Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

«Kanpaina pasatakoa da»

Umeak ginela, ez zen oso ohikoa gizonezkoek belarritakoak erabiltzea. Gure izeba batek mutil-laguna ekarri zuen baserrira aitonak ezagutu zezan -izebaren aitak-. Sukaldeko mahaian eserita zegoen aitona, hamaiketakoa egiten, eta gu inguruan. Izeba eta belarritakodun mutil gazte hura agertu ziren sukaldeko atera, sartu edo ez sartu. Erreparoa ematen zien eta guri horrek sekulako grazia egiten zigun. «Atte, hau Aitor da». «Eseri hadi mahaian, jango duk zeozer». Hori zen gure aitonak jendea agurtzeko zuen modua; bere mahaian tokia eta mokadu bat eskaintzea, jaten den bitartean ez delako asko hitz egin behar edo. Izeba eta mutil-laguna joan zirenean, aitonak bihurri esan zigun, «mutila behintzat kanpaina pasatakoa da».

Baserriko behiek ere kanpaina pasa behar izaten zuten, gaixotasun jakin batzuk ez zituztela eta osasuntsu zeudela ziurtatzeko. Sano zeudenei belarrian txapa bat jartzen zien albaitariak, belarritako baten antzera. Eta aitonak mutil gazte hura belarritakoarekin ikusitakoan okurrentzia horixe bota zuen umorez, sikiera kanpaina pasatakoa zela eta sano zegoela mutila.

Kanpaina guretzako hori zen, albaitariaren bisita hasieran eta aitonaren txistea gero. Geroztik, zenbat kanpaina pasatakoak ote garen, hauteskunde kanpainak, alegia. Testuinguru horretan, kanpaina hitzak grazia baino nagia sortzen dit. Eta, tarteka, haserrea eta asaldura.

Oraintxe hasi den honetarako pazientzia beharko dugu, astakeriak dezente entzungo ditugulakoan nago eta. Politikariei patxada eta seriotasuna eskatuko nieke, zintzotasuna eta erantzukizuna. Hau ez da etsai porrokatuen arteko futbol partida ero bat; berdinketa ez da penaltietan erabakiko. Jokoan dagoena herri baten eta bertako herritarren bizitzen nolakotasuna da. Eta kanpaina pasatako herri osasuntsu eta zoriontsu bat eraikitzea ardura handiko egitekoa da, lelo burutsuetan kabitzen ez den tamainako ardura. •