIMEDIA)

Zazpi urte nituenean ez nekien Gloria Steinem nor zen; ez nekien 60ko hamarkadan Emakumeen Mugimendu Liberalean egin zuen aktibismoari esker ezarri zirenik gaur egun emakumeok ditugun eskubide askoren oinarriak; ez nekien 1971. urtean “Ms. Magazine” sortu zuenik, feminismoaren perspektibatik istorioak kontatzen lehenengoetako aldizkaria; ez nekien 22 zituela izandako abortuak eman zionik ostera abortuaren aldeko erreforma legeen definizioan egin zuen lan guztia egiteko motibazioa; zazpi urte nituenean ez nekien emakume sindikalisten “Coalition of Labor Union Women” (CLUW) erakundea sortu zuenik eta gerora nolako eragina izan zuen genero berdintasunean (adibidez, gizon eta emakumeen arteko soldatetan ezberdintasuna murriztuz eta haurren zaintzaren inguruko politika aurrerakoiak definituz). Ez nekien gerora aukeratu nuen ikus-entzunezkoen sektoreko ibilbide profesionalean ere izugarrizko eragina izan zuenik Steinemek egindako lanak: hain zuzen, 2005. urtean, Jane Fonda eta Robin Morganekin batera, “Women’s Media Center” sortu zuen, eta emakumeen perspektibak eta haien istorioak ikus-entzunezkoetan modu esanguratsu batean islatu daitezen lan izugarria egin dute.

Gaur egungo zazpi urteko haurrek, aldiz, Gloria Steinemen bizitzari buruzko liburu ilustratuak dituzte eskura, eta nire alabari ezohiko interesa piztu zitzaion Steinemi buruz.

Gauza batek beste bati bidea eman zion (laneko kontaktuak, elkarrizketa bat leku egokian eta une egokian eta beste), eta duela hiru aste Gloria Steinemen etxeko egongelan geunden, New York-en. Alaba eta biok. Oraindik ere une hark duen esanahia prozesatzen gabiltzala esango nuke.

«Ez gara lerro zuzenetan jartzen, biribilean esertzen gara»; hori esan du askotan Steinemek. Biribilean esertzen garenean denok gara-eta berdinak, ez dago hierarkiarik, ez da inor besteak baino gehiago. Denok dugu eskubide bera geure iritzia emateko, geure pentsamenduak partekatzeko. Denon artean sortzen dugun aniztasun horrek balio handia du.

Eta, han ginen, bere egongelako mahaiaren inguruan, solasean.

Egunen batean nire alabak hau irakurri eta bere bizitzako kapitulu honen esanahia denboraren perspektibatik ikusteko aukera izan dezan, hemen Steinemenen mezu batzuk:

«Zer jaso dut amarengandik?» galdera egin iezaiozue zuen buruari, ez gutxietsi erantzuna.

«Egin beharreko hori ez dagoela eginda adieraztea ezinbestekoa da. Zuzendaritza batzorde baten bileran aulkiak jarri beharko zenituzkete; aulki hutsak. Eta, gizon batek galdetzen duenean norentzat diren horiek, erantzuna garbia da: ‘Gela honetan falta diren emakumeentzat’. Egin esperimentu hori».

«Mugimendu guztiak urrats txikietatik hasten dira».

Azal beltzeko madonna bat genuen paretan zintzilik guri begira.

«Eleanor Rooseveltek egin zuena miresten dut. Ahotsik ez zuten haien lekuan jarri zen eta haien mezuak zabaldu zituen»

«Ezin dugu denbora pasatu geure artean distantzia jartzen duten gauzetan».

Steinemen bizitza “kudeatzen” duen erakundeak ondorengo leloa dauka: «Ezinezkoa den horrek sortzen digunak motibatuta». Ezin hobeto laburbiltzen du esperientzia. •