PANPINAK ARTZINIEGAN

Mariquita Perez eta are zaharragoetatik Bratz gazteetara, osagarri eta guzti

Santxotena Museo-Tailerrean, artelanen ondoan, “Nostalgia baten iratzartzea” bildumak mila panpina baino gehiago ditu ikusgai. XIX. mendekokoak, Barbie edota Nancy ezagunen ondoan. Haiei begira suma daiteke oroitzapenen emozioa, elitismoa edo arrazismoa darion mundu bat... gizartearen erreprodukzio bat.

Xabier Santxotena eta Teresa Lafragua, 1.052 panpina ale biltzen dituen erakusketan.
Xabier Santxotena eta Teresa Lafragua, 1.052 panpina ale biltzen dituen erakusketan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Mila panpina baino gehiago daude ikusgai Santxotena Tailer-Museoan, Artziniegan, zer gogoratu, zer begiratu eta zer pentsatu ematen duen erakusketan. “Nostalgia baten iratzartzea” du izena, eta hori izango da, ziurrenik, bisitarien artean gehien errepikatzen den sentimendua. Baina panpina horiek askoz gauza gehiago esaten dute, ikusiko dugunez.

Duela bi urte hasi zen panpinen abentura Teresa Lafraguarentzat eta Xabier Santxotena eskultorearentzat. Artziniegako tailer museoan artistaren sormen lanaren zati bat dago, ez dena. Artistaren lanak Artziniegako espazioaren eta Bozateko Parke-Museoaren (Arizkun) artean daude banatuta. Artziniegakoan -sormen prozesuari oso lotuta- zurezko piezak elkarrekin bizi dira forma, garai eta material ezberdinetako ehunka panpinarekin.

Mundu osoko aleak daude, zurak sortzen duen epeltasunaz eta «sentsualitateaz» inguratuta. Kalkulatu dute ordu eta erdia behar dela bisita osatzeko, baina kontuan hartuta eduki biak ikusgai daudela -eskultorearen sormen lana eta mila panpina horien bilduma- bisita luzatu daiteke. Komeni da, beraz, denboraz joatea. Beste detaile bat: nahiko ohikoa omen da panpinak ikustera joan eta zurezko pieza horiekin maitemintzea. Eta ez da harritzekoa; ikusi besterik ez dago.

Erakusketa irailaren 17an itxiko da, baina edizio berriak izango ditu eta datak apur bat luzatzearen aukera ere ez dago guztiz itxita. Printzipioz, 17a izango da azken eguna. Larunbatetan, 11.00etatik 14.00etara eta 16.30etik 19.30era egoten da zabalik. Igandeetan, goizez soilik, 11.00etatik 14.00etara. Ordutegi horretatik kanpo, taldeentzako erreserbak egiteko aukera dago, aurretik deituta.

Artziniegako hiriburutik gertu, errepide ondoan dagoen Santxotena Tailer-Museoaren atea jo du GAUR8k nostalgia iratzartze hori dastatzeko, eta mundu bat aurkitu du museoaren buru diren Teresa Lafragua eta Xabier Santxotenaren eskutik. Egia da, lehen kolpe batean, oroitzapen olatu bat eragiten duela bildumak; aurpegi ezagun asko daude panpina horien artean. Fokua apur bat zabalduz, berriz, harrigarria da zenbat informazio gordetzen duten.

Izen propiorik -edo, behintzat, izen ezagunik- ez duten zaharrenen artean Mariquita Perez eta Juanin bikotea daude (1938. urtean sortuak), baita denboran gertuago ditugun Nancy ezagunak (1968an sortuak eta oraindik ere ekoizten direnak), Nenucoak, Barriguitak, Barbie-ak edota begi handietako Bratz gazteak, besteak beste.

Atrezzo ezberdinak

Espazio eta atrezzo ezberdinekin, ezagunenen artean hamaika detaile erakusten ditu bildumak jantzien eta osagarrien atalean. Ez dira panpinak ikusgai dauden bakarrak, jostailu “karrikotxeak”, aulkiak, bainuontziak, jantzitegiak, sehaskak, sukaldetxoak, zalditxoak, trizikloak, idazmahaiak, autoak... Haurtzaroan eduki ala ez, bilduma horretan ez dago bisitariari ezaguna egiten ez zaion jostailurik. Panpinen gurditxoen artean, 45 urte baino gehiago dituztenak daude, ehun urte baino gehiagoko zalditxoak...

Lafragua eta Santxotenarekin egin dugu bisita eta ez dugu bakarrik panpinez hitz egin. Gai asko sortu dira: materialak, jantziak, osagarriak, jatorriak, anekdotak, merkatu horren nondik norakoak..., baita historia eta istorioak ere. Arduradun biek aitortu dute asko ikasi dutela, erakusketa honekin, panpinen inguruko munduaz, «hau mundu bat delako», Lafraguak nabarmendu duenez.

XIX. mendeko panpina eta Martinikakoa. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Historiaren atalean sakonduta, Lafraguak azaldu du era batera edo bestera betidanik jolastu dela, eta panpinak jolasen elementu zentrala izan direla. Elitismoz inguratuta egon ziren denbora luzean, hamarkadetan zehar panpinak bezalako jostailuak familia dirudunentzat gordeta baitzeuden.

