Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Entrevue
Jordina ARNAU
Kazetaria eta aholkularia

«Jendeari bere ahotsa topatzen lagundu nahi diot, norbanakotik kolektiboa eraldatzeko»

Kazetaria eta aholkularia da. Prozesuak laguntzen ditu komunikazio eraldatzailea eta lidergo berriak uztartuz. Urtebete darama eta fruitu ederrak ikusten ari da.

(Argazkiak: Gorka RUBIO FOKU)

Hiru alde ditu Jordina Arnauk orain dela urtebete abiatu zuen proiektuak: dibulgazioa, aholkularitza eta formazioa. Eraldatzeko komunikatzen du, feminismoaren eta giza eskubideen alde.

Kataluniarra da eta 2018 amaieran etorri zen Euskal Herrira. Segidan, minbiziak hankaz goiti paratu zion bizitza; bikote euskaldunarekin bizitzen jarri berria zen, langabezian zegoen, etxekoengandik urrun... Sendatu zenean, TV3ko berriemaile gisa aritu zen, lehenbizi Bilbon eta gero Katalunian. Iaz itzuli zen, Lasturreko baserri batera.

“Guia pràctica contra l'extrema dreta” (Eskuin muturraren aurkako gida praktikoa) liburua argitaratu zuen Alba Siderarekin, eta Euskal Herritik zer ekarpen egin zezakeen pentsatzen hasi zen, zerbait berea sortzeko gogoz. Hortik jaio zen Jordina Arnau marka.

Donostiako Egia auzoan elkartu gara berarekin. Kafe bat hartu dugu Teila Fabrikan duen coworking espazioan.

Nola eragin zuen minbiziak zure proiektua sortzean?

Topikoa eman dezake, baina bizitza berri bat hasi nuen. 27 urte nituen, autoesplorazio batean bularrean koskorra aurkitu nuenean. Ez nuen inoiz pentsatu goiz hiltzeko aukeran, eta bat-batean heriotzaren mamua aurrez aurre neukan. Bizitza uste baino aunitzez ere hauskorragoa dela ikusi nuen eta, jakina, lehentasunak aldatu nituen. Nire burua sakon ezagutu nuen. Izan Iñurri elkartean diogun bezala, jendarte kapitalista honetan zernahigatik ekoizteari uzten diozunean, gelditu eta ohartzen zara bizitza beste gauza asko dela. Baina gauza horiei ez diegu denborarik eskaintzen, gurpil-zoro itogarri batean gaudelako. Ariketa hori egin nuen: nola bizi nahi dut? Zer ekarpen egin nahi dut kazetari bezala? Jendeari bere ahotsa topatzen lagundu nahi diot, norbanakotik kolektiboa eraldatzeko. Ekintzaileekin lan egiten dut; onura handia egiten duten proiektuak dituzte, baina batzuetan komunikazioaren atala ahazten zaie, eta hori funtsezkoa da, ekarpena jendartera eramateko. Ezkerrak, eskuin muturraren aurrean edo osasun publikoaren defentsan, oso eskema klasikoan komunikatzen du. Nik uste dut komunikazioa eraldatu behar duela.

Urteak dira eskuin muturra munduan hedatzen ari dela. Euskal Herritik eta Kataluniatik, erakundeetan ordezkaritza txikiagoa izan duenez, kanpoan ikusten dugu mehatxua. Baina gero eta hurbilago dago, era berean.

Le Penen alderdiak alkatetzarik handiena Perpinyàn du, Katalunia iparraldeko hiriburuan. Valentzian PP-VOX gobernua daukagu, Balear Uharteetan PPren gobernua daukagu VOXen kanpo babesarekin... Eraso global erreakzionario eta autoritarioa aurrean dugu, eta horrek giza eskubideak babesten dituzten balioak nola komunikatu pentsatzera behartzen gaitu. Horretan zentratzen da nire lanaren parte bat: nola blindatu komunikazioa eta proiektuak olatu erreakzionarioari aitzin egiteko eta bizi duinekin amesteko, garbi izanik, pertsona batzuek ez dituztela besteek baino eskubide gehiago, eskuin muturrak horixe planteatzen baitu. Borroka itzela dugu, komunikatiboki bitarteko guztiekin jokatzen ari direlako: gezurrezko albisteak, egunkari digitalak, Think Tanks edo ideia laborategiak, puntako marketin adituak... Nazioarteko eskuin muturrak lotuta daudela ikusteko, agintarien txioak aztertzea besterik ez dago: Matteo Salvini, Santiago Abascal eta Marine Le Penek mezu mota berak erabiltzen dituzte gai beren inguruan. Horretaz jabetu behar dugu argazki osoa ikusteko.

