Iñaki SANZ-AZKUE eta Amagoia MUJIKA TELLERIA
Entrevue
Alberto GOSA OTEIZA
Biologoa

«Natura behatzen dudanean, koadernoan zenbakiak eta datuak jasotzeaz gain, beti sortzen zait poesia»

Alberto Gosa (Madril, 1952) Biologian lizentziatua da. Aranzadiko zuzendari izandakoa, 2020an jubilatu zen eta bizitzaren fase berri honetan argitaratu du bigarren poesia liburua, lehenengotik 42 urtera. Zientziaren jardunak eman dizkion behaketa orduetan piztutako poesia da liburuan jaso duena. Bi begiradak jantzita eramaten baititu beti; behatzailearena eta poesia sortzen zaionarena.

(Argazkiak: Andoni CANELLADA | FOKU)

Ekainaren 5ean izango da Ingurumenaren Nazioarteko Eguna eta ekainaren 7an aurkeztuko du Alberto Gosak bigarren poesia liburua. Naturaren behaketan piztutako poesia da; sugandilaren pareko izaera isila, bakartia eta oharkabekoa duen zientzialariaren gogoetak, poesia bihurtuak.

«Las ciencias de un principiante». Naturaren inguruko poesia liburu bat. Zer topatuko dugu bertan?

Berrogeitaka urte daramatzat jarduera profesional jakin bat egiten; naturaren, biologiaren, jarduera. Liburu honen atzean begirada horrekin naturara egindako irteerak daude, urte luzez egindako irteerak, eta horiek helburu zehatza izan dute: sistematikoki datu zientifikoak biltzea. Naturara begiratu jakin batekin hurbiltzen zarenean, horretan gera zaitezke, datu zientifikoen bilketan, eta ez da gutxi. Baina umetatik naturarekin oso harreman estua eta berezia izan dut eta animaliek, landareek, naturak, bestelako gauzak kontatzen dizkidate. Neurtu, kontatu, kolorea behatu eta jokaera aztertzeaz gain, beti gauza gehiago esan izan dizkidate. Horrela izan da umetatik eta urte askotan pilatu ditudan sentsazioak dira. Natura behatzen dudanean, koadernoan zenbakiak eta datuak jasotzeaz gain, beti sortzen zait poesia. Nire begirada bikoitza da, arakatzailearena eta poesia sortzen zaionarena.

28 urte nituela ordura arte idatzitako poema sorta bat argitaratu nuen. 1981 eta 2023 urte bitartean 42 urteko begirada bikoitz hori pilatu da, poesia testuak pilatu dira. Behin jubilatuta, poema horiek berrikustera eta argitaratzera animatu naiz. Pilatuta nituen poemen artean aukeraketa zorrotz bat egin dut eta sorta bat argitaratu dut. Egia esan, argitaratu gabe geratu direnekin liburu gehiago ere egin daitezke. Pentsa, 42 urte izan ditut egiteko!

Begirada bikoitza esan duzu. Bi koaderno?

Nire ikerketa koadernoetan eta paperetan, beti agertzen da poemaren bat. Baina alderdi poetikoa beti alkandoraren poltsikoan kabitzen diren koadernotxo horietan landu dut, hor jaso ditut nire gogoetak. Orain alkandorei gero eta poltsiko txikiagoak jartzen dizkiete eta askotan komeriak izaten ditut koadernotxoak sartzeko. Baina etxean jasota dauzkat urteotan idatzi ditudan poesia guztiak. Hortik abiatuta lantzen ditut, baina ez gehiegi. Ez naiz poesiak asko moldatzearen aldekoa, lehendabiziko botea gustatzen zait.

Zure liburuan sumatzen da txikitasunari begiratzeko gustua duen behatzailea oso txiki sentitzen dela naturan.

Oso tuntuna izan behar da bizitza honetan txiki ez sentitzeko. Inguruan daukagun handitasuna ikusita, nola ez gara txiki sentituko? Baina gizakia den bezalakoa da eta beti bere zilborrari begira egon da. Gero eta jende gehiago dago bere zilborrari begiratzeari utzi diona eta, hala ere, gaizki gaude. Nire asmoa da behatzen ditudan horiek bezain txiki bihurtzea, haien antza handia lortzea, baita, ahal badut, izena eta geneak aldatzea ere. Merezi du txikia izatea, forma zoragarri horiekin, eta ez handia eta ergela.

