Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Joseba Asiron eta EH Bildu, gure Jerusalemgo altxorrak

Asiron, Joseba Asiron izango da Iruñeko alkate berria. Gure Jerusalemek, gure Hiri Nagusiak, agintean izango du berriz euskalduna eta abertzalea den figura maitatua. Zumea eta makila, bietan jarrai. «Gora Euskadi!» esan ala «Gora Nafarroa!» esan, gauzak berdin. Nafarroa «etorriko da», «sartuko da gero» eta horrelakoak entzutean ez dugu jada sufrituko. Adio trauma askori, agur euskal anai-arreben arteko etsaitasun mingarri eta eramanezin askori. Nafarroa ez zelako, ez delako, inora joan behar; egotea eta izatea, besterik ez zaiolako egokitzen.

Asiron alkate izatea ez da Iruñeko kontua, ezta Nafarroako politikagintza hutsa eta EH Bildu-PSN akordio soila ere. Asiron denon alkatea da, euskaldun eta abertzale garen guztiona. Izan lehorreko ala itsasaldeko, mendialdeko ala lautadako, hiriko edo herriko, gazte edo zahar, eme edo ar. Hori da eta hori baino gehiago ere bada: larreostia bat, Euskal Herriarentzat mugarri bat, gure politikarako argia. Sentimendu abertzaleen, sinbologiaren indar ezkutu eta agerikoen eztanda frenetikoa da, gure herriaren memoriaren kondentsazioa. Perspektiban eta balorean jarri beharrekoa, nondik gatozen eta nora goazen erakusgarri, aitzakiarik gabe ospatu beharrekoa da.

Sekulako marka da EH Bildu, sekulako marka egin du. Sekulako estrategia azkarra landu du. Baina estrategia orok bere kontra-estrategia du, ahazten eta barkatzen ez duten etsaiek hor jarraitzen dutelako, Nafarroan, Madrilen, edo Bilbon. Iraganeko eskemak eta gatazkak beste bitarteko batzuekin jarraitzeko, jende oso interesatua dagoelako. Historia berridazteko interesa dutenak, iraganeko erroak eta irakasgaiak jendeak ez ulertzen saiatzen direnak, iragan jakin bat izan dutenek etorkizun bat izatea ezinezkoa dela pentsaraziz. Eta saiatu dira EH Bilduren bazterketan; hori izango da euren jokoa, zaharra bezain oraingoa.

Alferrik! Eraso egingo diote Asironi eta EH Bilduri. Saiatuko dira banatzen, frustrazioak sortzen. Baina ez dira zepoan eroriko, ez dira eraman nahi lituzketen bidetik joango. Zenbat eta eraso gehiago, orduan eta indar eta boto gehiago lortzen da, eta konpromiso eta ardura handiagoz jardun. Ezustekoek eta eragozpenek ez dituzte ernegatuko, ez dira marmartien kuadrillako kide bilakatuko. Lan asko dagoelako egiteko, borroka pilo bat borrokatzeko, jende gehiago behar delako, herritarren kezkak interpretatu eta aurreikuspenekin konektatzea izango dute desafioa.

Urek ezkerreko abertzaleen komunitate antolatuaren dikeak aspaldi gainditu zituzten. Asiron adibide, ikasi du pazientea izaten, une egokia itxaroten, estrategikoki pentsatzen, funtsezko funtsean kontzentratzen. Etorkizunari begira, kezkak eta nahi eta ezinak ezkutatzeke, baikor eta positibo izateko arrazoiak hor dira. Non ginen eta non gauden begiratuta, aldaketa erradikala ikusten dut, aurreikuspen handi-handiak. Asironekin, edo Otxandianorekin, gure alkate eta zinegotzi kategorikoak ikusita, ohartzen naiz harrobia badagoela, talentua erruz dakartela, energia eta gaitasun berriak, zapore herritarra. Jendeak EH Bildu aldaketarako aukera bezala ikusten duela, serioa eta konprometitua. Askorentzat aukera bakarra da, eta batzuentzat, azken esperantza. Eutsi egin behar zaio izate harro zoragarri horri. •