Pertsona batzuek beldurra galdu diote arrazistak edo homofoboak direla aitortzeari.

Garrantzitsua da hauteskundeetan zein emaitza lortzen dituzten, baina garrantzitsuagoa da jendeak beren kontakizuna barneratzen duen ala ez. Beren diskurtso eta praktikak normalizatuz, desberdinkeria bultzatzen da. Normalizazio horrek ekarri ditu honaino. Demokrazian onartzen dira, antidemokratikoak izan arren. Bide demokratikoak erabiltzen dituzte sistema demokratikoa suntsitzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2021 eta 2022 artean %57 gorroto delitu gehiago eta %31 eraso homofobo gehiago erregistratu dira. Beraz, ordezkaritza instituzional txikia izatea ez da adierazle baliagarria desberdinkeria eta gorroto diskurtsoak nola hedatzen ari diren neurtzeko.

Gida praktikoan zein gako ematen dituzue?

Alba Sidera eta biok zortzi elkarrizketa egin genituen munduko hainbat tokitako jendearekin, nazioarteko fenomeno honen irakurketa oso bat izateko eta gai ugaritan duen eragina ikusteko: sare sozialak eta interneteko komunikazioa, antiarrazismoa, memoria historikoa, Kataluniako proces-a... Liburuaz harago, ikertzen eta dibulgazio lana egiten jarraitu dut. Marina Garciarekin gida bat egin dut. Bertan, azpimarratzen dugu erresistentziarako funtsezkoa dela komunitateak jostea. Frogatua dago komunitatea dagoen lekuan askoz nekezagoa dela gorrotoaren eta desberdinkeriaren diskurtsoa barneratzea. Fake new edo gezurrezko albiste batekin datorrenari aurre egingo diotelako, benetako arazoa mahai gainean jarriz: “Zein da arazoa, kanpotik etorri denak lana kendu dizula ala bizi baldintza ezin okerragoetan bizi zarela?” Denontzako etxebizitzen aldeko sindikatuak, osasun publikoaren aldeko plataformak... Espazio horietan komunitatearen beharrak defendatzen dira, eta ohartzen zara langile klasekook arazo eta borroka berberak ditugula: baldintza duinak nahi ditugu lasai eta gustura bizitzeko.

Hortaz, komunitate horiek sortzea aldarrikatzen dugu, eta, norbanako gisa, urteko 365 egunetan antifaxismoa praktikatzea. “Antifa” edo antifaxista kontzeptua muturrekoa da imajinario kolektiboan: kaputxadun pertsona bat, oso Berlingoa. Eta hori memoria historiko faltaren ondorio da, hein batean. Estatu espainiarrean nahita sustatutako memoria historiko falta bat dago, trantsizioa izan denaren kontakizun faltsu bat, eta horrek eragiten du sarri faxista eta antifaxista maila berean jartzea. Biktimak eta erasotzaileak konparatzea bezala da. Antifaxista kontzeptuari berriro heldu, eta gutako bakoitza subjektu politiko aktibo bat dela ulertu behar dugu. Supermerkatuko ilaran, tabernan, familiarekin hizketan, lagun taldean, eskolan, lantokian... antifaxismoa praktika dezakegu edozein diskriminazioren aurrean, indiferente ez izanez. Pedagogia asko egin dezakegu, eta mugak ongi blindatu. Egunerokotik harago, elkarteek aliatuen mapa bat egin dezakete, elkarrekin estrategiak pentsatu. Eskubideak blindatu ezean, atzera egingo dugu, indarkeria matxista ez aitortzeraino. Estatu espainoleko inkestek diotenez, 15 eta 29 urte arteko bost lagunetik batek indarkeria matxista asmakizun ideologiko bat dela uste du.

Kontatu zer den zure proiektuan egiten duzuna.