Bizitza oso batean egindako behaketari buruz ari gara. Sugandilak dituzu maiteenetakoak?

Umetan ohikoa da animalia totemak izaten hastea. Nire kasuan, oso gaztetatik, muskerrak eta sugandilak izan dira. Isilak dira, ondo ezkutatzen dira, ez dira ikusgarri egiten... zuk joan behar duzu haiengana eta horretarako modu onena zu ere haien antzekoa bihurtzea da. Haien artean kamuflatzea eta geldirik egotea. Eta modu horretan onartu egiten zaituzte. Sugandilak izan ziren atentzioa eman zidaten lehen animaliak eta hori bizitza osorako geratu zait. Bizio bat da. Musker bihurtu nahi nuke.

Zure izateko moduarekin pareka daitezke?

Bai. Gauzen ikuspegi bakarti bat daukat, builatik aparte ibiltzeko nahi bat. Ez da kasualitatea muskerrak eta sugandilak izatea nire maiteenak. Ez da kasualitatea.

Zerbait erakutsi dizute sugandilek?

Hainbeste gauza erakutsi dizkidate... Eta naturara gerturatzen naizen aldiro gauza berriak erakusten dizkidate. Horrenbeste urteren ondoren, dena ikasi duzula uste duzunean, oraindik harritu egiten zaituzte eta gauza berriak ematen dizkizute. Naturan nola egon erakutsi didate, gauzei arreta nola jarri, inguratzen zaituena errespetatzen erakutsi didate, inguratzen zaituenak kontatzen dizkizun gauza horiek guztiak entzuten eta gutxi batzuk ulertzen...

Sugandilek behatzen erakutsi dizutela diozu. Jendartea behatzeko gaitasuna galtzen ari da?

Jendartea berez ez dela existitzen uste dut, asmakizun bat dela. Biztanleriak ez du jokatzen bloke bat balitz bezala, oso anitzak gara, bakoitza bere erakoa. Niri jendartea baino gehiago interesatzen zait norbanakoa. Ni blokearekin, masarekin, ez naiz ondo moldatzen. Nahiago dut norbanakoa. Eta sugandila norbanakoa da.

Hortik ulertu daiteke Alberto Gosa oso gazte bat Madril atzean utzi eta Nafarroako Beorburura etorri izana?

1977an utzi nuen Madril, tesina bukatu berri. Oso gaztea nintzen, diktadorea bi urte lehenago hil zen eta Madril niretzat hiri oso bortitza zen. Ahal nuen guztietan Madrildik ihes egin eta lagunekin mendira joaten nintzen, kanpin dendak hartuta. Bortitza eta jasangaitza zitzaidan hiri horretatik aldentzeko modua asteburuetan alde egitea zen. Behin ikasketak bukatuta, behin betiko ihesaldia egin nuen eta Beorburura iritsi nintzen.

Zer topatu zenuen Beorburun?

Biologo kuadrilla bat, bertan abandonatutako etxeak erosten eta berritzen saiatzen ari zena. Menditik hirirako ihesaldiaren urrezko garaia hasi zen orduan eta herri asko hutsik geratzen ari ziren. Mugimendu horretan sartu nintzen ni ere. Bost urte eman nituen bertan, etxeak berritu genituen, ahuntzak genituen.... Bi milioi eta erdi biztanle zituen hiri batetik dozena bat biztanle zituen herri batera aldatu nintzen.

Beorburun pertsona baino sugandila gehiago zeuden, beraz.

Bai, hori seguru.

Bertan egin zenuen herpetologo bezala zure lehen landa-azterketa?

1978. urtean, Beorburu inguruan ematen genituen buelta handi horietan, lazertidoekin (sugandilak eta muskerrak) harreman estua izan nuen. Horien presentzia herrian bertan zegoen, etxeetako hormetan, baita mendian ere. Narrastiak ikertzeko umetatik neukan grina horrek bere bidea egin zuen orduan, aukera neukalako; denbora neukan niretzat eta gustatzen zitzaizkidan gauzentzat. Eta hor hasi nintzen, hain zuzen, lehendabiziko datu sistematikoak biltzen.

