Andoni URBISTONDO

Julen Elorza, mendiko lasterketen bideogilea

Julen Elorza (Arrasate, 1986) pertsona ezaguna da mendi lasterketen munduan. 2017an Zegama-Aizkorri mendi maratoiko bideo ikusgarria ekoitzi zuen, eta horrek nazioarteko proben atea ireki zion parez pare. Iaz zale askoren begietan iltzatuta geratu den bideo ikusgarria osatu zuen, hau ere Zegama aintzat hartuz (128.000 ikustaldi). Mendia eta jendearen emozioak guztion begietara eramaten dituen artista da Julen.

Julen Elorza, Arrasaten egindako elkarrizketan, atzean horren kuttuna duen Udalatx mendia duela.
Julen Elorza, Arrasaten egindako elkarrizketan, atzean horren kuttuna duen Udalatx mendia duela. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Denboraren zurrunbiloak irentsi ditu Julen Elorzak Eskoriatzan Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zueneko garaiak. Kanadan bi urte eman zituen bidaiatzen, lanean eta ingelesa ikasten, eta azken zazpi urteak Madrilen eman ditu, postprodukzio master bat egiten eta Javier Morgade-rekin lankidetzan; maisu handia izan da Morgade Elorzarentzat. Donostia eta Arrasate artean dabil azken aldian, etxe inguruan dabilenean. Gutxi ibiltzen baita. Azken sei urteetan Outdoor munduan, aisialdi bideo ekoizpenean aritu da, Munduko Kopako mendi lasterketak (Skyrunner World Series) eta Salomon, Black Diamond, Merrell eta beste marka batzuentzako edukiak sortzen. Mendiaren inguruan, beti: erreportajeak, dokumentalak… Gorbeia Suzien lasterketako bideoak ekoizten aritu zen pasa den astean, eta neguari begira, beste eduki batzuk lantzen hasiko da.

Gure jardunean izaten dira sarri bizitzaren, egunerokoaren norabidea errotik aldatzen duten egunak. Elorzaren kasuan 2017ko udaberrian izan zen, Zegama-Aizkorri mendi maratoiko bideo bat ekoitzi zuenean: «Zaleen izpiritua, emozioak biltzeko asmoz ekoitzi nuen, eta bideoa Skyrunning-eko federazioak ikusi zuen. Asko gustatu zitzaien, nonbait, eta 2018an federazio horretako bideoen arduradun hasi nintzen lanean», dio Elorzak. Inflexio puntua izan zen: «2019an zirkuituko 16 lasterketetako bideoak ekoitzi nituen, highlights edo unerik onenen bideo bat, lehiaketa egunean bertan: irudiak grabatu, editatu eta sareratu».

Arrasatekoak bizkar gain lan hori hartu baino lehen astebete pasatzen zuten bideoak aireratzeko. Elorza hasi zenean, egun berean edo biharamunean. Iraultza handi samarra izan zen aldaketa hori, eta orduz geroztik halatsu egiten dira bideoak mendiko lasterketetan. Elorzaren ahotan, «egun normaltzat hartzen da halakoak egitea, futbolean eta beste berehala ikusten ditugulako partiden laburpenak». Mendiko lasterketetan, baina, prozesua zeharo ezberdina omen da: «Leku ezberdinetara joan behar duzu denbora tarte txikian, gure estadioa oso handia da, askoz material gehiago behar duzu, azkar editatu, eta futbolean dagoen baliabide eta dirurik gabe».

Elorzak berak ekoizten duen produktua erabat integrala dela nabarmentzen du: «Dena egiten duen ekoizlea naiz. Ondo gogoan dut Aitor Arregi maisuak, Moriartiko zuzendariak, Eskoriatzako eskolan esan zizkidanak: alegia, etorkizuna ekoizle mota horiena izango zela. Iltzatuta geratu zitzaidan esan hura». Zer da, bada, ˝todoterreno˝ izatea? Honatx, erantzuna: “Zer grabatu, non, nola, material guztia berrikusi, irudi onenak editatu eta bideoa aireratu. Fase guztiak duintasunez lantzea».

Elorza, «La Gara» dokumentala grabatzen Italian, Kima lasterketan. (Hillary GERARDI)

Prozesua, halere, grabazioa baino askoz lehenago hasten da bideogilearentzat: «Atariko produkzioa da gakoa. Lasterketa batek toki teknikoak baditu, horiek grabatu behar dituzu. Musika ere funtsezkoa da, emozioak transmititzeko. Lasterketako antolatzaileek jendeak lasterketa horretan egon behar duela sentitzea nahi eta eskatzen dute». Grabazioa ere, noski, oso garrantzitsua omen da: «Droneak erabiltzen ditut, ginbal kamera egonkortzeko gailua, irteera eta helmugan egoten ahalegindu, korrikalarien atzetik korrika egin…».