Historian murgilduta, antzinako datuak ere aurkitu ditugu. Horren inguruan, adibide modura bi aipamen egin ditu: «Egipton agertutako marrazkitxoak zituen taula bat», eta Katalunian egindako aurkikuntza. «Egiptokoak zeramikazko borlatxoak zituen; horrekin lurperatzen zituzten haurrak eta ondorengo bizitzan izan behar zuten neskamea zen», azaldu du artziniegarrak. «Eta garai erromanikoan, Tarragonan, marfilezko panpina artikulagarri bat dago; urrezko hariak ere aurkitu ziren, soinekoari dagozkionak».

Azken 50 urteetan sortutako panpinei erreparatuta ere agerikoak dira diseinuaren aldetik izandako aldaketak. Urrunera joan gabe, modelo garaikide batzuen irudian sartutakoak bistakoak dira, eta adibide zehatz bat jarri du: «Nancy-ak berak; hasierako modeloek ez dute zerikusirik geroago sortutakoekin».

Antzina, bataioetako gonbidatuei, almendrekin batera, panpina bat oparitzeko ohitura zegoen. Garai hartako ale bat da. Zeramikazkoa da eta 80-90 urte ditu. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Bildumako panpinarik zaharrena XIX. mendearen bukaerakoa da. Urte askorik ez duen baina garaiko itxura duen gurditxo batean dago, Martinikatik ekarritako panpina baten ondoan -erakusketan ikus daitekeen beltz bakarrenetakoa, nahiz eta halakoak bilatu bilatu dituzten-.

Panpinek modaz hitz egiten dute, «garaiko jantziak dituzte», eta zenbait kasutan orduko aktoreek eta artistek jantzitako modeloak ere erreproduzitzen dituzte. Arrazismoaz ere hitz egiten dute, aipatu duenez. Milatik gora panpinen artean, esan bezala, beltz gutxi batzuk baino ez daude, eta horien bila aritu dira. Horietako batzuk Barriguita ezagunaren taldean daude; beltz berri bat dago, denda batean aurkitutakoa, «oraindik ere saltzen baitituzte», baina beltz zaharra ere badago, bisitari batek ekarrita.

Zaharrena, harri-kartoizkoa

Zaharrena harri-kartoizko panpina da. Materialen atala beste mundu bat da. Lafraguak eta Santxotenak azaldu dutenez, zaharrenen artean ohikoena da harri-kartoia aurkitzea, baita zeramika, oihala edota bakelita eta zeluloidea ere.

Bakelita joan den mendearen hasieran sortutako polimeroa da. «Zaharragoa da zeluloidearen erabilera -beste polimero plastiko bat-; material horrekin egindako panpina txikiak daude, baina kontua da sukoia dela, eta bero iturri batera hurbilduz gero, arriskutsuak zirela, eta gainera, desegiten zirela», azaldu du. Bakelitaren kasuan, arazoa zen, eroriz gero, panpinak apur zitezkeela.

Antzerako hauskortasuna zuten harri-kartoizkoek. Bisitetan izan dituzte horrekin lotutako kontakizunak: «Behin adineko andre bat panpina bati begira geratu zen eta nabaritu nuen kopeta ilundu zitzaiola; pentsatu nuen oroitzapen txarren bat ekarriko ziola. Bera hasi zitzaidan hitz egiten. ’Hori bezalako panpina bat izan nuen nik, baina kalean utzi nuen eta euriarekin desegin zen; panpinarik gabe geratu nintzen’, kontatu zidan». «Gero, plastikoa heldu zen eta harekin booma iritsi zen, bukatu zen elitismoa», dio Lafraguak joan den mendearen erdialdeaz geroztik panpinek izandako hedapena nabarmentzeko.

Barbien bildumako zenbait ale (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Plastikoaren hedapenarekin hauskortasun hori desagertu egin zen, neurri handi batean: «Plastikoarekin ohituta gaude; alegia, neba edo arreba batek burua aterata ere konpon zitezkeen panpina horiekin. Baina zaharragoak, aldiz, kontu handiz zaindu behar ziren, bakarra izan zenezakeelako eta panpinarik gabe geratzen zinelako».

Materialez gain, oihalen kalitateak eta jantziek erakusten duten artisau-lanak aparteko kapitulu baterako ematen dute. Panpina zahar askoren arropek, kalitate handiko oihalekin eginda egoteaz gain, eskuz egindako lan zorrotza erakusten dute. Jaunartzeetako panpinen artean ikus daiteke, esaterako. Horiei buruzko atal bat ere bada; 80 urteko bat dago, eta Teresa Lafraguari oparitutakoa ere ikusgai daudenetako bat da.

Kasu batzuetan panpinek dituzten soinekoak neskatoek jantzi zituztenen erreplikak dira, eta berea horren adibidea da, Teresa Lafraguak zehaztu duenez. Kontuan hartu behar da, bestalde, panpina horiek oso opari berezia zirela ziur aski beste oparirik ez zegoen garaian. «Panpina orain oparietako bat da, baina lehen oparia zen, bakarra», gogoratu du.