Behaketa horietan oinarrituta urte batzuk geroago argitaratu zenuen artikulu batean, 90eko hamarkada hasieran, klima aldaketa aipatzen zenuen ordurako.

Aipatzen nuen sugandila espezie jakin batzuen presentzian distortsioak gertatzen ari zirela. Klima aldaketaren gaia indarra hartzen ari zen garai hartan. Giza existentziaren 10-15 urteko eremu laburrean, toki berean behaketak eginez, ni konturatu nintzen elementu batzuk aldatzen ari zirela. Hasierako urteetan zeuden sugandila batzuk desagertu egin ziren 10-15 urte horietan eta beste batzuk azaldu ziren. Zeintzuk zeuden eta zeintzuek ordezkatu zituzten ezagutzen baduzu, ondoriozta dezakezu aipatzen zuten klima aldaketaren gai hori errealitate bat zela.

Horretarako toki berean egin behar da behaketa denbora tarte batean.

Noski. Toki berean egonaldiak egitea funtsezkoa da ondorioak atera ahal izateko. Gaur egun errazagoa da: teknologia lagun, bizpahiru astean egindako landa-ikerketa batean emaitza esanguratsuak lor ditzakete zientzialariek. Ni beste garai batekoa naiz. Nik egonaldia, behaketa, patxada behar ditut.

Zein zen zure teknologia Beorburun sugandilak behatzeko?

Landa koadernoak. Harri multzoetan eta sastraketan ibilaldiak egiten nituen, beti toki berean eta norabide berean. Eskemak egiten nituen, marrazkiekin, eta toki bakoitzean behatutako sugandilak kontatu eta kokatzen nituen. Harri eta sastraka guztiak ezagutzen nituen. Trantsektua egiten nuen -horrela esaten zaio- eta espezieak eta indibiduoak zehazten nituen. Denboran zehar datuak biltzearen poderioz, banekien sugandilak non bizi ziren eta nondik desagertu ziren. Animaliak kontatzen nituen, arrak eta emeak ziren zehaztu, neurtu egiten nituen... Herpetologian egin nituen lehen urratsak izan ziren.

Beorburun poesia idatzi zenuen?

Bai, noski. Nire lehen liburua bertan idatzitako poesien bilduma bat izan zen.

Oraintxe bizi dugun unea ez da samurra. Klima aldaketa, bioaniztasunaren galera, desagertze masiboak... Hain ibilbide luzea aldean eta zure esperientziarekin, nola ikusten duzu egoera?

Nire esperientzia oso txikia da. Gizakiok pentsatzen dugu, tarte batean bizi izanagatik bakarrik, gai garela erabateko ondorioak ateratzeko, askotan ez-zientifikoak. Eta gizakiak joera dauka bere bizipen txiki horiei kategoria unibertsala emateko. Nire esperientzia oso txikia izan da, talde zoologiko jakin batekin, oso espezializatua, naturarekin harreman zuzena izanez eta XVIII-XIX. mendeetako metodoak erabiliz. Biologoa baino gehiago, naturalista izan naiz, naturaren parte batean interesa izan duen behatzailea izan naiz.

Jakitun naiz nire esperientzia oso txikia izan dela. Baina, txikia izanagatik, balio du zenbait gauza kontrastatzeko; zure aurrekoek esandakoak, zuk ikusitakoak eta zure ondotik datozenek jasotakoak kontrastatzeko. Esperientzia oso txikia da, baina baliagarria. Eta ezin da gehiago egin, bizitza laburra delako. 30-40-50 urteko behaketa batek gauza asko erakusten dizkizu, baina umiltasunetik, ia dena ikusteko geratu zaizula onartuta.

Ibilbide horretan bada markatu zaituen proiekturik?

Proiektu nagusietakoa “Atlas de distribución de las especies de anfibios y reptiles de Navarra” izan zen. Garai hartan, 80ko hamarkada bukaeran, apenas ezagutzen zen fauna hori eta ez zegoen ia ezer publikatuta. Pentsa, herpetofauna iberikoaren inguruan argitaratutako lehen liburua 1975ekoa da. Garai hartako liburuek ez daukate zerikusirik gaur egun argitaratzen direnekin, espezieen izenen %70-80 inguru aldatu egin da.