Bildutako material guztia batzea, koordinatzea da Elorzaren buruko minen iturri. «Sarri bizpahiru pertsona aritzen gara irudiak grabatzen, GoPro kamerak ere ematen dizkiet lagun edo boluntarioei. Agian zazpi-zortzi orduko materiala daukat, behin grabazioak bukatuta, eta hiru minutuko laburpena egin behar duzu: grafismoa egin behar dut, irudiak koloreztatu, soinua…». Estres handia pilatzen omen da: «Buruz akabatu egiten zaitu post-ekoizpenak: ze irudi aukeratu, zein ez, eta fisikoki jota zaudenean, zikin-zikin, aurretik 3-4 orduko lan nekeza duzula jakitun…». Hori bai, behin bideoa egiten denean (txurroa hitza erabiltzen du), sentsazioa itzela omen da: «Zer esanik ez ekoitzitako bideoa gustatzen bazaizu».

Gorbeia Suzien lasterketan halatsu ibili zen bideogilea, pasa den astean: «Ahalik eta toki gehienetan egoten saiatu nintzen: mendian bi tokitan, eta hasieran eta helmugan. Irteera eta bukaera ezinbestekoak dira, eta ziurtatu egin behar dituzu. Mendian akaso grabatu dezakezu, edo ez, baldintza asko baitaude. Faktore asko sartzen dira jokoan».

Lasterketa gertutik jarraitzea atsegin du Elorzak, azkarrenengandik gertu ibili, eta tranpatxoren bat edo beste egin omen zuen Zeanuri aldean: «Batzuetan antolatzaileek motorrean, edo orotariko autoan eramaten naute toki batera edo bestera. Hala egingo ez banu, ezingo nuke irudi on-onik grabatu toki askotan. Suitzan eta Italian helikopteroan mugitzea beharrezkoa izaten da batzuetan segurtasuna bermatzeko». Elorza lasterketa egiten den tokira bi egun lehenago iristen saiatzen da, ibilbidearen scouting edo ikuskatzea egiteko, eta antolatzaileek promozio bideoren bat ekoiztea eskatzen badiote, hura egiteko.

Droneen iraultza

Elorza bideogile kontsideratzen da (filmmaker ingelesez). Irudiak ezinbestekoak direla dio: «Irudiari pisu handia ematen diot, eta egun, droneekin, zeharo aldatu da mendia erakusteko modua». Dronea, noski, gainean eraman behar du Julenek. Beste gauza asko bezala: «7-8 bat kilo denera, motxilan». Eta pisu horrekin lasterketa zati batzuk korrikalariekin egiten ditu: «Ez daukat haien gaitasun fisikoa, baina kilometro bat edo beste egin dezaket haien atzetik». Droneaz gain, ginbal gailua ere eramaten du, bi kilokoa: «Horrekin korrika azkar ezin duzu tarte handirik egin». Ginbal-ari esker, slow motion edo planoak geldoago ikus daitezke, irudi ikusgarriak benetan. Optika, lente onak ere behar dira, eta horiek hausteko arriskua handia omen da, «sarri jausten naizelako».

Korrikalari baten jarraipena egiten Matterhorn Ultraks Extreme lasterketan, Suitzan (David CARLIER)

Materialean diru dezente inbertitu du Elorzak: «Aintzat hartu materiala ia urtero aldatu behar izaten dudala, erabileragatik edo lurrera jausi zaidalako. Drone batek bakarrik 3.000 euro pasa balio du». Eskozian eta Costa Rican droneak galdu eta haiek bilatzen ordu luzeak pasatakoa da Arrasatekoa. Teknologia ere azkar hobetzen ari da, «eta buruhauste handi samarra da urtero materiala zertan berritu erabakitzea».

Duintasunez bizi da Elorza, baina lan asko egitearen truke: «Mendi maratoien mundua oso prekarioa da, beste kirol batzuekin alderatuta. Jende gutxi gabiltza komunikazio lan integrala egiten, eta horri esker duintasunez bizi naiz: grabatu egiten dut, editatu, grafismoa landu, dronea gidatu… Lau pertsonen lana egiten dut kasu batzuetan, ez dagoelako lau pertsonen lana ordaintzeko diru nahikorik. Gauza asko batera egiteko gai naizela esango nuke, eta azkar ibiliz mendian. Horrek ahalbidetzen du duintasunez jardutea».