Nancy berria ez da lehengoa

Nancy ezagunera itzulita, panpinen diseinuak izandako garapena azpimarratu du Lafraguak: «Janzteko arropak erosten ari naiz, eta ikusten da aldea; oraingoek ipurdia dute, bularra... Hemen badaude 60ko hamarkadakoak, 70ekoak, eta 80ko hamarkadakoetara heltzen gara eta, gorputzaz gain, aurpegia ere aldatu da: botox-ezko muturtxoak, ordezko betileak dituzte...».

Atalei begiratuta, Estatuko erkidegoetako jantzi tipikoetako ale multzo bat dago. Horien arropen lan zorrotza ere aipatu du: «55 urte dituzten panpinak dira, jantzi tipikoak dituzte, eskuz egindakoak, eta benetakoen kopia zehatzak dira, osagarri guztiekin».

Juanin eta Mariquita Perez ezagunak. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Bildumako zaharrenetakoa da esku artean hartu duen txiki bat. Zeramikaz egina, bataioetan gonbidatuen artean banatzen zituzten halakoak, almendrez beteriko boltsatxo batekin. Ez oso urrun, soldaduskako panpinak daude, garai batean soldaduska egiten zutenek familiari, lagunei... bidali ohi zizkietenak.

Ikusgai dauden aleak museoarenak dira, eta horien artean doaintza batzuk daude. «Behin neskato bat etorri zen erakusketa ikustera eta amarekin itzuli zen gero, panpina multzo batekin; amak kontatu zigunez, ganbarara joan zen eta hankaz gora jarri zuen dena panpinak aurkitu eta guri ekartzeko», kontatu du Lafraguak.

Anekdoten liburuan negarrez agertzen den portzelanazko panpina dago, besteak beste. «Opari bat izan zen; txikitan oso negartia zen norbaiti oparitu zioten», azaldu du Teresa Lafraguak.

Bistakoa da ikusgai dauden panpina gehienen atzean istorio bat dagoela. Santxotenak eta Lafraguak adierazi digutenez, hainbat pertsona hurreratu zaizkie bilduma handitzeko aleak eskaintzen, baina nondik irteten dira hainbeste panpina? Nora jo behar da ale bereziak lortzeko?

Brokanteak, antigoalekoak...

Panpina zaharren atzean dagoen merkatua izugarria da, museoaren bi arduradunen hitzetan. Hainbat espaziotara jotzen dute, hain zuzen, ale berrien bila. Estatu frantseseko zenbait merkatutan aurkitutakoa helarazten dien lagun bat dute, eta hemen, Bilbon bertan, antigoalekoen bilgarriak kentzeko espazioan hornitu dira. Lafraguak dioenez, bigarren eskuko produktuen salerosketatarako Wallapop bezalako aplikazioak ere nahiko eraginkorrak dira ale bereziak eskuratzeko, baina antigoalekoen azoka du gogokoena. Lehen batera botatzen zuten dena, eta orain standetan agertzen da.

Prezioak askotarikoak izan daitezkeela aipatu du Lafraguak. Erakusketan bertan zenbait bildumagile ezagutu dituzte: «Ezagutu dugu panpinak zorro berezian bilduta etorri den jendea, eta ordaindutako prezioez esan digute 600 edo mila eurotik gora ere ordain daitezkeela zenbait Nancyrengatik, adibidez.

Batzuetan egoera kaskarrean gelditzen dira ale asko eta horrek ere bere prozesua eskatzen du, «kontu handiz garbitu behar baitira».

Negar egiten duen portzelanazko bat azpian, Frantziako beste ale batekin (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Ile naturala duten panpinak ere badaude, orrazkera zehatz bat dutenak ere bai, eta hori guztia zaindu egin behar da ikusgai jartzeko. «Ilea xanpuarekin garbitzen diet, eta batzuen ile-kiribilak kontserbatzeko, atzamarrekin bildu eta urkilak jartzen dizkiet, jatorrizko orrazkera kontserbatzeko, baina horrek guztiak denbora eskatzen du».

Bisitaren bukaeran, tonboletan famatu egin zen Chochonaren ale bi erakutsi ditu Lafraguak, prestaketa prozesutik oraindik pasatu ez direnak. Behin garbituta eta behar bezala apainduta, beste ale bi izango ditu ikusgai bildumak.

 

«UKITZEA DEBEKATUTA EZ DUEN MUSEO BAKARRA»

Santxotena Tailer-Museoko panpinen bildumaren lekua jaiotzek beteko dute laster. Iraunkorra da, hala ere, Xabier Santxotena eskultorearen artelanen zirriborroen erakusketa. Sormen prozesua erakusteko jaioa, artistaren tailerra bertatik bertara ikusi eta haren azalpenak jasotzeko aukera ematen du. Agoten tradizioarekin lotuta, natura, historia, artea eta mitologia uztartzen dituen proiektuak Baztanen ditu erroak: Bozaten, zehazki. Bertan, Santxotena Museo-Parkea bisitatu daiteke.