Une hartan, 80ko hamarkada amaieran, Iruñea inguruan ibiltzen zen beste herpetologo batekin harremanetan jarri nintzen, Alberto Bergerandi. Ziur aski, biak izango ginen inguruko herpetologo bakarrak garai hartan eta segituan egin genuen harremana. Bereziki oroitu nahi dut Bergerandi, duela aste batzuk zendu baitzen. Bera altsasuarra zen eta naturaren behaketa datuak jaso zituen oso gaztetatik. Ni iritsi berria nintzen Nafarroara eta segituan hitzartu genuen elkarrekin bildutako datuak baliatuz oinarrizko liburu bat egin behar genuela. Eta atlas hori horixe izan zen, bion artean egindako ekarpena. Argitalpen horrek jaso zuen zein espezie zeuden Nafarroan eta non ibiltzen ziren. Egia da gerora argitaratu diren beste liburu batzuen oinarria izan dela. Atlas horren oso oroitzapen ona daukat.

Baduzu beste proiektu oso berezi bat, Motondoko baso-igel gorriarena. 32 urte jarraian daramatzazu anfibio populazio horren inguruko datuak biltzen.

Motondo Oriako uretan dagoen antzinako padura bat da, Orioko zubitik kilometro bat gora eginda, bertako arraun elkartetik gertu. Ezkerreko ertzean, hemezortzi hektareako gune bat da. Ehunka urtez padurari irabazitako lurrak izan dira; fruta-arbolek, baratzeek, belardiek… hartu dute ingurua.

1991-1992 urteen bueltan, eraikitzeko eta espoliatzeko grinak jota, padura hori desagerrarazteko proiektu bat jarri zuten mahai gainean. Motondora iristen diren iragazitako urak hortik kendu nahi zituzten bertan sekulako eraikuntzak egiteko: industria guneak, kirol instalazioak, hotelak… Hamarkada luzez borrokan aritu gara eta horrela lortu dugu Motondo babestutako gune izendatzea. Duela hogei urtetik Motondon larreak daude, inguruko baserritarrek zaintzen dituztenak, eta ingurua bere horretan mantentzen da.

Motondok badauka beste berezitasun bat, niri asko interesatzen zaidana. Itsasoa hain gertu izanda, baso-igel gorria bizi da bertan. Itsasoaren mailan bizi den baso-igel gorriaren populazio bakarra da.

90eko hamarkada hasiera hartan, Motondo arriskuan zegoela jakin nuenean, erabat inplikatu nintzen bertako igelen populazioa ikertzen. Nik Orioko jatorria daukat eta lotura estua daukat herriarekin. Hartara, igelekin lan egitean egin daitekeen gauzarik sinpleena egiten hasi nintzen duela 30 urte baino gehiago: igelen errunaldiak kontatu. Neguero, urritik otsailera bitartean, Motondo bisitatzen dut eta igelen errunaldiak kontatzen ditut. Eta hortik datu zientifiko batzuk ateratzen ditut, igel populazio horren garapena aztertu ahal izateko.

Nolako indarra behar da igel txiki bat eraikuntzako erraldoien aurrean defendatzeko, lehen bezala orain?

Horrelako borrokak egiten dituen jende asko dago mundu osoan zehar, Amazonatik Afrikara. Gaur egun, gero eta gauza gehiago dakigu eta badakigu gauza txikiak, ederrak izateaz gain, beharrezkoak direla, ezinbestekoak. Ikusiko duzu hemendik urte batzuetara, ordurako intsekturik geratzen ez zaigunean. Ederra datorkigu. Txikia ederra eta ezinbestekoa da. Gero eta jende gehiago dago hori ulertzen ari dena, ez bakarrik ikuspuntu zientifikotik -beharrezkoa dena-, baita jendarte zibil xumeenetik ere. Jende asko dago naturaren alde borrokatzeko prest. Ibilbide luzea daukaten talde ekologistak ere erabat beharrezkoak dira. Gero eta jende gehiagok ulertzen du, sentitzen du eta borrokatzen du igel txiki horien alde. Zentimetro gutxi horiek dituztenak erabat beharrezkoak dira bizitza egon dadin, bai haien aurretik bai haien ondoren. Eta haien inguruan gu gabiltza, lardaskan.