Urteen joan-etorrian dirua sartzen ari da mendi maratoien munduan, baina korrikalari profesionalak, hortaz bizi direnak, 100-200 baino gutxiago dira. «Komunikazioa funtsezkoa da hazkunde horretan, babesleek ikusgarritasuna eskatzen dutelako. Eta irudirik gabe, irudi onik gabe, jai dago». Kontraesanak bizi izan ditu sarri bideogileak alor horretan: «Logela eta jana ordainduak ditut, batzuetan, baina proban parte hartu behar duen korrikalari profesionalek ez, akaso. Euskal Herrian alor horretan erreferente garela esango nuke, Mendi federazioaren urteetako laguntzari esker lanean duintasunez aritzeko aukera dugulako».

Diruaren sarrerarekin, mendiko lehiaketen egoera hobetzen ari da etengabe. «Lehen marka pare bat zeuden, orain 15 bat badaude, oso potenteak. Milaka lasterketa daude, eta oso zaila da maila ze lasterketetan dagoen jakitea. Kilian Jornetek esaten duen moduan, gaur egun mundu guztia da Munduko Txapeldun. Alegia, ezin dela jakin non korritzen duten onenek».

Bi zirkuitu daude egun, paraleloak, baina maratoi munduan, munduko lasterketa onena gurean daukagula dio garbi Elorzak: Zegama-Aizkorri. Ultra distantzian Chamonix-eko UTMB da ezagunena. «Lasterketa baino feria bat bilakatu da egun, babesle benetan indartsuak sartu baitira».

«Zegama milagro bat da»

Sona 2017an Zegama-Aizkorri maratoiaren inguruan egindako bideo batekin lortu zuen Elorzak, baina bere puntu gorena iazko udaberrian lortu zuen: 128.000 ikustaldi batu zituen ekoizpenarekin, eta honek ere Zegama-Aizkorri ardatz. «Bideo berezia izan zen, pandemiaren osteko lehena, eta jende xumearen, korrikalarien emozioak bildu eta erakusteko asmoz ekoitzi nuen». Mikel Laboaren Txoria Txori abestia erabiltzeko baimena lortu zuten, eta Salomon markarentzat egin zuen bideoa. Ramon agertzen da, Zegama-Aizkorri mendi maratoiko boluntarioa, probak sentiarazten dizkionak azaltzen.

Salomon UltraPirineu lasterketa grabatzen, Katalunian (Guillem CASANOVA)

Elorzak miresmena sentitzen du Zegama-Aizkorri mendi maratoiarekiko: «Milagro bat da. Nongoa naizen galdetzen didatenean Basque Country esaten dut. Ez baldin badakite, close to Zegama esaten dut, Zegama ondokoa, eta hor jada jendeak badaki nongoa naizen. Akaso izena sinplea delako da, edo jendearen izaeragatik; Kilian Jornetek eman dion bultzada ere aintzat hartu behar da, 10 urtetan irabazi eta gero… Honelako herritxo batek halako oihartzuna izatea mendi lasterketen munduan eta onenak urtero bertan batzea sekulakoa da».

Erreferente bilakatu direla dio Elorzak, euren hasierako printzipioak eta azpiegitura xumea mantenduz. «Ez sinesteko modukoa da herrian, mendi magaletan biltzen den jendetza: 3.000, 4.000 lagun… Hori ez da inon ikusten, Italiako lasterketaren batean hurbiltzen dira pixka bat, akaso, baina oso urrun. Aizkorri Euskal Herri erdian dago, eta leku askotatik hurbiltzen da jendea. Nire lasterketa kuttunena da Zegama, dudarik gabe, etxekoarekin batera: Arrasatetik Udalatxera igotzen den lasterketa, Mondraitz elkarteak antolatua».

Udazkenak lehen ostikadak jo dituen honetan, Elorzak kamerari eta beste tramankuluei atseden pixka bat emango die laster, udaberriak berriro aireportuetako egonaldi luzeak, mendi irteerak eta grabazio egun nekagarriak bueltan ekarri bitartean. Orduan mendi lasterketek jende guztia berdintzen dutela erakusten saiatuko da berriro. «Irteeran denak berdinak dira, bai elite mailakoak, baita amateurrak ere. Zortea baldin baduzu, Kilian Jornet-en ondoan abiatuko zara, eta horrek sekulako sentsazioa izan behar du korrikalari arruntarentzat. Beste kiroletan ez da hori gertatzen, eta irudi horiek bildu ahal izatea oso polita da niretzat».

Ez pentsa negu ilunean Elorza bera geldirik geratuko denik: «Ez, ez. Erronka asko ditut. Agian nire storytelling-a gehiago landu nahi nuke (ikuslea erakartzeko komunikazio teknika, mezu edo ideia jakin bat transmititzeko istorioak sortuz). Ez bakarrik mendia eta aisialdiaren inguruan. Kutsu sozialeko gaiak lantzea gustatuko litzaidake, jendea protagonista den ekoizpenak. Uda aroan nahikoa denbora eman dut dagoeneko bakarrik mendian, eta neguan jendearekin denbora gehiago eman nahi nuke».