Kazetari gisa, “infoxifikazio” garai honetan, dibulgazio lana egiten dut, hitzaldiak emanez. Adibidez, gorroto diskurtsoei nola aurre egin azaltzen dut, nola eraldatu komunikazioa jendarte justu eta parekide baten alde. Osasun komunitarioaren bidez ere bai: Izan Iñurrirekin, adibidez, nola ahaldundu minbizia pasatzen ari diren pertsonak. Proiektuaren bigarren partea formazioa da. Bizipen eta esperientzietan oinarrituta lan egiten dut, mugiaraziz. “Agur, iruzurgile” ikastaroan, adibidez, iruzurgilearen sindromea identifikatu, eta pertsona bakoitzak eraldatzeko duen boterea aktibatzen saiatzen naiz. Beste ikastaro batean, lidergo eraldatzaileen gakoak ematen ditut. Lidergo eredu maskulinizatu bat egon da, buruan ditugun lider tipikoena: gizonezkoa, nagusia, bertikalki jokatzen duena, helburuak baloratzen dituena baina ez hainbeste prozesuak, emozioak ekuaziotik kentzen dituena... Beste aldean dago pertsonak eta prozesuak erdian jartzen dituen eredua. “Kozinatu zure ahotsa” ikastaroa ere badut. Pertsona bakoitzak gure ahotsa dugu, gure komunikatzeko modua. Sukaldearen esperientziaren bidez, zein osagai ditugun ikusten dugu, eta nola egiten ditugun etapa bakoitzerako balio diguten errezetak, komunikatzeko garaian, gure balioekin eta bizitzako zutabeekin konektatuz. Egitasmoaren hirugarren partea aholkularitza da. Proiektu propio zein kolektiboei bideratuta dago. Instituzioekin ere ari naiz lanean. Zein oinarri dituzten eta nola komunikatzen duten aztertzen dugu. Batzuetan oso argi dugu zer egiten dugun, baina ez dakigu nola erakutsi ahalmen guztia. Ahots propioak pizten laguntzen dudala esatea gustatzen zait, proiektuak sortzen dituzten pertsonen ahotsak, benetako balioa erakusteko, neurrira egindako komunikazio batekin. Komunikazioak eraldatzeko ahalmen izugarria du. Ez zaigu iruditzen, baina komunikazioari balioa ematen diogunean, ez ditugu aldaketa indibidualak bakarrik lortzen, sozialak ere lortzen ditugu. Jendarteari ekarpena egiten dioten ahots askorekin lan egiten dugulako. Kontzientziak aktibatzen direnean, aliantza indartsuak sortzen direlako. Hor dago aldaketaren hurrengo fasea: epe luzekoa eta egiturazkoa.

Komunikazio politikoan ere asko aritzen naiz. Ezker zabal eta transbertsalenean aldaketak gertatzea nahi dut, pertsonekin konektatuko duten komunikatzeko modu berriak landuz. Martxan jarri behar dugu eta ikusi egin behar dugu nola komunikatzen ditugun aldaketak, desioak, programa politikoak... Mundu askoren artean aritzen naiz. Bere proiektua abiatu berri duen ekintzaile batekin ari naiz orain; eroso, gustura, libre sentitu nahi du, komunikatuz eta eraldatuz. Eta parte instituzional eta politikoagoarekin ere ari naiz lanean. Bereziki motibatzen nau mundu ezberdinen artean ibiltze honek, eraldaketaren erraietan nabilelako.

Urte bat daramazu egitasmoarekin. Gustura al zaude erantzunarekin?

Oso pozik nago. Jendearen konfiantza handia jaso dut. Laguntzen ari naizen prozesuak, komunikazio eraldatzailea eta lidergo berriak uztartuz, emaitza oso onak eta azkarrak ematen ari dira. Motibagarria da hori. Sarri beldurrarekin hasten ditugu prozesuak, blokeoekin, nahasita, mugekin; eta hori dena motibazio, ekintza eta batez ere poz bihurtzen dugu, komunika dezakegulako zer, nola eta zergatik azaldu. Norbere errezetak eta ahotsak egiten du posible inspiratzea, konektatzea, edo gaitzespena eragitea. Zure ahotsa da jendearengana iristea, inpaktua eragitea eta eraldatzea ahalbidetuko dizuna; edo kontrakoa, murruak eta arbuioa eragingo dituena, edo jendeak ikusi ere egingo ez duena.

Lehenbiziko urratsa autoezagutza da.

Bai, beti esaten dut edozein formazio tailerretan, edozein akonpainamendu espazio edo aholkularitzatan, ezin dugula inoren ahotsa lantzen hasi bere zutabeak presente izan gabe: nor den, nondik datorren, zein puntutan dagoen, zein alde indartsu dituen, zertan egiten duen distira, zerk motibatzen duen, zerk entxufatzen duen bizitzara... Zein muga dituen ere begiratu behar da, identifikatuta izateko, ezingo ditugulako muga guztiak disimulatu; presente izan behar ditugula uste dut eta, aldatu ezin baditugu, onartu. Beldurrak, traumak, frustrazioak, bizitzan dauden momentu gogorrak. Zutabe bitalak eta puntu hauskorrenak, biak dira ezinbestekoak errekonozimendu ariketa honetan, ehuneko ehun zurekin konektatzen duten estrategiak sortu ahal izateko.

Garrantzitsua da arlo profesionalean zure bizitzako unea eta desioak ere kontuan izatea. Ezin ditugu alde profesionala eta bizitza banandu. Bi arloak batu behar ditugu. Horrek ikuspegi feminista du abiapuntu: bizitzak erdian jartzea. Sozialki emakumeekin egiten dut lan, lidergo, negozio eta ekintzaile ereduak oso-oso patriarkalak izan direlako orain arte. Zorionez, molde horiek puskatzen ari gara.