Eta tartean, politikariak. Horietako batzuek diote balkoi bakoitzean landare bat jarrita konponduko dela klima aldaketaren arazoa.

Gustu txarrekoa da. Horrelako gauzek auzo lotsa eta tristura sortzen didate. Politikariek inoiz ez dute maila ematen. Baina horrek ez du esan nahi gaur egun ez daudenik informatutako eta sentsibilizatutako politikariak. Oro har, kaleko politikaria oso urruti dago klima aldaketaren arazoaren aurrean. Baina, tira, jendartea ere oso urruti dago. Finean, politikariak gure jendartekoak dira, hortik atera dira. Politikaria txarra eta tuntuna izatea gidoian sartzen da. Arazoa sortzen da hainbeste herritar eredu horretan sartzen denean. Baina politikariek, oro har, oso itsu egoten jarraitzen dute, datorkiguna ikusi gabe.

Naturan denbora luzea pasatu duzu zure bizitzan zehar. Zer eman dizu horrek?

Nire burua ezagutzeko aukera eman dit. Umetatik baneukan naturarekiko grina bat eta naturan hainbesteko denbora eman izanak nire onena eman dit, zalantzarik gabe.

Poesia egiteko isiltasuna behar da. Sugandilak bezain isilik egotea.

Isiltasunik handiena. Baina baita musika edo matematika egiteko ere. Isiltasuna ezinbestekoa da ia denerako. Zaratak beti nahastu eta engainatu egiten zaitu. Nik umetatik isiltasuna behar izan dut, patxada, bakardadea, gauzak kanpotik bezala ikustea. Akaso hori ez da ona sozialki, apartatu egiten zaituelako, baina ikuspuntu guztietatik egin dakioke ekarpena jendarteari, nahiz eta bertan oso integratuta ez egon.

Baina naturan badira soinuak.

Soinu guztiei adi egon behar da. Naturan zaudela, ikusten zaituztenek ez dute zure lengoaia bera hitz egiten eta zuk haien lengoaia interpretatu behar duzu. Askotan badakizu hor daudela entzun egiten dituzulako. Hosto bat zanpatu duen animaliatxo bat entzuten duzu. Eta akaso hogei metrora basurde bat edo azeri bat egon daiteke, oso garbi daukana zu hor zaudela, entzun edo usaindu egin zaituelako. Eta zuk ez duzu igarri ere egin haiek hor daudela.

Eta hor, laginketa bat egiten ari zarela, zientzia poesia bihurtzen da.

Laginketa batean datuak jasotzeko uneak daude eta zain egoteko uneak daude. Pentsa, gauez laginketa bat egiten ari zarela putzu batean, ilargia ikusten duzu, inguratzen zaituzten usainak sumatzen dituzu, ilunpetan entzuten diren soinuak, igeltxo bati begira-begira zaude… Hori guztia datu zientifikoetatik harago jasotzeko gaitasuna badaukazu, poesia berez pizten da. Izan ere, finean, poesia hausnarketa bat da, esaldi motz bat, nahikoa dena.

Eta denbora ere behar da.

Bai, ezinbestekoa da. Isiltasuna, behaketa, denbora… guztiak dira izaera uzkur baten parte, dena da bat.

Pertsona beraren baitan zientzialaria eta poeta. Estereotipo asko hausten dira hor.

Urrezko aro bat bizi dugula uste dut. Estamentu zientifikotik eta sorkuntzaren estamentutik frogatu nahian ari dira zientziak eta letrak bereiztea sekulako ergelkeria dela. Burmuina bat eta bera da; izan daiteke batek gaitasun bat garatuagoa izatea bestea baino, baina bi gaitasunak ditu. Gero eta interes handiagoa dago zientzien eta letren eremua bateratzeko, biak bat direlako. Zientzialari asko izan dira idazle lanetan aritu izan direnak, nahiz eta akaso ez diren lan ezagunak. Kontrako bidea, zientzia egiten duen humanistarena, zailagoa da. Poesia sortu egiten da, analfabetoa izanda ere. Baina zientziak ezagutza eskatzen du, aurretiko jakintza bat. Hala ere, badira zientzia egiten duten humanistak ere, gero eta gehiago.