Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Beti hor daudenak

Beti hor daudenak, hor daude beti. Baina beti hor egoteak arrisku bat duela uste dut, «betikoa» bihurtzea. Eta betikoari ez diogu baliorik ematen. «Betiko leloaren betiko leloa», belarri batetik sartu eta bestetik atera. Aurrera begira joaten gara, atzera begiratzeko beharrik sentitu gabe, badakigulako beti hor daudenak hor egongo direla gero ere. Eta bitartean, segi aurrera, itzalean daudenekin ahaztuta; gogoratuko gara behar ditugunean.

Bizitzaren esparru askotan gertatzen da. Nerabearentzat gurasoen aholkuak eta esanak “txapa” hutsa dira. Askotan, gurasoek esaten dutenaren kontrakoa egitea da araua. Total, egoera aldrebestuz gero, konponduko dute gurasoek.

Betiko ile-apaintzaileari ere egokitzen zaizkio egoera traketsak. Beste baten guraizeen esanetara jarri eta emaitzarekin atsekabetuta gerturatzen zaizkion betiko bezeroen kasua, adibidez. «Konponduko didazu egin didaten triskantza? Probatzera joan naiz eta...».

Badira urteak eta hamarkadak kausa baten alde edo beste baten kontra herritarrak lanean ari direla. Komunikabideetan matraka ematea da beren merituaren parte bat, baina, askotan, «betikoak» bihurtzen dira eta apenas egiten zaien kasurik.

Alderantziz, badira beti kausa baten ondoan dauden komunikabideak. Noizbait borroka hori modako bihurtzen bada eta ezohiko komunikabideetan oihartzuna lortzen badu, bada arriskua beti inguruan izan diren kazetariak zerrendan azkenak izatekoa.

Badira edozein ekitalditan aritzeko prest dauden aurkezleak, bertsolariak, abeslariak, dantzariak... auzokoak, herrikoak; beti prest laguntzeko. Gerta daiteke ekitaldi horrek bestelako tamaina hartzea eta orduan, betikoei beharrean, beste batzuei esatea dantzatzeko, kantatzeko, bertsotan egiteko... Zerbaitek sona hartzen duenean, “betikoek” prestigio nahikorik emango ez baliote bezala.

Ez dakit jendartearen joera naturala ote den beti hor daudenak lausotzea, «betikoen» tiraderan sartzea eta beharra dagoenean bakarrik -antsiaz- zabaltzea kaxoia. Akaso justuagoa, osasuntsuagoa eta eraginkorragoa da tiradera irekita eta bistan edukitzea. •