Proiektuaren bertze parte inportante bat lider berriak elkartzea da.

Momentuz Katalunian bakarrik egiten ari naiz, baina Euskal Herrian ere probatzeko asmoa dut. Garrantzitsua da lider inkonformista eta konprometituok elkar errekonozitzea, partekatzea eta soluzioak bilatzea. Batek pasatu duenak besteari balio izaten ahal dio. Badira erreferenteak, baina gehiago erakutsi behar ditugu, eta topaketa eraldatzaile hauek sortu. Nahiz eta arlo oso-oso ezberdinetan jardun, zuzentzeko, aurre egiteko, lantaldeak kudeatzeko eta komunikatzeko orduan ditugun arazo, beldur eta erronkak uste baino antzekoagoak dira. Hortaz, oso indartsua da sinergiak sortzen ikustea. Batasunetik etortzen da eraldaketa. Hobeto eta gehiago bizitzearekin konprometitutako liderrak elkarlanean aritzen dira.

Zein ezaugarri dituzte lider eraldatzaile hauek?

Lehena, autoezagutza bultzatzea da: argi izatea nor garen, zein unetan gauden eta zer nahi dugun benetan. Ondotik, amets handiak egitea ahalbidetu behar du: emakume gisa, sarri mugatu digute noraino irits gaitezkeen, eta horrek eragina du gure ametsetan. Beste ezaugarri bat helburu eta plan zehatzak egitea da, baina malgutasunez, bizitza eta arlo profesionala batuz. Lidergo mota honek autozaintza sustatzen du. Ez dago eraldatzerik eta era baikor eta aberasgarrian zuzentzerik, gure burua eta ingurukoak zaindu gabe. Lider hauek begirada zabala dute, beren zilborretik harago doaz, eta aktualitatea aztertzen dute, lantaldea kontuan hartuz: zein joera dauden, zein duten ondoan, zein sinergia sor ditzaketen... Laguntza eskatu eta elkarlanean aritzen dira, badakitelako sare horiek lidergoa indartzen eta talentua handitzen dutela. Emozioak eta prozesuak aintzat hartzen dituzte. Gozatu, bizi eta xedeak lortzen dituzte emaitzatik harago erreparatuz. Gehiago eta hobeto bizi gaitezke, kontzienteago. Gelditu eta pentsatzea eskatzen du horrek; eta gutxi egiten dugu hori. Nik proiektuak sakonki birplanteatzea sustatzen dut. Kontzientziak aktibatzen saiatzen naiz, aldaketak pizten. Proiektuak aztertzen ditugu, nondik eta zergatik egiten ari garen eta nola plazaratzen dugun begiratuz. Errealitate eta eredu berriak sortzen, erakusten eta elkarbanatzen ditugu. Eta horrek bizitza pertsonal zein profesionalerako balio du.

Kontatu gehiago Izan Iñurri elkartean egiten duzuenaz.

Izan Iñurri elkarteak akonpainamendua, formazioa eta dibulgazioa egiten du minbiziaren inguruan, feminismoaren eta ahalduntzearen ikuspegitik. Osasuna ospitaleetatik askoz harago doala aldarrikatzen dugu, minbizia dutenentzat arreta askoz holistikoagoa eskatzen dugu, elikadura, psikologia, sexologia, eta orain osasun publikotik kanpo dauden hainbat erreminta barne hartuko dituena. Osasun publikoaren zerbitzuak handitzea aldarrikatzen dugu. Lan handia dugu minbizia normalizatzen, denok dugulako norbait inguruan izan duena, duena edo izango duena. Guretzat oso inportantea da tabutik, aurreiritzitik eta epaiketatik ez bizitzea, eta minbizian bizi egiten dela aldarrikatzea. Pena begiradak deuseztu nahi ditugu, minbizia duten pertsonak ahaldundu; bizitzeko eta gozatzeko eskubidea dute prozesu purtzil honen barruan. Baina zuri-beltzean margotzen badugu, pelikula dramatikoen gisa, are latzagoa da. Inurri sare bat da, poliki-poliki elkar laguntzen dugu, bata bestearen erreferente gara, eta elkarrekin egiten dugu irri zein negar. Eskubide gehiago eskatzen ditugu, medikuarenera joan eta “ez duzu ezer” esatea ekiditeko. Hortik, podcasta eta bideopodcastaren ideia; Argia Saria irabazi genuen. “Hil arte bizi”, “dena aldatzen da”... esaldi baikorrak erabiltzen ditugu, baina punkagoak gara pink baino.